Katalin Deunaren jaiak, ohitura eta gastronomia uztartuta
Bakailao Txapelketan elkartu dira gaur [azaroak 23] mundakarrak. Aurkeztu diren hamar kazuelen artean Jon Larrucea eta Fernando Beistegirena izan dute gustukoen epaileek.
Katalin Deunaren jaietan murgilduta daude mundakarrak. Aurreko zapatuan [azaroak 16] Mendi Martxagaz eman zioten hasiera ospakizunei, eta astelehenera arte jai giroa izango dute nagusi udalerriko kaleetan. Atzo Mundakako Abesbatzaren emanaldiagaz gozatu zuten, eta gaur gastronomia eduki dute ospakizunen erdigunean. Izan ere, gaur [azaroak 23], goizeko lehenengo ordutik kalera atera dira mundakarrak; Bakailao Txapelketa hartu du gaur udalerriak, eta sukaldari ausartenak goizetik aritu dira lanean plazako arkuan.Ā
Haizea ezusteko gonbidatu izan badute ere, gogotsu eta giro onean aritu dira plazan elkartu diren herritarrak. Jose Mari Egileor Txistu Taldekoek, gainera, musikaz bete du plaza, sukaldatzen edota jan-edanean ibili direnen gozamenetako. Aurten 10 kazuela izan dira lehiaketara aukeztu direnak, eta guztiek jaso dute saria.Ā
Sukaldariek lana bukatu eta kazolak aurkeztuta, Josepa Kale Kale taldea arduratu da poteoa girotzeaz. Hala, plaza epaimahaiak bere erabakia noiz emango zain zeuden herritarrez bete da. Egitauari jarraiki, 14:00ak inguruan eman dute epaimahaikideek epaia: bakailaorik gozoena Jon Larrucea eta Fernando Beistegirena izan da. Irabazleek guztiz hunkituta jaso dituzte sariak: 80 euro, atun poteak, sukalderako tresneria, hiru pertsonarentzako bazkari baterako bonoa, janari otzara bat, ardo botilak, bonboiak. Sorne Rubio Mundakako alkateak jantzi die txapela gaurko sukaldari onenei.Ā
Sari banaketa bukatuta, bakoitzak bere kazuela batu eta sukaldatutakoa jateko aprobetxatu dute herritarrek. Egunak asko du oraindik emateko Mundakan: 21:00etatik aurrera Elortegi Anaiak taldeak hartuko du jaia girotzearen ardura. Jarraian, The Ke taldea mundakarraren kontzertuagaz biribilduko dute eguna.
Bi egun aurretik.Ā Gaurkoaren ostean, egun lasaia izango dute mundakarrek bihar. Etzi, Katalin Deunaren egunean berriz, ospakizunak eta aldarrikapenak bat egingo dute. Izan ere, jaiei Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko ekimenak gehituko zaizkie.Ā
Eguerdian Katalin Deunaren ermitan meza entzuteko elkartuko dira herritarrak, eta ondoren, Egunsenti Dantza Taldeak herriari zuzendutako aurreskua dantzatuko du. Iluntzean, berriz, Azaroak 25eko urteroko elkarretaratzeaĀ manifestazioagaz osatuko dute; 18:00etan abiatuko dira Santa Katalina plazarotxik, eta plazarainoko ibilbidea egingo dute. Bertan, elkarretaratzean bilduko dira, 18:45ean.Ā