Urdaibaiko esentzia transmititzeko jarduerekin dator Urdaibai Gurie ekimena, hirugarrenez
Tokiko produktuen azoka, adin tarte guztiei zuzendutako jarduerak, ikuskizunak eta gune gastronomikoa egongo dira Ekoetxea Urdaibain, domekan [irailak 29], 11:00etatik 16:00etara.
Inguruari, pertsonen ongizateari eta eskualdeko esentzia eta ondare kulturalaren transmisioari laguntzeko konpromisoagaz jaio zen Urdaibai Gurie ekitaldia duela bi urte, eta aurten ere jarraipena izango du. Ekimena garapen jasangarriagaz bat egiten duten ekimenen lana zabaltzeko Urdaibai Biosfera Erreserbak eta Unesco Etxeak sortutako Biosfera Naiz mugimenduaren barruan kokatzen da Urdaibai Gurie. Mugimenduak Ekoetxea Urdaibairen laguntza du.
Ekitaldiaren hirugarren aldian Busturialdeko aisialdi, kultura, arte, artisautza eta gastronomia eskaintza zabalaz gozatzeko aukera egongo da, Ekoetxea Urdaibain, domekan [irailak 29]. Egun guztiko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, biosferarekin “%100eko konpromisoa” duten jarduerekin osatua: “Ekitaldiaren agendak tokiko produktuen merkatua, tailerrak, haurrentzako eta helduentzako jarduerak; ikuskizunak, aurkezpenak eta gune gastronomikoa ditu”. Hala, 11:00etan emango diote hasiera jardunaldiari, eta itxiera ekitaldia 16:00etan izango da.
Jarduerak. Nagusi zein ume, adin guztientzako pertsonei zuzendutako egitaraua prestatu dute domekarako. Helduentzako jardueren artean, mazerazioak eta barazki pateak edota galleta beganoak egiteko tailerrak antolatu dituzte, besteak beste. Poesiak ere bere tartea izango du, Urdaibai Kaligrama Fest euskarazko poesia tailerragaz.
Askotariko hitzaldiak ere antolatu dituzte. Must Kooperatiba elkarte txikiak Lupulu Gurie berbaldia eta dastaketa eskainiko ditu. Horrez gain, Gernika Gogoratuz elkarteak Bitzarako lurraldeak proiektuari buruzko hitzaldia eskainiko du eta Ortuberen Lagunak Elkarteak Bermeoko atunontziaren historia eta zaharberritze prozesuaz hitz egingo du.
Umeek, berriz, ingurumen-kontzientziazioko bi tailer izango dituzte aukeran, birziklatutako musika tresnak eta kartoizko animalia erretratuak sortzeko. Aldi berean, gainera, haurrentzako jolasez gain, aurpegia marrazteko aukera ere egongo da.
Ekoetxea inguruan bizikleta elektrikoen ibilaldiak ere eskainiko ditu Urdaibai Bike Rental ekimenak, eta nahi duenak biodibertsitatearen erakusketa orokorra ere bisitatu ahal izango du, «Urdaibai Biosfera Erreserbaren kontserbazioak duen garrantziaz jabetzeko».
Tailer eta ekimen gehienen izan ematea domekan bertan egingo da, Urdaibai Gurieren stand nagusian. Hala ere, mugatutako aurre-inskripzioa zabaldu dute, ekitaldiaren webgunean bertan —urdaibai.eus—
Azoka. Tokiko produktuen merkatuak hamahiru postu izango ditu aurten, eta Busturira hurbiltzen direnen esku jarriko dituzte “bertoko produktu, sorkuntza eta proiektuak”. Jakinarazi dutenez, Urdaibaiko paisaien argazkiekin egindako collageak, bitxiak edota artisautza piezak erosi ahal izango dira azokan. Loreek ere beraien tokia izango dute. Ehungintzako ekimenak ere bat egingo du beste urte batez Urdaibai Gurie ekimenagaz; ekitaldirako sortutako kamisetak eta puntuzko jantziak erosi ahal izango dira.
Gune gastronomikoa ere egongo da; bertaratzen direnek txakolina, artisau garagardoak, gildak, gozoak eta eztia erosteko aukera izango dute. Baserritik Gernikarakoek tokiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera ere egongo da.
Domekan Ekoetxera gerturatuko diren herritarrei ibilgailu pribatua barik, garraio publikoa lehenestea eskatu diete antolatzaileek, mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta Ekoetxeako aparkalekuko plazak mugatuak direlako.