BBK Mendi Martxak Erronka egingo dute, bigarrenez
Natura zaintzearekin lotutako proposamenez betetako jarduera prestatu dute zapaturako [urriak 5]. Izen ematea zabalik dago, Bizkaiko Mendi Federazioaren web orrialdean.
BBK Mendi Martxak Erronka egingo dute, bigarrenez, zapatuan [urriak 5], 9:30ean, Busturian, BBK Klima parkearen inguruan. Bizkaiko Mendizale Federazioagaz lankidetzan, ekimenak hiru ardatz nagusi ditu —prestatzea, jardutea eta ezagutzea—, bizkaitarrei ingurua zaindu eta babesteko “konpromiso saihestezina” helarazteko. Horregatik, natura zaintzearekin loturako proposamenekin betetako jardunaldia izango da zapatukoa; besteak beste, bertoko espezieen 300 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte, Lurgaia Fundazioagaz lankidetzan. Antolatzaileek aurtongoa ere “karbono aldetik ekimen neutroa” izatea dute helburu.
Zuhaitz landaketa BBK Mendi Martxak ekimenaren ingurumen erronka da. Zapatuko jarduera baina, ez da landaketagaz amaituko; ostean, “familia osoarentzako hainbat jarduera” prestatu dituzte, ingurumen-sentsibilizazioagaz lotuta.
Horrez gain, bertaratzen direnek showcooking bat izango dute, bertoko ortuariekin eta eskualdeko produktu ekologikoekin. Ortutik Ahora Catering Agroekologikoa elkartearen eskutik, gainera, “originala eta zero hondakineko errezeta” bat ikasteko aukera ere edukiko dute: Busturiko pikoluze tomate-tartarra.
Jardunaldiak BBK Klima zentroko mintegian izango du jarraipena, bertan landatuko baitituzte bertoko 300 zuhaitzen kimuak, hala nola, urkiak. zuhandorrak edo lizarrak. Landaketa horren helburua 2025ean Bizkaiko hainbat menditan birlandatu ahal izatea da. Parte hartzaileek, gainera, zentroko intsektuen hotela bisitatzeko aukera izango dute, “intsektuen ziklo naturalean duten zeregina eta beraien kontserbazio-egoera ezagutzeko”. Jardunaldia amaitzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hegaztiak ezagutuko dituzte.
Mendi Martxa Egunean parte hartzen dutenen bazkaria antolatzaileek kontura izango dela nabarmendu dute, “artisau-erara” eta berako produktuak eta produktu ekologikoak erabilita prestatuko dela azpimarratuta.
Parte hartu nahi dutenek dagoeneko zabalik dute izena emateko epea; izen ematea doakoa da eta Internet bidez egin daiuteke, Bizkaiko Mendi Federazioaren web orrialdean. Zehaztu dutenez gehienez 90 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Era berean, antolatzaileek mendiko botak edo ur-botak, galtza luzeak eta arropa iragazgaitza eramateko eta euria bada, txamarra ere janzteko gomendioa egin diote izena ematen dutenei. Landaketa egiteko beharrezko materialak antolatzaileek eramango dituzte.