Itzaleko hautagaiak, nagusi
Barandikak eta Lopezek Erkiaga eta Basque menderatu dituzte Jai Alai Ligako Lauko Finaleko bigarren finalaurrekoan. Gaur [urriak 15] jarriko dituzte Winter Serieserako bonoak salmentan.
Jai Alai Ligako Lauko Finalak denboraldiko puntistarik onenak, erregularrenak, elkartzen ditu. Aritz Erkiaga eta Thibault Basque izan dira, urrenez urren, aurrelari eta atzelaririk onenak, laugarren postuan geratu dira, berriz, Xabi Barandika eta Imanol Lopez. Hau da, gauzak normal, edozein txapelketako finala izan zitekeena, final aurreratu bat, izan zen asteleheneko [urriak 14] Durangoko bigarren finalaurrekoa.
Lauko Finala, ordea, udako partida guztien ostean egiten da, irailean, partida gutxiago dagoen hilabetean. Eta partidaren hasieran agerian geratu zen, ohi baino huts gehiago egin zituzten bi bikoteek. Pilotek ere zeresana izan zuten, asko bizitu baitziren, eta berez, Ezkurdi frontoia bizkorra da. Barandikak eta Lopezek estrategia argi zuten, denek bezala normalean, Erkiaga sahiestea, behin eta berriro errepikatzen zioten bata besteari. Baina hauek, haien esperientziagaz, hori egiteko gai dira. Aurretik jarri ziren markagailuan hasieratik 5-8 aurreratuz. Behin motorrak berotuta, ikuskizuna eman dute puntistek set amaieran. Barandikak hanka artetik jaso du pilota bat eta guzti. Zaleak erotzen jarri ditu. 11-15 nagusitu dira lehen jokoan.
Berezko faboritoak zerbait aldatu beharra zuten, ispastertarrak protagonismoa hartu du. Hala ere, bere mailatik urrun aritu da Erkiaga, partidaz kanpo norgehiagokan izandako bestelako gertaerengatik. Hain zuzen ere, ia inoiz ez ikusi bezala agertu da aurrelaria: haserre, amorratuta. 9-5 aurreratu ziren Basqueren aurrerapausoagaz, baina Barandikak eta Lopezek buelta eman diote 9-10. Ostera ere erreakzioa 14-10 aurreratzeko, ia eginda zuten hirugarren jokora heltzea. Akatsak pilatu dituzte lehen sailkatuek eta azkenean 14-15 nagusitu dira gernikarra eta zumaiarra. “Pekatua da horrelako abantaila galtzea”, argi utzi zuen ispastertarrak.
Sailkapena ikusita, faboritoak marroiak baziren ere, argi zegoen Barandikak eta Lopezek bikote oso sendoa osatzen dutela, edozeineri irabazteko modukoa, itzaleko hautagaiak ziren, orain faborito. Udan Markina-Xemeingo Gran Slama irabazi zuten, adibidez. Gauzak horrela, hurrengo astelehenean [urriak 21] Sorozabal anaiak izango dituzte zain final handian. Lehen partidan, Urrutia-Lekerika bikoteak Urreisti-Del Riori irabazi zieten: 13-15, 15-14 y 5-4.
Salgai. Gaur [urriak 15] 12:00etan jarriko dituzte salgai Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Serieserako bonoak salgai. Eraman enpresatik aurreratu dutenez, aldaketekin itzuliko da zesta-punta goitik behera aldatu duen txapelketa. Urriaren 23an egingo dute txapelketaren aurkezpena, bertan emango dute informazio guztia.