LABek zerbitzu publikoak indartzea eskatu du
LAB sindikatuak elkarteratzea egin du gaur [urriak 31] Gernika-Lumon, langileen aldeko zerbitzu publikoak indartzea eskatuz. Gogoan izan dute Mendatan kaleratu berri duten langilea.
Busturialdeko Mankomunitatearen aurrean [Gernika-Lumo] elkarreratzea egin dute gaur [urriak 31] LAB sindikatuak deituta. Industria Kalean batu dira Busturialdeko mankomunitatea nahiz Busturialdea bera osatzen duten herriek gizarte zerbitzuetan dituzten baliabide eskasak salatzeko. Era berean, gogora ekarri dute duela pare bat aste lanetik bota zuten emakumea; izan ere, etxeko langile lan egiten zuen eta bere etxea zein lantokia zenetik kaleratu zuten.
Horrelakoak Euskal Herriko txoko gehiagotan gertatzen diren egoerak direla aipatu dute, ez dela kasu isolatua. Izan ere, egunerokotasunean normalizatzen ari den jazoera da. “Neoliberalismoak markatutako agendak, alderdi politikoen borondate faltak, zein EAE, Bizkaia nahiz Busturialdea gobernatu dutenen klientelismoak, zerbitzu publikoen ahultze eta desagertzea ekarri du”, adierazi du LABek; hala, egoeraren jatorriari eta ondorioei aipamena egin die sindikatuak.
Diru-partida handitu bada ere, “asistentzialismo hutsera bideratuta” daudela esan dute; izan ere, “ez dute gaitasunik eskualdeko pertsona eta langileek dituzten beharrizanei erantzuteko”. Horren aurrean instituzioei beraiei dagokien erantzukizun falta salatu dute:”irtenbideak bilatu ordez, aurpegia garbitu eta gizarte zerbitzuetan lanean ari diren langileen bizkar jartzen dute ardura”.
“Politika publikoak pertsonen zerbitzura jarri behar dira eta ez kapitalaren zerbitzura”
Era berean, “beste behin ere agerian geratu dira gizarte-politiken krudeltasuna eta politika horiek aplikatzeko irizpideetan azaltzen diren diskriminazioak. Lotsagarria da erakunde publikoen immobilismoa, herritar langileon zaintza erdigunean jarri eta gure eskubideak bermatzea ez da lehentasuna antza. Gobernatzen daudenek nahiago dute gure bizitzekin eta lurraldearekin negozioak egin”.
Egoera azaltzeko asmoz gogoratu dute, 11 urte eta gero, Gernikako ospitaleko obrak ez direla bukatu, edota Busturialdean dauden egoitza guztiak pribatuak direla. Horiek guztiak zein langileen esplotazioak, beharginen miseria dakartela adierazi dute: “Politika publikoak pertsonen zerbitzura jarri behar dira eta ez kapitalaren zerbitzura”.
Horiek horrela, ondorio nagusi bi atera dituzte Mankomunitatearekin, Busturialdeko zenbait udalerritako ordezkariekin zein alderdi politiko desberdinekin izandako bileren ostean. Batetik, “urgentziazko egoerei erantzuteko apenas dagoela errekurtsorik” adierazi dute; bestetik, sarritan “herritarrak ordezkatzen dituzten politikarien partetik erabateko utzikeria dagoela” salatu. Gainera, horiei erantzuteko “zaintza eta bizitzak erdigunean jarriko dituzten politika publikoak” behar direla esan dute.
Amaitzeko, Guggenheim Urdaibai proiektua ere mahaigaineratu dute. Busturialdea “makroproiektu” eta “turistifikazio prozesu basatiz” bete nahi dutenei zuzendu zaio zuzenean LAB: “Guggenheim gutxiago eta gizarte zerbitzu gehiago!”.