Omako Basora bisita eginez itxiko dute Basterretxea 3 taupadatan ekimena
Zapatuko hirugarren eta azken jardunaldiak, Nestor Basterretxearengan eragina izan zuten korronte eta mugimenduak ezagutzeko aukera eskainiko du, Omako Basoan zehar egingo den ibilbidean. Aurretik izena eman beharko da.
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko helburuagaz, urtean zehar askotariko ekitaldi, omenaldi eta bestelakoak antolatu dituzte administrazio, museo, edota kultur eragileek, tartean Bizkaiko Foru Aldundiak. Efemeride hori ospatzeko ekitaldietan parte hartzeaz gain, aldunditik “era berezian” hurbildu nahi izan dute “gure lurraldeko kultura panoraman erreferentea den figura horrengana”. Nahi horretatik sortu zen zapatuan [irailak 28] bere azken ekintza izango duen Basterretxea 3 taupadatan ekimena.
Basterretxearen bizitza eta ibilbide artistikoaren “funtsezko hiru garai” jorratu ditu ekimenak; lehenengo taupadak bermeotarrak “umetan bizi eta gozatu zuen garaiko Bermeo” izan zuen ardatz; bigarrenean, Euskal Herria Museoak hitzaldi bat eskaini zuen, “1937ko nahitaezko erbesteraldiak” hura jasan zutenengan izan zuen eraginari buruz hausnartzeko. Zapatuko hirugarren jardunaldiak, berriz, Basterretxearengan eragina izan zuten korronte eta mugimenduak ezagutzeko aukera eskainiko du. Jarduera Omako Basoan egingo da, eta doako bi emanaldi gidatu izango dira, ordubete ingurukoak.
Basterretxea; Arte-gizona izeneko azken “taupada” honek Basterretxearen “ikuspegi intimoa eta hurbilekoa” eskainiko ditu, Fernando Bazeta EHU-ko irakaslearen eskutik. Omako Basoan zeharreko ibilbidean artista bermeotarraren “eragin artistikoak eta bilakaera” aztertzeko aukera egongo da, “XX. mendeko erreferente kultural garrantzitsuenetako bat baita”. Gainera, Agustin Ibarrolaren lanaren analisia egiteagaz batera, Basterretxeak 57 Taldeagaz izandako harremanaz, GAUR mugimenduan izandako parte hartzeaz edo Malevich artistaren eraginaz gogoeta egingo dute bertaratzen direnek.
Lehenengo emanaldia 11:00etan izango da eta bigarrena, 12:30ean. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aurretiaz erreserba egitea. Izena emateko oma@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi edo 94-465 16 57 telefonora deitu beharko dute interesatuek.