Goi-goitik agurtu dute uda
Udari agur esateko ordua heldu den arren, penarik barik agurtu dute uda Busturialdeko herritarrek. San Migel jaietan murgildu dira Bermeoko San Migel auzoan, Busturiko Altamira auzoan, Ereñon eta Mendatan.
Batzuek, barikuan, eta beste batzuek, zapatuan, San Migel jaietako ospakizunek ez dute etenik izan Busturialdean. Herri eta auzoetan, tartean Merndatan, Ereñon, Bermeoko San Migel auzoan eta Busturiko Altamira auzoan jai giroa nagusi, eta uda agurtu eta udazkenari ongi etorri ezin hobea eman diete.
Mendatarrek San Fermin izan zuten ospakizunen erdigunean zapatuan. Korrikalariak, zezenak, abeltzainak, toreatzaileak eta San Fermin bera, inork ez zuen Mendatako entzierroa galdu gura izan. Arropa zuriz jantzita, gerriko gorria estu lotuta eta zapia lepoan zutela ekin zioten herritarrek, Bermeoko buruhandi eta erraldoien konpartsakoekin eta Ardoa Barrura txarangakoekin batera, Mendaturirainoko bideari. Bertara ailegatzeagaz batera euritakoak atera behar izan zituzten herritarrek, baina festarako gogotsu, estalki azpian bildu ziren jan-edanaz gozatzeko. Bertan, zezen suharra agertu eta bolotegia inprobisatutako zezen-plaza bihurtu zen. Handik bueltan, frontoia bete zuten herri bazkarian. Arratsaldea girotzea Josepa Kale Kale eta Obieta aita semeaken esku egon zen. Iluntzean, 21:00etan su artifiziak ikusi eta gero, musikak hartu zuen protagonismoa: Kuter taldearen eta Akerbeltz erromeriaren kontzertuetan bildu ziren herritarrak.
Domekan, San Migel egunean, Sustabiz Fundazioagaz batera herri kirolez gozatzeaz gain, bakailao jana ere izan zuten aukeran mendatarrek. Astean zehar atseden hartuko badute ere, asteburuan berriro helduko diote ospakizunei mendatarrek, Zarrabentan.
Ereñarrek trikitixa hotsek girotutako bakailao janagaz ekin zieten ospakizunei, barikuan. Biharamunean paella txapelketan bildu ziren, frontoian. Ohiturari jarraituz, arratsaldean Atxur-Urkulie jaurtiketa ere egin zuten. Eguna biribiltzeko Dj Koeten emanaldian elkartu ziren herritarrak. San Migel egunean Gernika-Lumoko Andra Mari korala eta Madrilgo AlMayrit koralak izan ziren elizan ikuskizuna eskaini zutenak. Atzo, San Jeronimo egunez herri bazkarian elkartu ziren ereñarrak.
Datorren domekan, Ereñozarrera 39. Igoera egingo dute eta bertan izango dira inguruko korrikalari trebeenak, baita inguruaz gozatu gura dutenak ere.
Auzoetan ere jai handiak. Bermeotarrak tortilla lehiaketan bildu ziren zapatu eguerdian, eta arratsaldea eta gaua, Gauargi erromeriak girotu zituen. Karaoke festarako tartea ere atera zuten gauerdian.
San Migel egunez, berriz, udal ordezkariek auzoa bisitatu zuten eta, eguerdian Kanta Kanta Lorue taldearen kantaldia izan zuten, eta, gero, Mikeltarren auzo bazkarian batu ziren. Meza entzun eta kinitoagaz amaitu zituzten jaiak atzo.
Busturitarrek Altamira auzoa izan dute topaleku. Esku pilota partiduen finalekin eman zioten hasiera urteko azken jaiei, zapatuan, eta gero, kantu kantari aritu ziren inguruko tabernetan zehar. Erreten taldearen doinuekin biribildu zuten San Migel bezpera. Domekan, gelditzeko astirik barik, santuaren egunean, txistulariekin batera kalijiran atera ziren busturiarrak. Meza ostean, Irrintzi Alai dantza taldeak dantzaldia eskaini zuen plazan.
Arratsaldez Busturiko Udalak eta Harri Berri elkarteak antolatutako zaldi probaz gozatzeko aukera eduki zuten herritarrek, eta «giro oso ona» sortu zen. Antolatzaileek hiru lehiakideek eskainitako erakustaldia azpimarratu dute: «Hirurak hiru untzan sartu ziren». Izan ere, Maider Uriarte kortezubitarrak 82 untza lortu zituen, Juan Uriarte Koba aulestiarrak baino bi gehiago. Jatetxea Nabarniz sailkatu zen hirugarren, 79 untza eginda. Jaiak agurtzeko, Lilibertsoren eskutik bertsolariekin disfrutatu zuten herritarrek, kultur etxean.