Kolonbiar erbesteratuen testigantzak bilduz
Bakearen eta memoriaren aldeko lanaren emaitza da ‘Aitor Nazazu’ erakusketa, eta 26a bitartean dago ikusgai, Astran.
Aitor Nazazu erakusketa aurkeztu zuten atzo arratsaldean [azaroak 4], Astran. Maria Oianguren Idigoras Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiko zuzendariak eman zion hasiera aurkezpenari. Izan ere, Gernika Gogoratuz elkarteak 25 urte baino gehiago daramatza Kolonbiako elkarte eta unibertsitate desberdinekin elkarlanean. Gainera, azken bost urteak buru-belarri lanean daramatza Kolonbiako Egiaren Batzordearekin.
Bi erakundeek elkarlanean, Astrara eraman dute erbestean dauden kolonbiarren testigantzak batzen dituen lana. «Lan hau beharrezkoa da, indarkeriaren eraginak jasan dituztenei nahiz testigantzak dituztenei lekukotasuna emateko eta horiek partekatzen jarraitzeko», azpimarratu zuen Oiangurenek.
Liliana Zambrano Quintero Gernika Gogoratuzeko ikerlariak jarraitu zuen hitzaldiarekin, eta bera arduratu zen hitzaldia gidatzeaz. Hurrengoa gehitu zuen Zambranok: «Indarkeria ez dela bidea ulertarazteko modu ezberdinen bilaketan jarraitzen dugu». Izan ere, kolonbiar herriak erbestearekin duen harremana aztergai izan du Kolonbiako Egiaren Batzordeak. Kolonbiak 60 urte baino gehiago daramatza gatazka armatuan. Oraindik ez da amaitu, ez da amaitzen. Erbesteratzea pertsona batek bere herrialdea utzi behar duen egoera da, normalean arrazoi politikoak, ideologikoak, erlijiosoak edo segurtasun pertsonalekoak direla-eta gertatzen dena.
Hori azaltzeko eta gaur egungo testuingurua emateko, 2016tik Kolonbian Egiaren Aldeko Mahaian parte hartzen duen Dorys Ardila Muñoz giza eskubideen defendatzailearen bideo bat jarri zuten. Izan ere, erakusketara bertara etortzekoa zen, baina ezin izan zuen, DANAk kaltetuta. Bideoan bertan azaldu zuen, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako datuen arabera, 2024an 122.6 milioi pertsona daudela munduan nahitaez lekualdatuta. Latinoamerikako testuinguruari erreparatuz, Venezuelaren ondoren, Kolonbia da erbestean jende gehien duen herrialdea. «Hori guztia herrialdean irekita ditugun zortzi gatazka armatuen erruz da», azaldu zuen Ardilak.
Aurkezpenean, Carlos Martin Beristain Egiaren Batzordearen ordezkari izandakoak parte hartu zuen. Lan horretan ari zela, erbestearen kontzeptuaz hausnartzen hasi zen: «Konturatu nintzen Kolonbia bat zegoela Kolonbiatik kanpo». Beraz, lagin horren testigantzak biltzea izan zen bere lana. «Lan hori burutzeko konfiantza ezinbestekoa» zela aipatu zuen Beristainek. Halaber, erbestearen inpaktuaz jardun zen. Izan ere, testigantzak biltzen zegoela, horiek biltzeko elkarrizketatzaileak prestatu zituen. Horietako elkarrizketa batean, galderak egin behar zituenak ezin izan zuen bere lana bukatu. Hurrengoa zen arrazoia: «Elkarrizketan hunkipen handiena ez zidan bere herrialdetik ihes egiteko arrazoiak eragin, erbestearen historia ezkutuak baizik». Izan ere, erbesteko mina ondo- ondo gordetzen den mina da.
Erakusketaren kokalekua ere gogora ekarri zuten hizlariek. Izan ere, Astra arma-fabrika izandakoa da, urteekin zentro artistiko eta kultural bihurtu dena. Hori dela eta, erakusketa espazio «sinboliko» batean kokatuta dagoela aipatu zuen Zambranok. Azaldu zutenez, duela lau urtetik gordeta eduki dute esposizioa, oso gutxitan egon da publikoaren eskura. «Erakusketa Astrara ekartzeak ilusio handia egiten digu», gehitu zuen ikerlariak. Urrian zehar Bilboko La Bolsa udaltegian egon da erakusketa, eta Gernika-Lumon bisitatu gura duten herritarrek azaroaren 26a bitartean izango dute aukera.
Argazkiak. Aitor nazazu erakusketa 24 argazkik, 24 tituluk eta 24 audiok osatzen dute; izan ere, argazki bakoitza protagonistaren testigantza batek osatzen du. Lorna Biernman Lopez argazkilaria eta Miguel Angel Puentes erakusketaren komisarioa Astrako aurkezpenean bertan izan ziren. Argazkien nahiz erakusketaren nondik norakoak argitu zituzten, eta proiektuaren ekoizpen prozesua nolakoa izan zen azaldu zuten. Horretarako, bien artean Lornak berak idatzitako testu bat irakurri zuten, non argazkien sortze eta garapen prozesua bertatik bertara azaltzen zen.
Prozesuan zehar garrantzitsua zen bi artistentzat ekintzaren intentzioa transmititzea: argazkia testiguak erabakitzen zuen eta artistek konposizioa ematen zioten, besterik ez. «Erakusketa erbestearentzat egina da, erbestean dauden pertsonentzat; argazkiak ez dira geureak, testigantzenak baizik», azpimarratu zuen Puentesek.