Hogeita bost aldiz Azaroak 25, aldarri berdinekin
Emakumeek pairatzen duten indarkeria matxistak salatzeko eta «ardurak hartzeko unea» dela aldarrikatuko dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Emakundek emandako datuen arabera, 6.513 salaketa erregistratu ziren iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Egutegian morez nabarmendutako eguna da astelehenekoa. 1960ko azaroaren 25ean, torturatu, bortxatu eta erailak izan ziren Miraval ahizpak, emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokaren ikur bilakatuz. Ondorioz, 1999an Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 25a emakumeenganako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko egun legez aldarrikatu zuen. Egun, 25 urte geroago, indarrak batu eta herri eta hiriak askatasun oihu eta aldarriz betetzeko hitzordua da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunekoa.
Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean, egunerokoan “erabat normalizatuta” dauden eraso, bortxaketa, beldur eta erailketak salatzeko, mobilizatzeko deialdia zabaldu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: “Sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honek forma berriak hartzen ditu, bizirauten jarraitzeko”.
Sexu indarkeriaren gorakada “kezkagarria” dela azpimarratu dute: “Indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, komunikabideetan egiten den indarkeria matxista kasuen trataera bortitza, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoa ez dira kasu isolatuak”.
Aldaketak urte askotan zehar “berdinak” izan dira, “zoritxarrez aldaketak oso motel” datozelako. Hala, “indarkeria ugari” badira ere, erroa “bakarra” dela nabarmendu dute: “Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue. Zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete”. Beraz, “ardurak hartzeko unea” dela aldarrikatu dute.
Ukazioa geldiarazi.
Indarkeria matxista geldiarazteko bidean, “geroz eta ugariagoak” diren indarkeria matxista “hutsaltzen” duten diskurtsoei aurre egitean jarri du fokua Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gizpuzkoako aldundiekin eta Eudelekin batera bultzatutako kanpainan. Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko lelopean, indarkeria ukatzen duten esaldiak bildu dituzte; “Indarkeriak ez du generorik”, “Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da“… Esaldi horiei datuekin erantzuten diete: emakumeenganako indarkeriagatik 6.513 salaketa erregistratu ziren 2023an Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Indarkeria Matxistaren Behatokiaren arabera, 2004az geroztik Bizkaian 34 emakume izan dira erailak, eta 37k hilketa saiakera jasan dute.
Berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean gazteek duten «protagonismoa» nabarmendu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Zehaztu duenez, “gazte gehienek” emakume eta gizonen arteko “berdintasunean sinisten dute, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde” daude. Horregatik, ukapen mezuak nondik datozen identifikatzea garrantzitsua dela argitu du, gazteengan eta gizartean “eraginik izan ez dezaten” baliabideak izateko.
Gazteekin “beharrezkoa” den aliantza egitearen alde agertu da Trinidad Vicente Bizkaiko Berdintasun zuzendaria: “Berdintasun eza eta indarkeria matxista ukatu beharrean, berdintasunezko eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eskatzeko kalera aterako gara, gazteriarekin”.
Eusko Jaurlaritzak, adierazpen instituzionalaren bitartez, indarkeria matxistaren “adierazpen guztiak gaitzetsi”, eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du, “etorkizuneko belaunaldi berriei” begira. “Eusko Jaurlaritzak badaki berdintasunaren aurrerapenei erantzun, eta euskal herritar gehienek aurrera egiten jarraitu nahi dutela indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz”, gehitu dute, etorkizunekoa «berdintasunaren belaunaldia” izatea nahi dutela nabarmenduta.
Feminismoaren eta berdintasunaren aurrerapenen aurrean, “mundu mailako erreakzio” baten aurrean gaudela azaldu dute, horrek misoginia “geroz eta normalizatuagoa” izatea dakarrela zehazteagaz batera. Misoginia hori batez ere esparru digitalean ematen da, “gazteria hartzaile nagusia” izanik.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere gazteria izan du bere kanpainaren erdigunean, bereziki, “gizon gazteak”. Horretarako, red flag eta green flag —bandera gorria eta bandera berdea— kontzeptuak erabili dituzte, “gazteak sentsibilizatzeko”. Onartu behar denari edo ez denari buruz hitz egiteko erabiltzen diren terminoak erabili dituzte, publiko gaztearentzat pentsatutako ilustrazioekin batera.
Izan ere, esan dutenez, azken azterlanen arabera, gizon batzuek “geroz eta gaitzespen handiagoa” dute feminismoarekiko eta berdintasun arloko aurrerapenekiko: “Gizonezko gazteen artean eragin berezia izateko diseinatu da kanpaina”. Mugak azpimarratzeaz gain, gazteak “berdintasunaren aldeko aldaketa eragile” bihurtu nahi ditu aldundiak. Horretarako, “harreman osasuntsuak eta berdintasunezkoak modu positiboan eraikitzera” animatu dituzte.
Kanpaina herritarren artean kontzientzia pizteko balio dezaketen esaldiekin osatu dute. Alde batetik red flag edo mezu “salagarriak” bildu dituzte: “Aprobetxatu orain mozkortuta dagoela”; “edonori ematen dio like”… Horren aurrean, green flag-en alternatiba aurkezten dute: “Kontua alternatibak proposatzea da, bikote harremanak bizitzeko modu on horiek aitortzea”. “Ez da nirea, berarena da» edo «beste batzuekin barrez ari dela ikustea gustatzen zait” dira nabarmendu dituzten esaldietako batzuk.
EGITARAUA
BERMEO
Astelehena, azaroak 25.
11:00. Bermeoko Udalak antolatuta, eta herriko ikastetxeen parte hartzeagaz, ekitaldia, Goiko plazan.
19:00. Bermeoko Mugimendu Feministak, Diame eta Assalam emakume elkarteek deituta, elkarretaratzea, Taraskan.
BUSTURIA
Astelehena, azaroak 25.
19:00. Pelikula, kultur etxean.
Ondoren. Enkartelada, Altamirako plazan.
EA
Etzi.
18:30. Amatau pantailak Muxikako emakumeen antzerkia, Eskolondon.
Astelehena, azaroak 25.
18:30. Manifestazioa, Eako plazatik hasita.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Astelehena, azaroak 25.
18:00. Elkarretaratzea, kultur etxearen aurrealdean.
GERNIKA-LUMO
Gaur.
18:30. Sexu indarkeriaren kontra, zigor kodea ez da nahikoa hitzaldia, Beatriz Ilardia abokatu feministagaz, Elai Alai aretoan.
Bihar.
11:00. Defentsa fisikoko tailerra, Pasealekuan.
11:00. Korrika bira (7 kilometro), Pasealekutik.
Ostean. Pintxoak egongo dira.
12:30. Grafiti tailerra, Pasealekuan.
14:30. Bazkaria eta kafea Pasealekuan.
16:30. Indarkeria matxistaren kontrako herri apainketa masiboa.
Astelehena, azaroak 25.
18:30. Itaiak deituta, mobilizazioa Merkurion hasita.
19:00. Sare feministak deituta, manifestazioa, Merkuriotik, Umeenganako indarkeriaren aurrean, entzun eta entzun lelopean.
Domeka, abenduak 1.
12:30. Piztu! EmakumeON Energia Eidaberen familia ikuskizuna, Lizeo Antzokian.
IBARRANGELU
Astelehena, azaroak 25.
19:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
MUNDAKA
Astelehena, azaroak 25.
18:00. Manifestazioa kalez kale, Santa Katalina plazatxoan hasita, herriko plazaraino.
18:45. Elkarretaratzea, herriko plazan.
MUXIKA
Gaur.
19:00. Itzaliko bagina antzezlana, Ariatzako elizan.
NABARNIZ
Bihar.
18:30. Te doy mis ojos film emanaldia, helduentzat, Andra Mari elizan, doan.
Etzi.
13:30. Elkarretaratzea, Elexaldeko plazan.
SUKARRIETA
Astelehena, azaroak 25.
11:00. Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkarteak eta udalak deituta, elkarretaratzea, udaletxe aurrean.