Aktibazioan, emozioetan eta elkar eragitean arreta ipiniko du Euskaraldiak
2025eko maiatzean izango da Euskaraldiaren 4.aldia, eta herriek eta entitateek izena eman dezakete dagoeneko.
Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin dator laugarren aldia. Elkar mugituz egingo dugu lelopean, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da. Hain zuzen ere, lehenengoz udaberrian egingo da, eta antolatzaileek loraldiaren parte izatera animatu dituzte euskal herritarrak.
Laugarren edizioa berrituta datorrela kontuan hartuta, Euskaraldia birdefinitzeko une egokia dela uste dute, eta, orain, Euskaraldiaren definizioa honakoa izango da: Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua. “Ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik. Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun arren, zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu”.
Antolatzaileek eraldaketa proposatu dute egiteko moduetan, “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia izan dadin”. Aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan duen eraginean arreta jarri dute: “Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz. Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Eta Euskaraldia bera ere, horrela mugitzen dugu, elkarrekin. Horregatik eskerrik asko Euskaraldiarekin mugitzeagatik, mugiarazteagatik, janzteagatik” Denen ekarpenarekin Euskaraldia “ikusgarriagoa” dela azpimarratu dute, eta horrez gain, euskaltzaleen mugimendua indartzen dela.
“Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu”
“Euskal lurralde guztietako herritarrak eta erakundeak uztartuko ditugu Euskaraldian, mugimendu zabal bat saretzeko bidean”, esan zuen Irati Iciar Madinabeitia Euskaltzaleen Topagunearen lehendakariak atzo. Iruñean aurkeztu zuten atzo arratsaldean [urriak 24], eta herriek eta entitateek dagoeneko izena eman dezakete euskaraldia.eus webgunean; ahobizi eta belarripresten txanda, ostera, martxoan izango da. “Euskaraldia indartsu behar dugu eta, era berean, indartsu behar gaitu. Hortaz, herriak ezinbestekoak dira Euskal Herriko mapa euskaraz betetzeko”.
Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak ariketa sozialaren funtsa zein den gogoratu zuen: “Erabileran eragiteko dugun tresnarik masiboena eta eraginkorrena da Euskaraldia. Ez da festa baizik eta ariketa soziala, kaleko euskalgintza aktiboaren mugimenduaren testuinguruan. Mundu osoan ez da halako ariketarik”. Urkijok esan bezala, emozioek eta umore onak “eramangarriagoa egingo dute estres linguistikoa”, eta norbere buruari erronka zehatz egingarriak ezartzea, eta elkar mugituz, ariketaz gozatzea da edizio berriaren proposamena.
Tresna berria. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu nahi dute. Norabide horretan lanean hasi dira Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berria dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko horrek mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu; herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu. “Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da”, azaldu zuen Euskaraldiaren koordinatzaileak.
Materiala. Irudi aldaketa ere bada berritasunetako bat, eta dagoeneko askotariko materiala eskuratu daiteke webguneko dendan. Iruditeria berrian, euskarri berrietan, herritarrak erabateko protagonistak dira, asko eta askotarikoak dira, eta mugimenduan daude: hitz egiten, elkarri eragiten, elkar emozionatzen eta elkar mugitzen ikusten dira: “Marko bizi, organiko, koloretsu, fresko, alai eta pop(ular) batean kokatu da Euskaraldia”.