Trantsizio energetikoren eta klimatikoaren erronka
Asteklimaren barruan, hitzaldiak, ikus-entzunezko proiekzioak eta irteerak egingo dituzte aste honetan.
Askotarik jardueren bitartez, herritarren sentsibilizazioa eta erantzunkidetasuna bultzatzen ari da Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteak. Urriaren 18tik 27ra bitartean egiten ari dira bosgarren aldia, Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lelopean. Busturialdean, Bermeoko, Mundakako, Muxikako eta Nabarnizko udalek bat egin dute egitasmoagaz, eta BBK Klima zentroa bi asteburuetan zabalik dago.
Jardueren artean, Klima Azokak hamar udalerri bisitatuko ditu, eta zapatuan [urriak 19] Gernika-Lumon egin zuen geldialdia. Klima-aldaketari, etxeko ohiturei, mugikortasunari, aisialdiari eta kontsumo arduratsuari buruzko hausnarketak proposatzen ditu, baita lurzoruaren babesaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta Urban Klima 2050 Euskadiko klima-egokitzapenerako proiekturik handienari buruzko informazioa zabaltzeko ere.”Umeei gaur egun planetan dauden arazoak erakusten dizkiegu. Zazpi karpa ditugu, eta hainbat erronka lantzen ditugu, jokoen bidez. Adibidez, zer den klima aldaketa eta etxebizitzan hobetu ahal ditugun zenbait gauza azaltzen dizkiegu. Karpa bakoitzean erronka bana bete behar dute, eta denak betetzean, pasaporte moduko agiri batea zigiluak jartzen dizkiegu. Amaitzean, oparitxoa jasotzen dute; aurten, hamaiketakoa gordetzeko kutxatxoa eta eurak etxean landatzeko haziak oparitzen ari gara”. Gainera, konpromisoak hartzeko gonbidapena ere luzatzen diete; euren konpromisoa idatzi, eta kartoizko arbola baten eskegitzen dute.
Era berean, Bigarren Eskuko Azoka ipini zuten atzo [urriak 20], Muxikako Kurtzero auzoko aparkalekuan. “Ganbarak hustu, eta gure arropa eta objektu zaharrei bigarren bizi bat emateko aukera da azoka”. Arropak, osagarriak, jostailuak, liburuak… hamabi postutan eskaintza zabala eduki zuten.
Asteklimaren lehenengo egunean, barikuan [urriak 18], turismoari eta klima aldaketari eta horien garapenari eta eragindako ondorioei buruzko hitzaldia eman zuen Ricardo Gamaza kazetariak, Bermeoko Nestor Basterretxea Aretoan. Aste honetan ere bi adituren hitzaldiak eskainiko dituzte. Batetik, Neikerreko Nahia Gartziak Bermeoko baso-gela hitzaldia emango du gaur arratsaldean. Bestetik, AZTIko Nerea Goikoetxea arrantzan klima aldaketak daukan eraginari buruz ariko da bihar.
Nabarnizen, berriz, hegaztiei eraztunak jartzeko saioa eduki zuten, Edorta Unanumo Urdaibai Bird Centerreko biologoaren eskutik, zapatuan. Bertako inguruan sarean harrapatutako hiru motatako 14 txori txikitxori eraztunak ipini zizkieten, eta berriro libre utzi zituzten. Adituek txori bakoitzari buruzko datuak hartu zituzten, horren informazio orri tekniko bat bete zuten, eta bertaratutako guztiei datu horiei buruzko azalpenak eman zizkietan. Horrez gain, parte hartzaileen galderak ere erantzun zituzten. Bertaratu ziren 25 pertsonen eta adituen artean ingurumen hezkuntzako saio baten moduko bat sortu zela adierazi dute antolatzaileek, saio “ederra” izan zela esanda.
Aste honetan askotariko jarduerak daude aukeran. Adibidez, Nabarnizen eta Muxikan irteerak antolatu dituzte zapaturako; Nabarnizen familientzako interpretazio mendi-ibilaldia egingo dute Iluntzarreko ingurune naturala ezagutzeko. Herrigunetik abiatuta, ingurumen hezitzaile baten eskutik, hiru ordu inguruko txangoa egingo dute. Bestalde, Mundakan zein Muxikan Blue dokumentala ikusi ahalko dute herritarrek, bariku arratsaldean. BBK Kliman, berriz, urriaren 23tk 26ra eskainiko dute.
Itsasertza. “Klima-arriskuaren analisian eta euskal itsasertza egokitzeko orientabideetan oinarrituta”, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak klima-aldaketaren aurrean itsasertza egokitzeko egindako aurrerapenak aurkeztuko ditu, bihar [urriak 22] Bilboko Euskalduna Jauregian. Itsasertza egokitzeko neurrien arloko jardunbide egokiak eta arrakasta-kasuak azalduko dituzte. Besteren artean, AZTIk garatutako itsasoaren monitorizazioa eta egokitzapena, Bakion hiri-plangintzarekin koordinatuta itsasertza egokitzeko hartutako neurriak eta itsasertzeko itsas inpaktuak Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako larrialdi-abisuen sisteman duen eragina eta dunek Orioko kostaldeko frontea babesteko duten garrantzia izango dituzte hizpide.
HERRIZ HERRI:
BERMEO:
- Gaur, urriak 21, astelehena (18:00). Arronategiko marteloskopioa: Bermeoko baso-gela hitzaldia, Neikerreko Nahia Gartzia Bengoetxearen eskutik, udaletxean.
- Bihar, urriak 22, martitzena (19:00). Klima aldaketaren eragina gure arrantzan hitzaldia, AZTIko Nerea Goikoetxearen eskutik, udaletxean.
MUXIKA:
- Bihar, urriak 22, martitzena (17:00). Ipuin kontalaria, Zubieta-Errota liburutegian.
- Urriak 25, barikua (18:00). Blue dokumentala, Zubieta-Errota liburutegian.
- Urriak 26, zapatua (10:00). BaSOS elkartearekin, baso irteera, Ugarten.
MUNDAKA:
- Urriak 25, barikua (19:00). Blue dokumentala, Olazabal Kultur Etxean.
NABARNIZ:
- Urriak 26, zapatua (10:00-13:00). Familientzat interpretazio mendi-ibilbidea.
**Argazkiak: Bermeoko Udala, Nabarnizko Udala eta HITZA: