Eraso matxisten aurkako Puntu Seguruen Sarea osatu du Bermeoko Udalak
Bermeoko ostalari eta merkatariekin elkarlanean osatu duten sareak indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta euren ingurukoei "lehenengo momentuko babesa" ematea du helburu. Gaur egun 10 tabernari eta 24 merkatarik osatzen dute sarea.
Indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta euren ingurukoei babesa emateko asmoz, eta “herri seguruago bat” lortzeko bidean, Bermeoko Udalak eraso matxisten aurkako puntu seguruen sarea osatu du. Proiektua herriko ostalari eta merkatariekin elkarlanean gauzatu da; maiatzean ekin zioten prozesuari, eta geroztik gaur egungo sarea osatzen duten 10 tabernari eta 24 merkatariek formakuntza ezberdinak jaso dituzte.
Sarea osatzen duten tabernari eta merkatari guztiekin mapa bat osatu du udalak, eta jakinarazi dutenez, etxebizitza guztietara bidaliko da, “herritar guztiek eskuragarri izan dezaten”. Udal eraikinetan ere egongo dira, baita puntu seguru bezala identifikatuta dauden toki guztietan ere. Azaldu dutenez, sarearen parte direnek Eraso matxisten aurkako puntu segurua dioen pegatina identifikagarria izango dute.
Modu berean, ahalik eta herritar gehiengana iritsi asmoz, bideo bat ere egin dute, Arrigurik sortu duena. Bideoa gaur [azaroak 18] aurkeztu dute, eta gaurtik aurrera “sare ezberdinetatik” zabalduko dela iragarri dute.
Puntu babestuak.
Berdintasun zinegotzia den Arantza Ormazak azaldu duenez, puntu seguruak “edozein motatako indarkeria matxista” jasotzen duten pertsonei babesa emateko sortutako puntuak dira. Horrez gain, “eraso matxistarik gabeko puntu babestuak” ere badirela gehitu du. Adierazi duenez, helburua “gertuen daukaten konfiantzazko puntua” izatea da.
Sarea osatzen duten puntuetan eraso matxistaren bat jaso duen pertsonak lehenengo momentuko babesa jasotzeko aukera izango duela azpimarratu du: “Puntu seguruetan indarkaria matxista jasotzen duten pertsona eta beraien ingurukoei informazioa eta lehenengo arreta emango zaizkie, eta horregaz batera, profesionalengana bideratuko dira”. Pertsonen intimitatea errespetatuko dela gehitu du Haizea Ramos berdintasun teknikariak: “Herritarren egunerokotasunean gertuen dagoen ingurunea aktibatzea izan da helburua, beti ere intimitatea errespetatuz eta konfidentzialtasuna zainduta”.
Puntu seguruetako jabe eta langileek indarkeria matxistaren egoera baten aurrean laguntza emateko oinarrizko formakuntza jaso dute, eta “erasotua babesteko neurriak” ezagutu dituzte. Hala ere, puntu seguruetara informazioa jasotzera jotzen dutenek gero bestelako pausuak emateko “inolako konpromisorik” izango ez dutela nabarmendu du Ramosek: “Erabaki guztiak pertsona horrek hartuko ditu eta errespetatu egingo dira”.
Herri seguruago bat lortzeko bidean, udaleko langileek ere formakuntza jaso dutela azaldu dute, helburua Puntu Seguruen Sarea “udal eraikin publiko guztiekin osatzea” dela nabarmenduta.
Sarea handitzea.
Ormaza “oso pozik” agertu da orain arte puntu seguruen sareak izandako parte hartzearekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkie bat egin duten guztiei: “Eskerrik asko Berton merkatari elkarteari eta puntu seguruen sarera batu zareten guztioei”. “Pausoz pauso, herri seguru bat egiten ari gara, eta beharrezkoak dira denon ahaleginak”, gehitu du.
Balorazioa “positiboa” bada ere, helburua “sarea handitzen joatea” dela aitortu du Ramosek, eta horretarako udaletik deialdi publikoak egingo dituztela iragarri du, aurrerantzean gura duten merkatari eta tabernariek sarera batzeko aukera izan dezaten: “Indarkeria matxista gabeko herria lortzea denon ardura da”.
Hezkidetza mahaia.
Ikas komunitatearei gizonen eta emakumeen arteko “berdintasunaren balioak” bultzatzen laguntzeko helburuagaz Hezkidetza mahaia jarri dute martxan aurtengo ikasturtearen hasieran. Jakinarazi dutenez, Bermeoko Udalak, Eleizalde Ikastolak, Sagrado Corazon Ikastetxeak, San Frantzisko Herri Ikastetxeak, Bermeoko Institutuak, Nautika Eskolak eta Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak parte hartzen dute horretan, eta berdintasunean oinarritutako “lan bateratua” egiten dute. Azaldu dutenez, hiru hilabeterik behin biltzen dira partaide guztiak.
Era berean, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleei zuzendutako tailerrak ere antolatu dituzte. Ikasturtean zehar eskainiko dira eta indarkeria matxistaren prebentzioa lantzea izango dute helburu. Besteren artean harreman afektibo osasuntsuak edota maskulinitate ereduak landuko dituztela iragarri dute.
Berdintasun Sailean ematen ari diren aurrerapausoekin “pozik” agertu da zinegotzia: “Nahiz eta oraindik ere lan handia daukagun egiteko, lan handia egiten ari gara, eta pausoz pauso aurrera goaz, zerbitzu berriak herrira ekarrita, prebentzioa lantzen…eta arlo desberdinak ikututa”.