Hondakin edukiontzietan biniloak jartzeko lehiaketa antolatu du udalak
Udalerrian hondakinen murrizketa sustatzea eta edukiontzien estetika hobetzea dira Sukarrietako Udalak finkatu dituen helburuetako batzuk. Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 5a [eguena] izango da.
Sukarrietako Udalak udalerriko hondakin edukiontzietan jartzeko biniloak diseinatzeko lehiaketa abiarazi du. Hala, parte hartu gura dutenek beira, papera, organikoa, olioak eta gainerakoak biltzeko edukiontzietan jartzeko biniloak diseinatu beharko dituzte.
Udaletik azaldu dutenez, ekimen honek lau helburu nagusi ditu: lehenengoa, udalerrian hondakinen murrizketa sustatzea: “Bai etxeko jatorrian, bai amaierako tratamenduan”. Bestetik, edukiontzien estetika hobetzea, eta hiri ingurunean eta landa ingurunean hobeto integratzea; hirugarrena, hondakinen bereizketa eta ekonomia zirkularra sustatzea da. Laugarren helburuari dagokionez, “ingurumenarekiko errespetuaren kultura” sustatzea bilatu nahi dute.
Parte hartzaileak.
Lehiaketan “edozein pertsona fisikok” parte hartu ahal izango du, eta norberaren izenean egingo da beti: “Ez dira onartuko ez pentsana juridikoen eskaerak, ez bestelako pertsonifikazioak, ez enpresaburu indibidualek aurkeztutako eskaerak”. Modu berean, hiru pertsona fisikok osatutako taldeek parte hartu ahal izango dutela iragarri dute.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 5ean [eguena] bukatuko da, eta horiek bai paperezko formatuan, bai telematikoki aurkeztu ahal izango dira. Zehaztu dutenez, diseinua paperezko formatuan aurkeztuz gero, bi gutun azal aurkeztu entregatu beharko dira, kanpoaldean biniloen goiburu edo izenburua jarrita; lehenengoan euskarri digitala egongo da —jpeg edo tiff formatuan—, A4 formatuan inprimatutako biniloagaz batera. Bigarren gutun-azalean, berriz, egilearen identifikazio eta kontaktu datuak aurkeztuko dira. Diseinua telematikoki aurkeztu nahi dutenek, bestalde, bi artxibo bereizi erantsi beharko dituzte.
Proposamenen ezaugarriak.
Lehiakide bakoitzak “bi lan mota” aurkeztu ahal izango ditu: lan globala —bost biniloen serie bat barne hartzen duena— edo banakako bost lan, edukiontzi bakoitzerako bat.
Era berean, lanek “originalak eta argitaratu gabeak” izan beaharko dutela zehaztu dute: “Lan horiek ez dute, ez osorik ez zati batea, beste artista batzuen lanen edozein euskarri, denbora eta komunikabidetan edo plagiotan argitaratutako lanen kopiarik ekarriko”. Lanen betekizunei dagokienez, diseinuek edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota utzi behar den ulertzen lagundu beharko du, eta horretarako, irudiak eta marrazkiak erabiliko dira, lehentasunez: “Testua sartuz gero, irakurketa errezekoa izango da eta formatu elebidunean idatziko da, euskaratik gaztelaniara”. Kolore-kodeak ere errespetatu egin beharko dira.
Azaldu dutenez, lanen balorazioa egiteko kalitate artistikoa —berrikuntza, sormena eta adierazkortasuna—, helburuetara egokitzea eta diseinua eta editatzeko eta erreproduzitzeko erreztasuna dira epaimahaiak kontuan hartuko dituenak. Lehiaketaren oinarri eta xehetasun gehiago udalaren web orrialdean daude eskuragarri.
Sariak.
Lehiaketako lan irabazleek saria jasoko dute, eta zehaztu dutenez, bat baino gehiago egongo dira. Lehenengo saria “kalitate handieneko bost biniloko sorta” onenari emango diote: 1.000 euro. Sari hori edukiontzi guztietarako lanak aurkeztu dituztenek soilik jaso ahal izango dute: “Lan osoa sarituko da”. Bestealde, bost bigarren sari egongo dira: edukiontzi-kategoria bakoitzeko bat. Sari bakoitza 100 eurokoa izango da.
Biniloen lehiaketara aurkezteagaz batera, parte hartzaileek lan irabazlearen jabetza intelektualeko eskubideak “oso-osorik” Sukarrietako Udalaren esku uztea onartuko dute, “hark libreki erabili, erreproduzitu eta sektore publikoko ente, organismo eta entitateak erabili eta erreproduzitzeko baimena eman ahal izango du”. Saririk jaso ez duten lanak, berriz, egileek jaso beharko dituzte sariak banatu eta hilabeteko epean. Epe horretan udalean lanak jasotzen ez dituzten pertsonek beraien lanaren jabetzari uko egiten diotela ulertuko dela azaldu dute.