Benito Barruetako instalazioak herritarrentzat zabaltzea eskatu du EAJk
San Frantziskoko eskolako espazio estalian argiztaria, eta Atalde aldean komun publiko bat jartzea proposatu diote udal gobernuari.
Bermeoko EAJk Benito Barruetako patioa herritarren erabilerarako irekitzeko eta inguruan komun publiko bat jartzeko eskaera aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran. Jeltzaleek adierazi zutenez, eskola publikoko jolastokian estalkia jartzea eta Benito Barruetako aisialdi gunea eraberritzea eta txukuntzea aurreko legealdian egindako ekimenak dira: “Ikastetxe publikoetako azpiegiturak hobetzeko eta herritarrei aisialdi eta kirol-guneak eskaintzeko”.
Azaldu zutenez, proiektu horrek instalazioak “publikoarentzat ateak irekitzeko” aukera eman zuen, nahiz eta gero, inguru horretan igogailua jartzeko obren ondorioz, “itxi egin behar izan zen”. Ildo horretan, EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernuak instalazioak itxita mantentzen dituela adierazi zuten.
Era berean, San Frantsizko eskolako estalpeko espazioaren argizteria falta ere nabarmendu zuten: “2024an zehar behin baino gehiagotan eskatu dugu patioan argiteria jartzea eta egokitutako bi guneak —San Frantsizko eta Benito Barrueta— behin betiko irakitzea, bermeotarrek bi instalazioak eskola ordutegitik kanpo erabili ahal izan ditzaten”. Ikastetxeei dagozkien espazioak direla azpimarratu zuten, erabilera berriekin “bateraezinak ez direla” nabarmentzeagaz batera: “Dauden baliabideak aprobetxatzea da kontua”.
Zehaztu zutenez, beraien helburua “aisialdirako eta kirola egiteko gune berriak sortzea” da, eta horrek beste gai batzuei aurre egitea eskatzen du. Horregatik, inguru horretan komun publikoa jartzeko eskaria egin zioten udal gobernuari: “Zerbitzu ona bermatzeko eta inguruan izan daitezkeen bizikidetza arazoak saihesteko”.
Erabilera bermatu. “Benito Barruetari dagokionez, institutua erabiltzeari utzi izanak korapilatu egin zuen kontua”, azaldu zuen Xabier Ortuzar zerbitzu eta kirol zinegotziak. Hala ere, espazio horren “erabilera bermatzeko” harremanak martxan daudela gogoratu zuen, inbertsioa eginda dagoela eta “leku erabilgarria” izan daitekeela uste dutela azpimarratuta. “Momentu honetan ez dago gure esku; guk hori orain zabaltzea ez da posible, baina lanean gabiltza”.
Estalpeko argitarian argia jartzeaz gain, “argi-puntu bat” era jarri nahi dutela adierazi zuen Ortuzarrek, “kultur ekintzak bertan egin ahal izateko”. Zehaztu duenez proiektuak aurrera egingo du, “kirol taldeek ere bertan entrenatu ahal duten galdetu dutelako”. Komun publikoaren proposamenari erantzutean, inbertsio horri aurre egiteko diru-sailik ez dagoela nabarmendu zuen Guzeneko zinegotziak: “Orain aurrekontuak datoz eta eztabaidatzeko gaia izango da”.