Desberdina eta berritasuna delako
‘Bullet’ek antolatu, eta Zabalak irabazi. Hori da laburpena. Bullet Team Series txapelketak zesta-punta eraldatu nahi izan du. Desberdina izan delako, taldekakoa, eta berritasunak sartu dituelako: karbono eta aluminio zuntzez egindako xisterak.
Zesta-puntaren olatua erraldoia da. Pasatzen utzi ezin den horietakoa. Eta ez, dena ez da Gernika-Lumoko Winter Seriesa. Egungo gizartea gaur bizi da, ez bihar, eta aurrera ez doana, ez da berdin geratzen, zaharkituta baizik. Horregatik, berria eta desberdina dena da ongi etorria gaur egun. Olatu hori hartu nahi izan du Jon Bullet Zabalak, eta Guuk enpresaren eskutik, Bullet Team Series txapelketa sortu zuen udan.
Joan den zapatuan jokatu zuten finala, Zabalaren beraren eta Aritz Erkiagararen arteko taldeen artean, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Bulletek antolatu, eta Zabalak irabazi. Hori bai, argi utzi nahi izan du ez dela inolako tranparik egon. “Batek baino gehiagok esan dit, baina ez da ezer gertatu”.
Emakumeek eman zioten hasiera finalari. Erkiagaren talde arrosa hasi zen agintzen finalean, Urreisti eta Argoitiak 9 eta 12 eta 7 eta 12 irabazi zieten Antxon eta Daneleri. Horrenbestez, emakumeen bigarren partidan, Zabalaren taldeak erreakzionatu beharra zuen finala azken partidara luzatzeko. Arai eta Naroak presiopean erantzun zuten eta 12 eta 9 eta 12 eta 7 mendean hartu zituzten Elaia eta Maialen berriatuarrak. Azken lehian erabakiko zen Bullets Series Txapelketa, Bixente-Salegi eta Martin-Manci nor baino nor gehiago. Gorriak nagusi izan ziren markagailuan, eta 12 eta 7 eta 12 eta 9 irabazi zuten, txapelketa Zabalaren taldearentzat izanik.
“Pozik” agertu da markina-xemeindarra txapelketaren balorazioa egitean. “Gure helburu nagusia zesta-puntari bestelako zabalkunde bat ematea zen, eta bide batez, gazteak eta neskak are gehiago ezagutaraztea”. Esan eta egin. Horretarako, produktua saldu beharra dago. Ondo daki hori Antxon Alberdik. EITBko emankizunetan aditu lanetan aritzen da, eta txapelketako irabazleetako bat izan da Zabalaren talde gorrian. “Bestelako formatu bat da, taldekakoa, baina horrek ere partida gehiago eskaintzen ditu, emozio gehiago, kontua da non eta zelan saltzen duzun bakoitza. Zesta-punta gehiago ikusteak dakarren guztia ongi etorria izan beharko litzateke”. Bide beretik mintzatu da Maialen Aldazabal. Atzelariak uste du puntisten arteko erlazioak sortzeko eta indartzeko ere balio izan duela: “Ez da betiko txapelketa bat izan, ohituta gaudena, bestelako zerbait izan da, eta eskertzekoa da”.
Maialen Aldazabal: “Desberdina izan da, ez da betiko txapelketa bat izan, eta ona da”
Beste helburu nagusietako bat atzelariek erabilitako karbono eta aluminio zuntzez egindako xisterak probatzea zen. Hain zuzen ere, hori izan zen Alberdiren motibazio nagusietako bat. “Akatsak eginez ikasten da, eta horretarako balio izan badu, asko da. Tamalez, aurrelarientzako oraindik ez dago diseinatuta”. Alde horretatik, iritzi desberdinak jaso dituzte. Batez ere, materialaren iraupena egiaztatu nahi izan dute. «Oraindik bidea dago egiteko, baina alternatiba bat izan daiteke», dio Zabalak. “Momentuz, eskoletan erabiltzeko aukera egokia izan daiteke, pilota errazago sartzen delako, ez duelako boterik egiten, eta abiadura handiagoan atera”, zehaztu du etxebarritarrak. Finalean, esate baterako, Salegiri apurtu zitzaion, baina txarrenetik ere ondorio positiboak atera dituzte. “Ikusi dugu xisterara egokitzeko ez dela hainbeste alderik egon, tradizionalagaz, adibidez, tanto batzuk behar dira xistera berrira egokitzeko”.
Elkarri laguntzen
Berritasun nagusietako bat taldekako formatua izan da. Herriartekoak hor daude, baina ez da berdina. Esku-pilotan, adibidez, Bizkaia Torneoa ere horrela jokatzen dute, baina hiru modalitatetan. Alberdik ere ohiko formatu horretatik aldendu izatea txalotu du, talde espiritua lantzeko: “Gurea kirol tradizionala da, baina batzuetan berritasuna eta desberdintasuna ondo dator”. Aldazabal berriatuarra ere bat dator. “Elkarri aholkuak eta animoak ematen genizkion, eta egia esan, giro oso polita sortu da, gainera, zelan ez, pikeak egon dira taldeen artean”.
Txapelketak inguratzen duen guztia ere zaindu nahi izan dute, gaur egungo gizartera egokitu, gazteenera batez ere. Horregatik, partidak Youtubetik eman dituzte eta Seleta, Lur Errekondo eta Ainhoa Etxebarria influencerrak sartu nahi izan dituzte, sare sozialen bidez zabalkunde gehiago emateko. “Datuak onak dira; oraindik gehiago aztertu behar ditugu, baina haien interakzioek askoz ere zabalkunde handiagoa eman digute, batez ere kirol arlotik haratago”.
Antxon Alberdi: “Xisteran pilota errazago sartzen da, eta abiadura handiagoan atera”
Aldazabalek, gaztea izanik, lehen pertsonan nabaritu du zabalkunde hori: “Unibertsitatean hasi berri naiz, eta adibidez, David Secok igotzen zituen bideoengatik errekonozitu nau jendeak. Puntistez gain, gazteak ezagutzen dituzten bestelako figurak ere beharrezkoak dira bestelako pertsona talde batzuetara heltzeko”. Ondo daki sare sozialen lanketa ezinbestekoa dela aurrera egiteko: “Pentsatzen duguna baino gehiago eragiten du”.
Udan puntistek partida asko izaten dituzte, nonahi. Alde horretatik, gorabeherak izan dituzte, bestelako txapelketa batzuekin bat egin dutelako partidek. 36 puntistak parte hartu dute, ordezkoak kontuan hartu barik. Hori bai, bestelako toki batzuetara zabaldu dute zesta-punta: Bilbora, Biarritzera, Iruñera eta Zumaiara. Ikusle aldetik, finalaren egunean 500 pertsona inguru elkartu ziren, baina izan dituzte ikusle gutxiagoko egunak. Uda sasoiak ere hori badauka, bestelako olatuak hartzeko garaia baita.
Zabala “oso eskertuta” agertu da izan duen laguntza guztiagatik, eta errepikatzeko prest agertu da. “Orain dena aztertu behar dugu, balorazio orokorra egin behar dugu, eta garrantzitsua da babesleak aurkitzea”. Hau da, olatuari jarraipena eman nahi diote.