Aukerak Suspertzen programa indartzeko boluntarioak behar dituzte Bermeon
Desabantaila sozialean dauden Lehen edo Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dagoen proiektua da. Egun 3 boluntario eta profesional bat daude, 16 umeri beharrezko laguntza eskaintzeko.
Bermeoko Udalak Aukerak Suspertzen programa bultzatzen jarraituko du, beste urte batez. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak bultzatutako programa horrek, desabantaila sozialean eta hezkuntza eta ikaskuntza prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten adin txikikoen beharrak asetzea du xede. Era berean, eten digitala ezabatzea bilatzen du, eskolaz kanpoko laguntza eta tokiko sare komunitarioaren aktibazioa bultzatuta. Helburu horiek betetze aldera, Bermeon boluntario gehiago behar dituztela azaldu dute.
“Aukerak Suspertzen programa sustatzen jarraitzeko gure konpromisoa berresten dugu. Gobernu taldearen helburuetako bat da Bermeon boluntariotza sare sendo bat sortzea, gure herritarrak elkarlanean aritu daitezen, eta komunitatearen laguntza indartu dadin”, adierazi du Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizate saileko zinegotziak. Azaldu duenez, komunitate sarea indartu nahi duten “pertsona konprometituak” behar dituzte, eta herritarrak programagaz bat egitera animatu gura dituzte: “Zuen denborak, laguntzak eta konpromisoak aldaketa handia ekar dezake”. Bermeotarren lankidetzarekin, gazte guztientzat “aukera berdintasun handiagoa eta ingurune inklusiboagoa” lortuko dutela gehitu du Etxebarriak.
Boluntariotza zerbitzua. Izan ere, Aukerak Suspertzen programak boluntarioekin egiten du lan. Gaur egun, 3 boluntario eta profesional bat ari dira bi taldetan banatutako 16 umeri beharrezkoa duten laguntza eskaintzen. Boluntarioen bidez, laguntza ematen zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen lankidetzaren bitartez identifikatutako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako adingabeei. Bermeoren kasuan, boluntario gehiago behar dituzte, programan sartzeko itxaroten dauden adingabeak daudelako itxaron zerrendan.
Zerbitzua martitzen eta eguenetan eskaintzen da, 16:30etik 18:00etara. Saio horiek eskolako lanak egin eta gaitasun digitalen edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dituzten beharrak asetzera bideratzen dituzte. Modu osagarri batean, gainera, familiekin ere lan egiten dute.
Laugarren ikasturtea. Iaz 15 adingabek eta 6 boluntariok parte hartu zuten programan. Bermeon 2021-2022 ikasturtean eman zioten hasiera Aukerak Suspertzen programari, eta, geroztik, 29 adingabek eta 7 boluntariok parte hartu dute programan. Aurten, momentuz, 3 boluntario bakarrik daude.
Boluntario bezala parte hartu nahi duenak izena emateko bi aukera ditu: aukeraksuspertzen@agintzari.eus helbide elektronikora idaztea edota 747 47 31 80 telefono zenbakira deitzea.