Adimen artifizialaren eragin ekonomiko, sozial eta legala aztertu dute
Bai Euskarari Elkarteak antolatuta, 2024ko Enpresarean Azoka egin zen eguenean (urriak 24) Hernanin, eta Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe izenburupean adimen artifizialaren eragin ekonomiko, sozial eta legala aztertu zuten. Arduradunek esan bezala, gaiak alderdi ugari ditu, eta “erronka handia” izan zen horiei guztiei heltzea. Horregatik, lan munduaren etorkizunari buruz hausnartu zuten eta Euskal Herriko enpresetan eta lan munduan adimen artifizialarekin dauzkaten esperientziak ezagutu zituzten.
Enpresa, elkarte eta administrazioetako ordezkariak eta ekintzaileak elkartu ziren, iritziak partekatzeko, hausnartzeko eta lankidetza sustatzeko prest. Sarrerako hitzaldiekin aurtengo azokaren gaia kokatu zuten. Laura Marron Merino BAIC Adimen Artifizialeko Euskal Zentroko zuzendariak azaldu zuen zein den adimen artifizialaren gaur egungo egoera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan merkatuan. Ondoren, Xabier Arregi Iparragirre informatikako doktoreak HiTZ zentroaren lana aurkezteaz gain, adimen artifizialaren ikerketan arlo garrantzitsuenak zeintzuk diren azaldu zuen.
Halaber, Euskal Herriko enpresa eta langileengan adimen artifizialak daukan eraginari buruzko gogoetak partekatu zituzten Igor Garcia Olaizola Vicomtecheko Industria Dibisioko zuzendariak, Ander Sansinenea Mendieta LKS Nexteko Giza Baliabideen zuzendariak, Jon Kepa Gerrikagoitia Arrien Zientzia eta Teknologiako arduradunak, BRTA ikerketa eta teknologiako euskal aliantzan eta Maria Ruiz Amurrio MLAKoop-en Enpresa Garapeneko eta Berrikuntzako liderrak. Gainera, adimen artifizialarekin garatzen ari diren adibide praktikoak errepasatu zituzten Trebeko Xabier Garcia de Kortazarrek, PIC Digitaleko Caroline Phillipsek eta Eroskiko Unai Sardonek. Hain zuzen ere, Iker Manterola Elhuyarreko ikertzaileak ekitaldiaren lehen zatia laburbiltzeko erreminta erakutsi zuen eta laster https://aditu.eus/ tresnak izango dituen erabilpenen berri eman zuen.
EHUn hainbat programa eta ikastaroen zuzendaria den Itziar Alkorta, Aitzol Astigarraga Orai NLP-ko koordinatzaileak eta Maria Penilla ZIUR-eko zuzendaria, berriz, adimen artifizialak dituen mugei buruz aritu ziren.
Arin-arin lehiaketa. Bestalde, Arin-arin lehiaketan adimen artifizialarekin garatutako sei proiektu aurkeztu zituzten. Betax proiektuak jaso zuen 2.000 euroko saria. Ikuspen murriztua duten pertsonen independentzia, segurtasuna eta bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko proiektua da, eta inguruari buruzko informazioa denbora errealean ematen duten betaurreko adimentsuak ditu oinarri.