Arimekin elkartzeko gaua
Aurten, Ajangizen, Bermeon, Ean, Mundakan eta Muxikan Arimen Gaua jarduerez bete dute. Beste hainbat herritan ere "ziria edo saria" edo "Xanduli, Manduli, Kirrikiki.. zer daukazu guri emateko?" oihukatzen ibili dira umeak.
Gero eta herri gehiagotan egin dute Arimen Gaua berreskuratzearen aldeko apustua. Euskal Herriko tradizioa dela nabarmenduta, udalek eta herriko elkarteek elkarlanean, hainbat jarduera prestatu dituzte. Han eta hemen Arimen Gauaren jatorria gogoratu dute. “Uzta biltzeko sasoiaren amaiera ospatzeko jaia zen jatorriz, baita ere iluntasunarekin hasten zen zelten urte berriaren ospakizuna ere”.Ā
Aurreko urteetan, Berton Alkartearen ekimenez ospatu izan dute Arimen Gaua, Bermeon, eta aurten egitaraua zabalagoa prestatu dute alkarteak eta udalak, eta herritar askok parte hartu dutela azpimarratu dute. Hilerrian elkartuta, “kalejira beldurgarria” egin zuten kalerik kale, eta Goiko plazan eman zieten ondoetorria arimei. Taraskan, portuan eta Lameran ere ibili ziren, dantzan, kantuan eta gauerako beren-beregin prestatutako edabea edaten eta gozoki edota fruitu sikuak jaten.
Muxika, Gorozika eta Ibarruriko emakumeen Oxigastra Curtisii kultur taldearen eskutik, eta udalaren laguntzagaz, bosgarrenez antolatu dute Ibarrurin, eta aurtengoa ere arrakastatsua izan da. Taldeko 69 kidek ordubete inguruko ikuskizuna eskaini zuten, antzerkia, kantua eta dantza uztartuta. Beti ere errespetuz eta umoretik, udalerriko arimekin batu ziren, emakumezkoak denak ere, eta San Pedro ermitan hasi, eta frontoirainoko bidean, bizirik daudenak izan zituzten bidaide; ibilbidean zehar, hilerrirako eskaileretan eta Andra Mari elizan egin zituzten geldialdiak. Herritar asko batu ziren. Frontoian, berriz, taldeko abesbatzakoek lagunduta, zenbait dantza egin zituzten. Beste urte batez, aldarrikapen eta elkartasun keinuak ere izan ziren, besteak beste, Palestina eta Yemenera, “Denok gara Gaza” edo “Gernika gehiagorik ez” bezalako mezuak zabalduz.
Mundakako udal ordezkariek ere “gau ederra” izan zela azpimarratu dute. Kandelak eskuetan, Santa Katalinatik irten, eta plazan amaitu zuten ibilbidea. Bertan, arimei ondoetorria eman zieten. Gainera, “gaileta tailer beldurgarria” izan zuten aukeran, eta musikarik ere ez zen falta, ezta “dantza beldurgarriak” ere.
Han eta hemen atzoko gaberako mozorroak prestatzen aritu dira herritarrak. Ean, esaterako, martitzenean eduki zuten horretarako tailerra. Atzo, berriz, etxerik etxe ibiltzeaz gain, eskulanetan eta aurpegiak margotzen aritu ziren, eta txokolateagaz goxatu zuten gaua. Ajangizen ere dotore mozorrotu ziren, eta, gainera, merienda-afarian bete-beteta amaitu zuten.