14.294 pertsonak bisitatu dute turismo bulegoa udan
Udaldiko datuen arabera, eguneko bisitarien kopuruak behera egin du Bermeon; astebete pasatzera datozen turisten zenbatekoak berriz, "gora egin du nabarmen". Ekainaren 1etik irailaren 30era 14.294 bisitari hartu ditu turismo bulegoak, aurreko urteetan baino gutxiago.
Aurreko urteekin alderatuta, ekainaren 1etik irailaren 30era izandako erabiltzaile kopuruak behera egin du, bisitariak “gero eta infomazio gehiagorekin” etortzen direlako beraien jatorrizko lekuetatik. Izan ere, udaldian Bermeoko Turismo Bulegoak 14.294 bisitari hartu ditu.
Datuek aditzera eman dutenez, Bermeo bisitatzen duen eguneko bisitarien kopuruak behera egin du, baina, Bego Gangoiti Canga Turismo Bulegoko arduradunak azaldu duenez, udalerrian astebete pasatzera joaten diren turista kopuruak “gora egin du nabarmen”. Joera aldaketa horren ondorioz, turistek “kontsulta sakonagoak” egiten dituztela nabarmendu du Gangoitik: “Turistek dakarten informazioa lehen bi egunetarako agortzen zaie, eta, gero, informazio pertsonalizatuagoa behar dute gainontzeko egunetarako”.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere hilabete jendetsuena abuztua izan da , 6.868 bisitarigaz. Uztailean, berriz, 3.448 bisitari hartu ditu turismo bulegoak; ekainean 2.060 izan ziren eta irailean, 1.918. Gangoitik uztaileko jarduera nabarmendu du, “apur bat arraroa” izan dela azpimarratuta: “Eguraldi ezegonkorra egon da, merkatu estataleko gure bisitarien profilaren artean daudenak nazioarteko bidaietara jo dute… Ondorioz, uztaila hilabete txarra izan da”.
Uda honetan Bermeo bisitatu dutenen jaioterriari dagokionez, gehienak madriletik eta kataluniatik etorritakoak izan dira. Atzerritarren artean, berriz, frantziarrak izan dira ugarienak.
Web orrialdearen garrantzia.
Sare sozialak eta web orrialdeak gero eta garrantzia handiagoa dute informazioa zabaltzeko unean. “Web orria da gure indargunea Interneten”, adierazi du turismo bulegoko arduradunak. Zehaztu duenez, web orrialdea eguneratuta edukitzea “ezinbestekoa” da, bai sektorearen produktuak saltzeko, bai turista potentzialek “informazio baliogarria” izateko.
Ekainaren 1etik irailaren 30erako datuei errepatatuta, denbora tarte horretan Bermeoko Turismo Bulegoak 21.009 bisita izan ditu bere web orrialdean. Adierazi dutenez, gainera, Facebook eta Instagram sare sozialetatik ere bisita ugari izan dituzte.
Gaztelugatxera, autobusez.
Turismo Bulegoak Gaztelugatxera joateko joateko autobus eta gidari zerbitzua eskaini ditu uztailean eta abuztuan. Guztira salgai egon diren 5.200 sarreretatik 3.914 saldu ziren, %75,26a. Azaldu dutenez, sarrera salmenten zenbatekoa “goraka”doa, “zerbitzua gero eta gehiago ezagutzen delako”.
Zerbitzua erabili dutenen asetasun maila “oso altua” da, “balio handiko bisitak” direla uste dutelako. Adierazi dutenez, bisitariek herri mailan zabaldu nahi duten mezua jaso dute: “Zerbitzu honetako erabiltzaileak Gaztelugatxeko San Juan bisitatzen duten ehuneko oso txikiak dira, baina talde oso garrantzitsua da turismo jasangarria bultzatzeko bidean: tokiko azpiegiturak erabilita, tokiko lan postuak sortuta, auto erabiltzaile kopurua murriztuta, herriari interesatzen zaion informazioa zabalduta eta ingurumen eta identitate zainketa suspertuta”.