Arraun Kirol Klubaren jaiak izandako erantzunagaz, "pozik"
Sukarrieta Kanala Arraun Kirol Klubaren eguna ospatu zuten zapatuan [irailak 28], Sukarrietan. Estropada eta erronka bat prestatu zituzten eta "uste baino jende gehiago" hurbildu zen: 20 tripulazio inguruk parte hartu zuten.
Sukarrietan arrauna berpizteko ilusioagaz sortu zuten duela urte eta erdi inguru Sukarrieta Kanala Arraun Kirol Kluba. Herritarrek “arraunaz eta gure inguruaz” gozatu eta bide batez klubarerako bazkide berriak bilatzeko asmoz, arraun kirol klubaren eguna ospatu zuten, zapatuan [irailak 28]. Antolatzaileek balorazio “oso ona” egin dute, uste baino gehiago jende elkartu baitzen.
“Oso pozik gaude, eguraldia ere lagun izan genuen eta uste baino jende gehiago apuntatu zen estropadara”, azaldu dute antolatzaileek. Estropada bategaz eman zioten hasiera jaiari: lehenengo estropada “betiko lekuan” egin zuten, baliza eta ziaboga bategaz. Horrez gain, “erronka moduko bat” ere prestatu zuten, nahi duenak parte hartu dezan: “Txatxarramendiko irlari buelta ematea, erlojupeko formatuan”.
Parte hartzaile guztiek klubaren hiru bateletan lehiatu ziren eta txanda bakoitzean batel bakoitzeko bi arraunlari eta patroia aritu ziren. Guztira hogei tripulazio inguru itsasoratu ziren: “Gutxi gorabehera emakumezkoen sei tripulazio egon ziren, eta hamabi inguru gizonezkoenak”. Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dute hainbat eskifaia “mistoak” ere izan zirela, zenbait bateletan arraunlaria edo patroia emakumeak izan baitziren.
“Giro oso polita” sortu zen, eta antolatzaileak “uste baino denbora gehiago ” eman zuten estropada zuzentzen: “E¡Hiru baten ditugu; estropada amaitu, tripulazio bat kendu, beste bat ipini… baina oso polita izan zen”. Klubeko kideen helburu nagusia jendeak klubaren berri izatea bazen ere, egunean zehar pegatinak banatu eta bazkide berriren bat edo beste ere lortu zuten: “Pasealekuan herriko jende asko biltzen da, eta ikuskizuna ikusita, asko zer den galdetzera hurbildu zen”. Parte hartzaile eta herritarrak Toña inguruan elkartu ziren arratsaldean, saiheski eta pintxo janaz gozatzeko. Bertan bildutako dirua klubarentzat izango da.
Hiru batelak. Hiru izan ziren Sukarrietako uretan aritu ziren batelak; bat dohaintzan jasoa, eta beste biak Zarautz Arraun Taldeari erosiak. Lehenegoak Sandinderi du izena, “Sandinderiko irla Sukarrieta dela aldarrikatzeko”. Bigarrenari San Nikole izena jarri diote, “herriko goiko auzoren izenagatik”, eta, hirugarrenari, Solabe: “Solabe, Kanalako hondartza inguruagatik.
Zapatuko jaiagaz Arraun Kirol Klubak amaitutzat eman du 2024ko denboraldia, eta orain Zarautzen erositako bateletan konponketa batzuk egingo dituzte: “Erostean arraunean egiteko beharrezko konponketak egin genituen, baina uste dugu konponketa apur bet serioagoak behar dituela”. Horregatik, neguan lehorrera aterako dituzte, konponketak egin eta udaberrian berriro erabilgarri egon daitezen.
Sandinderi batela, berriz, uretan geldituko da, bazkideek erabili ahal izateko. Sukarrieta Kanala Arraun Kirol Klubaren bateletako bat erabili ahal izateko bazkide izatea ezinbestekoa da. Baldintza hori beteta, batelen kudeaketaren arduradunari erreserba eguna esateagaz nahikoa da, hartu, arraunean ibili ahal izateko.