Artisauen plaza ere badelako
Urriko Azken Astelehenean artisauak Pasealekuan elkartuko dira, askotariko produktuak eskaintzeko. Iazko zapore onaren ostean, Alcaide bermeotarra bigarren aldiz egongo da azokan.
Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko azoka erreferentziazko azoka da, ez bakarrik Busturialdean, baita Bizkaian eta Euskal Herrian ere. Toki askotako ekoizleak bertaratzen dira herrira, haien produkturik onenak eskaintzera, eta askotarikoak izaten dira, nahi beste aurkitu daitezke, nonahi, zenbat nahi.
Hain zuzen ere, ekoizleengan jarri ohi da arreta nagusia, baina artisauek ere haien tokia dute Urriko Azken Astelehenean. Pasealekuan elkartzen dira urtero, haien eskuekin egindako produktuak eskaintzeko. Hor ere zernahi aurkitu dezakete Gernika-Lumo betetzen duten bisitari guztiek. Bertan izango da bigarren urtez jarraian, Vicente Alcaide. Ciudad Realen jaiotakoa, baina ia hamar urte daramatza Bermeon zeramikagaz lanean.
Bisitari moduan askotan egondakoa da Gernika-Lumon, baina duela urtebete postuaren alde batetik besterako jauzia eman zuen. “Bermeotarra izanda, oso hurbil daukat, egun bakarrekoa da, eta erakusleiho ezin hobea da nire produktuak erakusteko”. Gertutasun hori nabarmendu nahi izan du, eskualdekoa izanda, “hutsik egin ezin den” azoka delako Urriko Azken Astelehenekoa. “Herrira bertaratzen diren ia guztiek badakite non dagoen zer azokan, eta artisauen guneak, beste guztiak bezala, herritar asko erakartzen ditu”.
Argia ikusi
Artisauek kantitatean baino kalitatean jartzen dute arreta gehiago, eta zalantza barik, Alcaide horietako bat da. “Iaz harrera oso ona izan zuten nire zeramika lanek. Alde batetik, ez nuen inolako aurreikuspenik egin nire lehen aldia zelako, eta hori ere lagungarria izan zen. Bestetik, berritasuna ere izan nintzen, eta salmentak ondo joan zitzaizkidan”. Ondo baino, ezin hobeto: eramandako guztia saldu zuen. Eta hori egun bakarreko, hobe esanda, goiz bakarreko azoka dela jakinda; hau da, beste batzuen aldean denbora tarte gutxiko azoka dela jakinda.
Vicente Alcaide: “Erakusleiho ezin hobea da nire produktuak erakusteko”
Halako azoketan jendearen joan-etorria etengabea izaten dela dio, eta aldi berean, “nekatuta eta pozik” amaitzen duela gehitu du bermeotarrak. Aurten bere denboraldi berriko zeramika lanak eskainiko ditu. Batez ere produktu apaingarriak sortzen ditu, mahaietarako edo jangelak txukuntzeko aproposak: ontziteriak, lanparak eta askoz gehiago. Hala ere, nabarmendu du bestelako produktu erabilgarriagoak ere sortzen dituela. Hamar urte baino gehiago daramatza eskulan artisauak egiten modurik tradizionalean: “Eguneroko lana gogorra, ezin daiteke hutsik egin, konpromiso handia eskatzen du”.
Horregatik, Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean jasotzen duen hurbiltasun hori asko eskertzen duela azpimarratu du. Artisauen lana, hein handi batean, bakartia baita. Azokek ematen diote herritarrekin harreman zuzen hori. Horregatik, aurten ere, iaz bezala, aurreikuspenik gabe helduko da Pasealekura. Dena emateko prest.