Etorkizuneko lan aukerak ezagutuz
Gaztedi Busturialdeak antolatutako Berrikuntza eta Teknologia jardunaldiak eskualdeko 200 ikasle baino gehiago elkartu ditu Artza frontoian. Arratsaldean gazteei zuzendutako sei sormen tailer eskainiko dituzte.
Eskualdeko ikasleak beraien etorkizuna markatuko duten hezkuntza- eta lan-aukerak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute gaur goizean [azaroak 22], Bermeoko Artza udal frontoian. Gaztedi Busturialdeak antolatutako zientzia, teknologia, arte eta matematiketara bideratutako jakintza-arloei buruzko erakusketa teknologikoak 200 ikasletik gora bildu ditu.
Jardunaldiak gazteak “STEM, robotika eta adimen artifizialaren mundura bideratutako ikasketak eta etorkizunean egongo diren lanpostuetara” bideratzea izan du helburu. Azaldu dutenez, sarri pentsatu izan da horrelako gauzek ikusiteko “kanpora” joan beharra dagoela, horregatik informazio hori eskualdera ekarri nahi izan dute.
Hezkuntza-aukerak ezagutu.
Teknologia alorreko “gauza gehienek” gazteen atentzioa bereganatzen duela nabarmendu dute antolatzaileek. Hala ere, adimen artifizialarena oraindik ezagutzeke duten esparrua dela gehitu dute: “Adimen artifiziala diogunean Chat GPT eta antzelakoak ikusten dituzte, baina ez dakite lan mundura doazenean horri zer erabilera eman ahalko dien”. Horregatik, ikasleen “enplegugarritasuna hobetuko duen ekintza” legez antolatu dute jardunaldia: “Betiko lanak badakigu zeintzuk diren, baina gazteak etorriko direnak ikustea nahi genuen”, azaldu dute.
Goizean zehar gazteek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza-zentro ezberdinak ezagutzeko aukera eduki dute. Zentro bakoitzeko ordezkariek eskaintzen dituzten ikasketak azaldu dizkiete eta ikasleek edozein zalantza galdetzeko aukera eduki dute.
Era berean, “guztiz teknologikoa” izan den beste arlo batez ere gozatu dute bertaratutakoek. Izan ere, goranzko joeran ari diren teknologiekin esperimentatu ahal izan dute, erakusketa gune batean: errealitate birtuala eta areagotua, robot interaktiboak, domotika aplikatua, beso robotikoak eta adimen artifizialeko aplikazioak… Hala, etorkizunerako hezkuntza eta lan aukeren “alde praktikoa” ezagutu ahal izan dute.
Sormen tailerrak.
Goizean eskualdeko hezkuntza-zentroetatik bertaratu dira Artzara, eta arratsaldean nahi duenak libreki joan ahal izango du eskainiko dituzten sormen tailerretara. Azaldu dutenez sei tailer izango dituzte aukeran, eta bakoitza gehienez 12 kidez osatuta egongo da.
Eskainiko diren tailerren artean daude, besteak beste, Mugikorrarekin editatzeko teknika azkarrak, Nola erabili IAren tresnak sorkuntza artistikorako, 3Dko diseinua eta inprimaketa eta laser grabazioa edo Moda eta jasangarritasuna biomaterialekin. Hala, gazteek
arteari aplikatutako adimen artifiziala, mugikorren bidezko edizio azkarra, 3D inprimaketa, moda jasangarria, Unityren garapena eta ikusmen audioaktiboen sorkuntza bezalako gaietan sakontzeko aukera izango dute. “STEM arloan artea ere badago, eta ez dugu jardunaldia bakarrik adimen artifiziala eta robotikara bideratu nahi izan. Horregatik, artera bideratutako tailerra moda sorrerara bideratuta egongo da”, azaldu dute antolatzaileak.