300 lagunetik gora, jasangarritasunaren aldeko bultzadan
Domekako [irailak 29] Urdaibai Gurie egitasmoaren hirugarren aldiak jasangarritasuna, gastronomia, musika eta ekintzailetza uztartu ditu Ekoetxea Urdaibain.
Busturiko Madariaga dorretxean kokaturiko Ekoetxea Urdaibaik, iragan domekan [irailak 29], Urdaibai Gurie egitasmoaren hirugarren aldia hartu zuen. 11:00etatik 16:00etara bitarteko egitarauagaz, denetariko jarduerekin “Urdaibaiko esentzia transmititzea” bilatu zuten, eta herritarrek emandako erantzuna apartekoa izan zen: 300 lagunetik gora bertaratu ziren, egun osoko jardueradun eskaintzaz gozatzeko.Ā
Garapen jasangarriagaz bat egiten duten ekimenak erdigunera ekartzea bilatu du, beste urte batez, Urdaibai Guriek. Hain zuzen ere, Urdaibai Biosfera Erreserbak eta Unesco Etxeak bultzatutako Biosfera Naiz programaren barruan kokatuta dago egitasmoa. Programa horren filosofiari jarraiki eraiki dute aurtengo egitaraua: kultura, artea, artisautza eta gastronomia izan ditu oinarri nagusi. Antolatzaileek hirugarrien ekitaldiaren “balorazio oso ona” egin dute: “Ekimenak sentsazio oso baikorrak piztu ditu bertaratutakoen artean”.Ā
Helduei zuzenduta atondutakoen artean, besteak beste, tailerrek jaso zuten arretarik handiena: Ekoetxera hurreratu zirenek, besteak beste, mazerazioak zelan egin ikasi ahal izan zuten, baita barazki pateak edota gaileta beganoak nola kozinatu ere. Olerkigintza eta literatur zaleek ere beren espazioa eduki zuten: Urdaibai Kaligrama Fest izeneko euskarazko poesia tailerraz gozatu zuten. Era berean, berbaldiek ere arreta handia jaso zuten: Must Kooperatibak Lupulu Gure izenekoa eman zuen; Gernika Gogoratuz elkarteak, Bitzarako lurraldeak proiektua aurkeztu; Ortuberen Lagunak elkarteak, izen bereko bermeotar atunontziaren historiari zein zaharberritzeari dagokiona.
Gaztetxoenek ere eduki zuten zer egin eta zertaz gozatu. Antolakuntzak, ondo pasaraztea ez ezik, kontzientziazioa sustatzea bilatu zuten: batetik, birziklatutako musika tresnak zelan ekoitzi irakatsi zuten; bestetik, kartoizko animalia erretratuak nola sortu. Horrez gain, bizikleta elektrikoz ibilbideak egiteko edota biodibertsitatearen erakusketa orokorra bisitatzeko aukera ere egon zen.
Azokagunea, epizentro.
Azoka eremuak hainbat jende erakarri zuen egun osoan zehar. Aurten, hamahiru postu egon dira azokagunean, tokiko produktuen eskaintza zabalagaz: “Bitxigintza, ehungintza, pintura, artisautza, loregintza edota kamiseta salmenta nabarmendu dira”. Ez hori bakarrik: egun osoko programazioak indarberritzeko eta gastronomiaz gozatzeko aukera paregabea ere ahalbidetu zuten. Gune gastronomikoan, besteren artean, artisau garagardoak, gozokiak, eztia nahiz gildak dastatzeko aukerak egon ziren; halaber, arreta bereziki deitu zuten Baserritik Gernikara-ko lantaldeak bertako produktuekin kozinatutako pintxoek.
Musika ere ardatz esanguratsu izan zen. Bermeoko Tumultu taldeak erritmo dantzagarriz girotu zuen Urdaibai Gurie: “Rocka, soula eta jazza nahasten dituen musika proposamena ederto defendatu zuten, baina joera esperimentalari aterik zarratu gabe”. Programazioa biribiltzeko, Gernika-Lumoko Tukatukada batukada taldeak bertaratutako denak dantza betean ipini zituen, perkusioa bide hartuta.