Askotarikoen erakusleiho
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako nekazari eta eskulangileen azoka eskaintza zabalaren erakusleihoa izan zen atzo (irailak 29). 44 postu ipini zituzten Kurtzeroko aparkalekuan. Ortuariak, eztiak, ogiak, pastelak, gildak, kontserba-produktuak, txakolinak, garagardoak, bitxiak, osagarriak, arropak… askotarikoekin bete zuten azoka gunea.
Horiekin batera, eskualdeko Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren eta BaSOS Elkartearen kideak bertan egon ziren euren materialak saltzen, baita datorren urtean Galdakaon izango den Ibilaldiko antolakuntza taldekoak ere.
Udalerriko Baso-Txoritxu Dantza Taldekoen saioagaz eta herri kirol erakustaldiagaz girotu zuten azoka eremua. Zubieta Errota liburutegian, berriz, HaurkunaĀ jarduerak eskaini zituzten umeentzat. Herriz Herri 2024 programaren berrikuntzetako bat daĀ Haurkuna, jolas eta jarduera sortzaileak erabiltzen dituen eta 5 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerra. BBKk eta Bizkaiko 52 udalek bultzatutako ekimena da, “gizarte eragin positiboa duten ekintzak sustatzea helburu duena”.Ā
Punta-puntako kirolariak batu ziren, zein bere arloan, “txapeldun handiak”: Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza aizkolariak, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Urdax Magunazelaia harri-jasotzaileak eta lasto jaurtiketan aritu zen Jon Lapazaran.
Azoka sendotzea eta finkatzea lortu dute, eta udal ordezkariak jendearen erantzunagaz oso pozik daude: “Balorazioa oso ona da. Jende piloa egon zen, eta eguraldiak ere asko lagundu zuen atzo. Azken urteetan sendotzen joan den data da. Azkenengo urteetan igarri dugu gero eta jende gehiago hurbildu dela. Aurten inoizko jende gehien elkartu da”. Salmenta “nahikoa onak” eginda, ekoizleak ere “oso pozik” egon ziren. Bertako ekoizleak eta artisauak egon ziren; gehienbat eskualdeko produktuekin osatu zuten azokako eskaintza, eta beste urte batez, helburuak bete dituzte: “Muxikak bere azoka berreskuratzea garrantzitsua zen guretzat, eta hori lortu zen. Era berean, herriko eta eskualdeko ekoizleei beste plaza bat eskaintzea ere bazen helburua, eta uste dugu hori ere lortu dugula. Atzo herriko eta eskualdeko ekoizleak egon ziren, oso gutxi izan ziren eskualdetik kanpokoak. Gero eta ekoizle gutxiago ditugu, Muxikan ere ikusi dugu, eta geratzen diren horiek ondo zaindu behart ditugu, eta laguntasuna eman behar diegu”.