Dantza eta giro ona bermatuta, Elai Alai Egunean
Elai Alai Dantza Taldeak Elai Alai Eguna ospatu du gaur. Agurra eta aurreskua dantzatuta, talde bazkariagaz eta erromeriagaz biribilduko dute eguna.
Beste urte batez, dantzari eta dantzari ohiak elkartu ditu Gernikako Elai Alai Dantza Taldearen Elai Alai Egunak. Urte luzez egin bezala, gaurkoan ere egun guztiko egitarauaz gozatuko dute elkartekideek: ez dira musika, dantza eta giro ona faltako. Elai Alai plaza izan dute lehenego topaleku, 12:30ean, eguneko lehenengo dantzarako. Bertan, Andra Mari elizari, eta dantza taldeari zein plazari izena ematen dion plakari begira, Agurra dantzatu dute.
Jarraian, talde argazkia atera eta Merkuriorainoko bidea hartu dute, txistu eta danbolin hotsek lagunduta. Bertan, dantzariek Lekeitioko Aurreskua, Jota eta Arin-Arina dantzatu dituzte, beraiek ikustera gertutatu diren herritarren gozamenerako.
Dantza emanaldia bukatuta ere, dantza eta jai giroaz gozatzeko gogoa erakutsi dute dantzariek. Hala, eguerdian indarrak batu eta egunagaz jarraitzeko talde bazkarian elkartuko dira. Arratsalde zein iluntzean, dantzarako duten grin hori kalera aterako dute, kalez kale ariko baitira erromeria ibiltarian, eguna goi-goitik bukatzeko gogoz.