Andra Mari eta Santa Eufemia jaien balorazio "positiboa" egin udalak
Lehenengo balorazio arin batean Bermeoko jaietako "giro ezin hobea" eta herritarren "parte hartze handia" nabarmendu ditu Endika Etxebarria kultura zinegotziak. Udalak tarteka jaiak ilundu dituen jarrerak onartzen ez dituela nabarmendu du.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak igarota, horien lehenenego balorazioa egin du Endika Etxebarria Telleria Bermeoko kultura zinegotziak. Eguraldia lagun izan ez duten arren, balorazioa “positiboa” dela adierazi du, kaleetan egon den “giro ezin hobea” eta bermeotarren “parte hartze handia” nabarmentzeagaz batera. Hala ere, egunak igarota “balorazio sakonago bat” egin beharra dagoela azaldu du.
Jai egitarauak biltzen zituen ekimen guztiak aurrera eraman ahal izan direla azpimarratu du Etxebarriak: “Gure jaiak oso parte-hartzaileak dira, herritarrak inplikatu egiten dira eta hori gero adierazgarria da jarduera guztietan. Kontzertuetan, antzerkietan, kalejiretan, prokoloetan… herritar asko egon dira”. Bermeoko Udalak jai batzordeagaz eta txosna batzordeagaz egindako “elkarlana pil-pilean geratu” dela adierazi eta horien lana goraipatu nahi izan du Etxebarriak, horiei esker Bermeok “jai herrikoi eta parte hartzaileak” eduki ahal izan dituelako. “Elkarrekin programazio borobila sortu dugula uste dut”, adierazi du kultur zinegotziak.
Aldaketekin pozik.
Jaietako egitarauak znebait aldaketa izan ditu aurten, nabarmenena andramari eta santaeufemiei hasiera emateko pregoi ofiziala lehenengoz bi ordu aurreratu izana. Udala emaitzagaz “pozik” dago, jendearen feedback-a oso ona izan delako: “Herritarren kritika onez gain, txupinazoa beste era batera bizi ahal izan dugulako”. Horregatik, datorren urtean ordutegia mantentzeko aputua egingo dela esan du Etxebarriak. Hala ere, jai hasierako ekitaldiko zeinu hizkuntzako interpreteari “ikusgarritasun gehiago” eman behar zaiola nabarmendu du, datorren urtera begira horri buelta bat eman behar zaiola gaineratuta.
Ordutegi aldaketez hitz eginda, “jai inklusiboagoak” egiteko bidean, Xixili agurraren ordutegia aurreratzea ere baloratu daitekeela adierazi du Etxeabarriak: “Ahalik eta parte hartzerik handiena izateko, ordutegia aurreratzea, agian, ondo legoke. Askok eskatu diguten kontua da, hurrengo egunean klasera edo lanera joa beharra dagoela ikusita, beranduegi egiten dela azaldu digute askok, eta penaz geratzen dira Xixili agurtu barik”.
Jaietako lehen asteburuan Almikara igotzeko Bermibusak ere “arrakasta” izan zuela ikusita, datorren urtean mantentzea aurreikusten dutela aurrera du, “ondo hausnartutako hobekuntzekin”. Berrikuntzen artean, aurten ume zein nagusien danborradei udaletxeko balkoian harrera egitea berreskuratu da, eta hori ere positibotzat jo dute. “Gaztelugatxe danborrada taldekoek pozik hartu dute udalaren erabakia, eta gu oso pozik gaude guretzat egindako ikustaldiarekin. Bai umeena zein nagusiena oso politak izan ziren”, azaldu du Etxebarriak.
Iaz harrera ona ikusita, berriro ere Bermibus Gautxoria eskainitu dute irailaren 7, 9, 13 eta 14an; aurten ere “arrakastatsua” izan da, beteta ibili baita. Gautxoriaren egun berdinetan jarri zuten puntu morea ere, eta jakinarazi duenez, ez da intzidentziarik egon.
Egitarauan lehenengo aldiz sartu duten paintball-a ere “oso ondo” joan zela zehaztu du, eskainitako txanda guztiak bete egin zirela azalduz. Play-back txapelketari, berriz, buelta bat eman behar zaiola azpimarratu du, bai euria eginez gero leku erosoago bat bilatuz, bai adin tarteetako antolaketa aldatuz.
Jaiak ilunduta.
Jaien balorazio orokorra positiboa bada ere, festa tarteka ilunduta ikusi zela aipatu du. Lehenego asteburua izan zen ilunena, besteak beste jai giroan eraso bat egon zelako, Taraskaren besoa apurtu zutelako eta borrokak egon zirelako. Bigarren asteburuan, berriz, jai eremua oso zikin geratzeaz gain, edukiontziak ere erre zituzten. “Mota horretako jarrerak ez dira udalak festa girorako gura dituenak; ez ditugu mota horretako jarrerak onartzen. Hori ez da gure jai eredua”, nabarmendu du kultura zinegotziak.
Jarrera horiei erantzuteko udaleko langileek —udaltzain, zerbitzu, garbitzaile…— egindako “lan ona” azpimarratu nahi izan du, euren lana eskertuz. Adierazi duenez, langileek “euren lekuan”egoten jakin dute eta gertakarien aurrean ahalik eta arinen erantzun dute. Era berean Herri Babesako boluntarioei ere eskerrak eman dizkie, “jaietako ekimen jendetsu guztietan egon direlako laguntza eta babesa ematen”. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak antolatzeko lanetan parte hartu duten pertsona eta elkarteen lana ere nabarmendu du, jaiak ospatzeko “ezinbestekoa” izan delako.