Gorozika, euskararen arnasgune
Zazpi Euskal Girotze Barnetegi daude bakarrik, eta Gorozikakoa da horietako bat. Hau da, euskararen arnasguneetako bat da.
Euskarak arnasguneak behar eta babestu behar ditu, eta, hain zuzen, hori eskaintzen du Gorozikako Barnetegiak. Zazpi Euskal Girotze Barnetegi daude Euskal Herrian, bi bakarrik Bizkaian, eta horietako bat da Busturialdeko hori. 2021ean Muxikako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren hitzarmenari esker martxan jarri zuten, eta hazkundea etengabea izan da.
Euskal Girotze Barnetegien helburu nagusiak dira ikasleen artean euskararen erabilera eta haren aldeko motibazioa indartzea, eta euskal kulturarekiko ezagutza eta atxikimendua hobetzea. Horrekin batera, hausnarketa bideratzen dute, hizkuntza aniztasuna, gutxiagotutako hizkuntzak eta hizkuntza ekologia bezalako gaiak jorratuz. Hori guztia “talde kohesioa eta norberekiko konfiantza emozioetatik eta jolasen bidez” lantzen dute.
Euskara dute ardatz. Jolasen eta bestelako jardueren bitartez lantzen dute euskara, esaterako, askotariko eskulanak egiten dituzte. “Euskara lantzeko etortzen dira umeak; euskaraz egitea derrigorrezkoa da”. Irailetik ekainera bitartean, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako ikastetxeetako ikasleek betetzen dute barnetegia; LH 4. mailatik DBH 2.mailara bitarteko ume eta gaztetxoak joan daitezke. Aurten 29 talde izango dituzte.
Proiektua aurrera eramateko, Hezkuntza Saileko irakasleez gain, udalak hiru lanpostu publiko sortu zituen, sukalde eta garbiketa lanetarako. Giro “oso ona” sortzen dela aitortu dute, eta ikasleak eta irakasleak “oso gustura” egoten direla. Ikasgeletako lanez gain, hainbat irteera egiten dituzte, bertako Atxelira edo Bizkargi mendira, adibidez, eta astean behin Gernika-Lumora joaten dira; Euskal Herria museoa bisitatzen dute, eta skate ikastaroa jasotzen dute.
Gorozikako Barnetegiko sukaldean prestatzen dituzte otorduak, bertoko eta sasoiko produktuekin: “Umeek asko eskertzen dute, eta oso gustura joaten dira. Eskerrak ematen dizkigute, eta horrek asko betetzen eta pozten gaitu”.
Guztientzako tokia
50 bat pertsonentzako lekua dago. Asteburuetan bestelako taldeek zein familia edo kuadrillek ere erabiltzeko aukera daukate, erreserba udalean eginez. «Uztaileko lau astetan udalekuetako umeak egon dira. Leku paregabea da, eta giro lasaia nahi dutenentzat oso egokia».