Bermeoko Udalak egoera ezberdinetan erreskatatuko txakurrak adoptatzeko deia egin du
Gaur egun udalak 12 txakur dauzka bere menpe eta adopzio arduratsurako deia zabaldu du, adopzioa "eskuzabaltasun ekintza" dela gogoratuta.
Bermeoko Udalak bere menpe dauzkan hamabi txakurrei “maitasunez betetako etxe bat” bilatu eta herritarrak adopzioaren garrantziaz sentsibilizatu nahi ditu. Azaldu dutenez, udala “animalien ongizateagaz konprometituta” dago, eta indarrean dagoen araudia betetzen du.
Egun udalaren jabetzan dauden hamabi txakurrak egoera ezberdinetan erreskatatu dituzte, hala nola, abandonatuak izan zirelako, tratu txarrak jasotzen zituztelako, bide publikoan noraezean zebiltzalako edota jabeek neurri administratiboak betetzen ez zituztelako. Udaletik adierazi dutenez, txakur bakoitzak “beharrezko zainketak” jasotzen ditu adopzioa iritsi bitartean. Era berean, zehaztu dute udalaren nahia animalia horiei “bigarrren aukera bat” eskaintzea dela.
Txakur bakoitzari “maitasunez betetako etxe bat” bilatu eta bermeotarrak adopzioaren garrantziaz sentsibilizatzea gura dute. “Asmoa ez da bakarrik abandonatutako animalien kopurua murriztea, baita ere komunitate solidarioago bat sortzea eta maskota bat izateak dakarren entzutzukizunaz jabetzea”, azaldu du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak.
Adopzio arduratsua. Adopzioaren zain dagoen txakur bakoitzak bere istorioa du atzean, baina denak ala denak, maitasun egokiarekin “lagun leial eta maitagarriak” bihurtu daitezkeela gogorarazi dute. Horregatik, interesa duten guztiei adopzio prozesuaz informartzeko deia egin die, adopzioak animaliaren bizitza aldatzeaz gain “etxean jasotzen duenarena” ere aldatzen duela azpimarratuta: “Txakur batengandik jasotzen dugun maitasunak eta zaintzak ez du preziorik”. “Adopzio arduratsurako” deia egin dute, adoptatzea “eskuzabaltasun ekintza” dela nabarmenduta eta animaliari eta adoptatzen duen pertsonari “mesede” egiten diola gogoratuta.
Era berean, udalak animalien kontrako tratu txarrak eta abandonua salatzen dituela azpimarratu dute. Horregatik, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, “izaki bizidun guztiekiko begirunetsuagoa den gizarte bat sortzen laguntzeko”.
Hala, udalaren menpe dauden txakurren inguruko informazio gehiago izan nahi izanez gero herritarrak Quincocan txakur zentroagaz (Mungia)—640 09 58 23 edo info@quincocan.com— edo Txakur Canegaz (Bermeo) —627 38 39 00 edo info@txakurcan.com— harremanetan jarri daitezkeela azaldu dute.