Andoni Ortuzar: "Gure ardura bakarra da euskal interesak defendatzea"
Sabino Aranaren heriotzaren 121. urteurrena gogoratzeko ekitaldian batu dira jeltzaleak, Sukarrietan.
Alderdi jeltzalearen sortzaile Sabino Arana gogoratzeko ekitaldia egin zuen EAJ-PNVk atzo [azaroak 24]. 1903ko azaroaren 25ean hil zen Arana, eta urtero legez, mezaz eta hilerriko aurreskuaz eta lore eskaintzaz gain, ekitaldi politikoa egin zuten Sukarrietan.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Imanol Pradales Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta eskualdeko alderdikideak egon ziren, besteak beste, baina, Herrialde Buru Batzar eratu berrietako ordezkariek bereganatu zuten arreta, batik bat: Iñigo Ansola (Bizkai Buru Batzarra), Maria Eugenia Arrizabalaga (Gipuzkoa Buru Batzarra), Jone Berriozabal (Araba Buru Batzarra) ,Pantxoa Bimboire Haritschelar (Ipar Buru Batzarra), eta Unai Hualde (Napar Buru Batzarra). Hala, kargua utzi duten burukideei esker ona adierazi zien Ortuzarrek, Jose Antonio Susori, Itxaso Atutxari, Joseba Egibarri eta Peio Etxelekuri aipamen berezia eginez.
Orain, berriz, martxoaren 29 eta 30ean Donostian egingo duten Batzar Nagusirako prozesuari heltzea dagokie. Urrian hasita, “ekintza politiko, ekonomiko, sozial, munduarekiko harreman eta antolakuntzako ildoak” markatuko dituzten bost dokumentu nagusiak prestatzen aritu dira taldeekin. EBBk abenduaren 9an eztabaidatu eta bere egingo ditu agiri horiek, eta une horretan Uri Erakundeetara bidaliko ditu, alderdikideek agiriok aztertu eta zuzendu ditzaten, beharrezkotzat jotzen badute. Urtarrilaren 20an hasiko da EBBren presidentea eta zortzi aberri burukide proposatzeko lehen hautespen aldia: “Bere sasoian esan nuen bezala, lehenengo eta behin, proiektua eta erakundea. Ondoren datoz pertsonak, aberri mailako erantzukizun gorenetik”. EBBrako aukeratuko dituzten bederatzi kargu horiek proiektua eta erakundea “martxan jarri” beharko dituztela gogoratu zuen: “Eman dezagu daukagun onena, Donostiatik EAJren bertsiorik onena atera dadin: alderdi indartua, batua eta ideia argiekin, Euskadi aurrera eraman dezagun aberrigintzaren eta herrigintzaren bidean. Konbentzituta nago ondo egiten jakingo dugula, eta Donostian udaberri berria hasiko dela alderdiarentzat eta Euskadirentzat”.
Bestalde, eguerdiko ekitaldian, azkenaldian Madrilen gertatzen ari denarekiko “kezkatuta” dagoela esan zuen Ortuzarrek: “PP eta Vox-en aldetik egiten zen eraso sistematikoarekin nahikoa izango ez balitz, orain Espainiako Gobernuaren ustezko kideak beren jarrera politikoak muturreko posizioetara eramaten ari dira, beren adierazpen eta exijentzien tonua altxatuz”. Horrek ez duela “ezer onik ekarriko” zehaztu zuen: “Asteon ikusi dugu, ia ia amildegiraino iritsi baitira”. EBBaren buruaren ustez, ez da bakoitzaren asmo gorenetara iritsi nahian ibiltzeko momentua, baizik eta gutxieneko oinarri bat lortzekoa, “legealdiak bere bidetik jarrai dezan eta benetan behar direnak atera daitezen”. Adierazpen “oldarkor” gutxiago eta akordioa eta adostasuna lortzeko “lan gehiago” egiteko unea dela nabarmendu zuen. Gasteizen eta Madrilen presentzia instituzional “handiena” dutela-eta, “gauzak ondo atera daitezen”, bietan ere tentu handiz eta irmotasunez lan egin beharko dutela esan zuen: “Abisu bat guztientzat, inork pentsatzen badu EAJ, Madrilen eta estatuan egonkortasunari eusteagatik, gauza guztietara makurtuko dela, jakin beza EAJ Euskadiren zerbitzura baino ez dagoela. Eta, Euskadiren interesak Espainiako jardunaren kontra badaude, edo beste kideek eginiko proposamenen kontra daudela ikusten badu, EAJk horren arabera jardun, eta bozkatuko du, beldurrik edo konplexurik gabe. Gure ardura bakarra da euskal interesak defendatzea”.
Urtero moduan, Sandinderi herri plataformoek EAJko ordezkarien bisita aprobetxatu zuten euren aldarrikapenak kalera ateratzeko. Udaletxe aurrean eta autobus geralekuan elkarretaratzeetan bildu ziren, “Abiña Sukarrieta dela” adierazteko.