Busturiko Udalak Berdintasunerako III. Plana diseinatuko du
Dagoeneko zabalik dago busturiarrek erantzuteko lehenengo galdetegia, udalaren web orrialdean.
Busturiko Udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana diseinatzeko prozesua abiatu du. Azaldu dutenez, hurrengo hilabeteetan zehar garatuko dute eta “hainbat metodologia parte hartzaile” erabiliko dituzte horretarako.
Udaletik adierazi dutenez, herritar, udal-langile, politikari eta hainbat eragilerekin batera lan egitea “ezinbestekoa” da. Izan ere, topaketak, elkarrizketak eta galdetegiak egitea aurreikusi dute. Horrez gain, bildutako datuak eta estatistikak berrikusiko dituzte, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan diren aurrerapenen eta hobetu beharreko gaien berri izateko”.
Herritarrek dagoeneko lehenengo galdetegia erantzun dezakete udalaren web orrialdean. Hala, udaletik prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, informazioa eskuratzeko «iturri garrantzitsuak» direlako: “Ezinbestekoa da zuen iritzia jakitea”.
Bigarren plana.
Hirugarren plana egiteko, 2021ean onartu eta egun indarrean dagoen plana ebaluatu beharko dute. Plan horrek 10 helburu eta 30 ekintza zehatz biltzen ditu. Hala ere, bere helburu orokorra udal kudeaketan genero ikuspegia txertatu eta Busturiko emakumeen berdintasuna bermatzea izan zen, “eskubide eta aukeretan”.
Lan ildoei dagokienez, berriz, lau dira nabarmendu zituztenak: gobernu ona —18 ekintza—, emakumeen ahalduntzean eragitea —2 ekintza zehatz—, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak lortzea —5 ekintza— eta ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea —5 ekintza—.