Arraun Kirol Klubaren eguna ospatuko dute, bihar
Arraunaz gozatu eta aldi berean Sukarrieta Kanala Arraun Kirol Klubarentzat bazkide berriak eta "diru apur bat" lortzeko jardunaldia antolatu dute bihar, Sukarrietan.
1976an sortu zen Sukarrieta Arraun Taldea, maila guztietan bateletan eta trainerilletan lehiatzen zuen taldea. Urte batzuk igarota baina, afizio handirik ez zegoenez, apurka apurka desagertuz joan zen. Arraunlari batzuk Bermeo eta Mundakara joaten hasi ziren eta kluba “apur bat lo” gelditu zen, behin betiko desagertu arte. Duela urte eta erdi, Sukarrietako Udaleko programan udalerrian arrauna berpizteko nahia azaldu zuten, ez lehiaketetan aritzeko, “arraunaz eta gure inguruaz gozatzeko baino”. Helburu hori betetze aldera sortu zuten Sukarrieta Kanala Arraun Kirol Kluba.
“Arrauna sustatu nahi genuen herrian, herriak ez ahazteko hemen egon den txapuletako arrauna. Gainera, uste dugu gure ingurua oso pribilegiatuatua dela arraunean aritzeko”, adierazi du Iñigo Porturas zinegotziak. Taldea sortu zutenean materialik, batelik ez txaluparik ez zutela gogoratu du. Gaur egun hiru batel dituzte, eta horiek baliatuko dituzte zapatuan [irailak 28] egingo duten Arraun Kirol Klubaren egunean “diru apur bat lortzeko”. Era berean, kluberako bazkide berriak lortu gura dituzte: “Egun 72 bazkide ditugu; kopuru hori lauzpabost hilabetetan nahiko ondo dago”.
Estropada bategaz ekingo diote jaiari: “Betiko lekuan egingo dugu, baliza eta ziaboga bategaz eta gure hiru batelak egongo dira lehiaketan”. Horrez gain, erronka bat ere prestatu dute, nahi duenak parte hartu dezan: Txatxarramendiko irlari buelta ematea, erlojupeko formatuan. Estropadan nahi duenak parte hartu ahal izango duela azaldu dute, baina Sukarrietako hiru bateletan lehiatuko dira denak: “Gure batelak berdinak dira, eta norbait kanpotik txapelketako batelekin etorriko balitz, lehia ez zen orekatuta egongo”. Izan ere, klubaren bateletan bi arraunlari eta patroia joango dira; lehiaketetakoetan berriz, lau arraunlari eta patroia joaten dira. “Helburua jaia erronka moduan hartzea da, ez lehiaketa bezala”.
Arratsaldean klubari laguntzeko mahai bat jarriko dute parkean, eta bertaratzen direnek bazkide legez izena emateaz gain, merchandisinga erosteko aukera izango dute. 20:00ak aldera, sari banaketa egingo dute, eta saiheski janean bilduko dira.
Zapatuko estropadan parte hartu gura dutenek aurretik izena eman beharko dute, bai Toña tabernan bai sukarraun@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Estropadako txandan antolatu behar direnez, antolatzaileek inskripzioa ahalik eta arinen egitea eskatu dute.
Hiru batel. Hiru izango dira Sukarrietako uretan arituko diren batelak; bat dohaintzan jasoa, eta beste biak Zarautz Arraun Taldeari erosiak: “Zarautzen gure lehenenengo batelaren mota bereko bi batel aurkitu genituen, apur bat abandonatuta zeudenak; klubarekin harremanetan jarri eta erosi egin genituen”. Batelak Sukarrieta ordezkatzea nahi zuten, horregatik “izen bereziak” jarri dizkieta: lehenegoa Sandinderi du izena, “Sandinderiko irla Sukarrieta dela aldarrikatzeko”. Bigarrenari San Nikole izena jarri diote, “herriko goiko auzoren izenagatik”, eta, hirugarrenari, Solabe: “Solabe, Kanalako hondartza inguruagatik; espero dugu biharko egunez batela Kanalan egon ahal izatea, bertan daudenek erabili dezaten”.
Egun ukarrieta Kanala Arraun Kirol Klubaren bateletako bat erabili ahal izateko bazkide izatea ezinbestekoa da. Baldintza hori beteta, batelen kudeaketaren arduradunari erreserba eguna esateagaz nahikoa da, hartu, arraunean ibili ahal izateko.