Adinekoen bakardade ez hautatuari aurre egiteko programa sortu dute
Bermeoko Udalak Erdu Geugaz izeneko programa jarriko du martxan, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez. Datorren asteazkenean [azaroak 27] abiaraziko dute eta 12 saio izango ditu.
Bermeoko Udalak nahi ez den bakardadeari aurre egiteko programa bat jarriko du martxan, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez: Erdu Geugaz. Bakardadea azken urteetan gizartearen aldetik arreta handiagoa jasotzen ari den errealitatea dela azaldu dute, bizi itxaropena areagotzeagaz dakartzan aukerekin batera “arazo ezberdinak” agertzen direlako, “esaterako, bakardade sentimenduaren arazoa”.
“Gura ez den bakardadea osasun publikoko arazo bilakatu da eta XXI. mendeko epidemia izaten ari da”, adierazi du Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizateko zinegotziak. Azaldu duenez, Erdu Geugaz programarekin “komunitate inklusiboago bat” eraiki nahi dute, norbanako bakoitzak “konexio esanguratsuetarako leku, ahots eta espazio bat” izateko. “Elkarrekin, bakardadea inguratzen duen estigma atzean utzi, eta denok entzunda, ulertuta eta lagunduta sentituko garen etorkizunerantz jo dezakegu”, gehitu du Etxebarriak.
Bizitasunez bizitzen.
Adineko pertsonei eta beraien zaintzaileei programa psikosozialak eskaintzeko helburuagaz, Gizarte Ongizate Sailak Nagusiak Bizitasunak Bizitzenprograma abiarazi zuen duela hogei urte: “2004. urtetik pertsona nagusiekin menpekotasunari aurrea hartzeko programa ezberdinetan gabiltza: oso ezagunak diren Burua eta gorputza martxan eta estimulazio psikosozialari programa gehiago gehituz joan gara azken urteetan”, azaldu du Ramon Alberdi Asteinza Gizarte Ongizate Saileko zuzendariak.
Bide horretan “pauso bat gehiago” eman nahi izan dutela aipatu du Alderdik, eta hortik jaio da nagusiek nahi ez duten bakardadeari aurre egiteko programa pilotua. “Pertsona nagusien profila erabat aldatuz joan da azken urteotan, gero eta jende gehiago arin erretiratzen delako eta gero eta denbora libre gehiago dutelako. Kasu askotan, alarguntasunagatik edo betiko hartu-eman sozialak baztertuz joan direlako, pertsona nagusien bakardadea arazo bilakatu da”, azaldu du zuzendariak. Erdu Geugazen helburua adinekoen “bakardade ez hautatua edo isolamendu egoerak murriztea” da, inguruarekin harremanak izaten laguntzeagaz batera.
Datuen arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 65 urtetik gorako pertsonen %26,6a bakarrik sentitzen da, eta uste dute dituzten harremanak ez direla “nahikoak edo gura luketen bezain gertukoak”. Azaldu dutenez, horrek “eragin negatiboa” du, sufrimendua eta gaixotasunak eragin ditzakeelako: “OMEren arabera, osasun fisiko nahiz mentalaren narriadurarako arrazoi nagusia da eta adinekoek autonomia izaten jarraitzea zailtzen du”. Arazo horri aurre egitea asmoz sortu dute datorren astean hasiko den programa.
Gaitasun pertsonalak.
Gizarte Ongizate Saileko zuzendariak azaldu duenez, bakarrik sentitzen diren adinekoak harremanetan jarriko dituzte, elkargune bat sortuta: “Gaitasun pertsonak landuko dituzte eta herriko baliabideei eta horiek eskuratzeko moduari buruzko informazioa eman eta hurreratzen lagunduko da”. Horrez gain,”ibilaldi osasungarriak” ere antolatuko dituztela iragarri du, edukiak diseinatzerako momentuan parte hartzaileen ekarpenak ere kontutan hartuko direla nabarmentzeagaz batera.
Dagoeneko bakardade ez hautatuan dauden 25 pertsona identifikatuta dituztela adierazi dute, hautaketa definitiboa egiteke dagoela nabarmentzeagaz batera: “Datorren astean hasiko gara proiektu pilotoagaz, eta momentuz daudenekin hasiko gara. Jende gehitzen joango da, Bermeoko Osasun Zentroagaz harremanetan gaude eta hortik ere pertsona gehiago aukera izango dogu beti”.
Programak 12 saio izango ditu, eta parte hartzaileak astean behin elkartuko dira, Gizarte eta Kultura Etxean. Printzipioz hitzordua eguaztenetarako jarri dute, 12:30etik 13:30era, baina eguna eta ordua “parte hartzaileen arabera egokitzeko aukera” egongo dela zehaztu dute.
Edukiek ere aldaketak izan ditzaketen arren, saio bakoitzaren nondik norakoen berri ere eman dute; datu soziodemografikoak eta bakardade mailaren inguruko datuak bilduta ekingo diote datorren eguaztenean [azaroak 27] programari, eta hurrengo saioetan aldaketetara egokitzea eta berregituratze kognitiboa izango dituzte mintzagai. Programak aurrera egin ahala, gizarte gaitasunak, gogoko ekintzak, gorputza martxan programa eta gatazka eta oztopoak nola konpondu jorratuko dituzte. Bisitak ere ez dira faltako, besteak beste Demiku elkartera, liburutegira, musika eskolara edota Erroxape elkartera.