"Oso gutxi dira sokatira egitera animatzen diren gazteak"
Bermeotarra bi medailagaz itzuli da Mannheimeko (Alemania) munduko txapelketatik. Zilarrezko domina lortu du Gaztedigaz, eta brontzezkoa Euskal Selekzioagaz.
Alemaniako Mannheim hiriak Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa hartu du, beste behin euskal taldeentzat arrakastatsua izan dena. Guztira bederatzi domina ekarri dituzte Euskal Herrira, bost taldekako mailan eta lau Euskal Selekzioagaz. Zilarrezko eta brontzezko domina banarekin itzuli da etxera Erika Rojas, Gaztedi Sokatira Taldeko tiratzaile bermeotarra.
Mannheimetik itzuli berria zara. Nola joan da txapelketa?
Ondo. Pisu txikira aurkeztu gara, eta asko kostata, zilarrezko domina lortu dugu kluben mailan. Txina Taipeiko bi talde izan ditugu aurrean. Onenak dira eta aurten, gainera, bi talde atera dituzte. Hamasei talde geunden, bi multzotan banatuta. Finalaurrekoan 23 urte azpiko taldearen aurka aritu ginen eta bost tiraldi egin genituen. Irabazi egin genuen, baina finalean beteranoen taldea izan genuen aurrean. Oso sufritua izan zen. Euskal Selekzioagaz finalera igarotzeko Txina Taipei izan genuen aurkari; ez genuen irabaztea lortu. Brontzea lortu genuen Suediaren aurka.
Gaztedik beste behin erakutsi du talde indartsua dela. Zein da arrakastaren sekretua?
Entrenatzea. Sokatiran urte asko daramatzaten bi entrenatzaile ditugu, mundu hau oso ondo ezagutzen dutenak. Tiratzaileen inplikazioa ere ezinbesteko da.
“Egunerokotasunean lana, entrenamenduak eta bizitza uztartzea zaila da”
Nola bizi du txapelketa tiratzaile batek?
Astunena pisaketa da. Tiratzaileok taldeagaz adostutako pisu bat dugu, eta txapelketan bai ala bai hori eman behar dugu. Txapelketa hasi aurreko egunean pisatzen gara, eta pisu horrek hurrengo lau egunetarako balio du; behin bakarrik pisatzen gaituzte. Behin pisua emanda, dena da hobea. Denok goaz pisua eman eta jan eta edateko libre izateko gogoz.
Nola prestatzen dituzue denboraldiak?
Urte asko daramatzat kirol honetan, eta egunerokotasunean lana, entrenamenduak eta bizitza uztartzea zaila da. Horregatik, zerbait irabaztea ordainsari oso handia da. Urrian hasi genuen denboraldiaurrea, eta asko sufritu dugu, emaitza onak nahi genituelako. Aurten tiratzaile berriak izan ditugu, eta teknika ikasi behar izaten dutenez, gogorra da. Pozik nago, gogor lan egin dute eta horrela lortu dugu lortutakoa. Hilabete barru berriro hasiko gara entrenatzen, datorren urteko Ingalaterrako Europako Txapelketara begira.
Kluben eta selekzioen arteko tiraldik berdin prestatzen al dira?
Euskadiko Txapelketa pisuka doanez, txapela irabazten duenak ordezkatzen du Euskal Herria; taldea klubetako bera da. Arazoa da, tiratzaile gutxi garela, horregatik, irabaztea posible ikusten dugun horietara aurkezten gara. Normalean talde handia pisu txikian sartzen dugu. Beste pisuetan ere taldea aurkeztu ahal izateko beste klubetako tiratzaileekin hitz egiten dugu. Hala ere, ezin izaten gara maila guztietan aurkeztu, gutxi garelako eta eskuak txikitzen ditugulako.
Zu, gainera, goma eta lur gainean aritutakoa zara. Ondo uztartzen al dira bi denboraldiak?
Hamaika urte daramatzat sokatiran. Hasiera batean neguan goma gaineko denboraldia egiten nuen eta udaran lur gainekoa. Orain ez. Hiru txandatara lan egiten dut eta hori neguko eta udako denboraldiekin uztartzea gogorregia da. 20:30etik 22:00etara entrenatzen dugu, Laukizen; goiz esnatu behar bazara, edo gauean, ordu bat entrenatu eta jarraian korrika lanera joan behar bazara, oso nekagarria da. Horregatik, Getxoko Munduko Txapelketa jokatu eta gero, bata edo bestea egin behar nuela erabaki nuen. Nire egoera ikusita, lur gainekoa aukeratu nuen. Hala ere, urrian hasi genuen denboraldia, neguan zehar frontoian entrenatzen. Apiril aldean kalera ateratzen gara, eta maiatzean Bizkaiko txapelketak hasten dira.
“Harmailetatik babesa sentitu eta bagenekein bai ala bai tiraldia ondo bukatu behar genuela”
2013az geroztik zenbat denboraldi edo munduko txapelketa jokatu dituzu guztira?
Urte asko dira, Bizkaiko, Euskadiko, Europako eta Munduko txapelketa asko, eta ezin dut zenbaki bat esan, kontua ere galdu nuen aspaldi. Uste dut, gutxi gorabehera, goma eta lur gaineko munduko txapelketak gehituta, 16 edo 18 direla; agian gehiago.
Domina berezirik al duzu? Edo zuretzat berezia den tiraldirik?
Asko dira, baina uste dut aurten Txina Taipeiren aurka egin ditugun bost tiraldiak bereziak izan direla. Mundu mailan dagoen talderik onenetarikoa da, eta dena irabazten dute. Suitzakoak ere onak dira, baina emakumezkoen artean Txina Taipei da onena. Mannheimen lurra harea bezalakoa zen; hondartzan tiratzen zenbiltzala zirudien eta horrek tiraldiak luzatzea zekarren. Gaztedik behin ordu batetik gorako tiraldia izan zuen, eta horrek arau berriak ezartzea ekarri zuen: tiraldi batek ezin du 10 minutu baino gehiago iraun, eta taldeak geldi badaude, epaileak pasibotasuna adierazten du. Txinatarren aurka hainbat tiralditan izan genuen pasibotasuna; estreinakoan, berriz, irabazi egin genuen. Entrenatzaileak dena emanda tiratzeko esan zigun, eta aurrerantz zetozela nabaritu genuen. Izugarria izan zen. Harmaila guztia gu animatzen hasi zen; guk irabaztea nahi zuten: uste dut nazkatuta daudela, txinatarrek dena irabazten dutelako. Tiraka geundela harmailetatik babesa sentitu eta bagenekein bai ala bai tiraldia ondo bukatu behar genuela. Gaztedin nagoenetik gehien disfrutatu dudan tiraldia izan zen.
Sokatirak zale asko al ditu Euskal Herritik kanpo?
Sokatiraren mundua jarraitzen dutenek badakite ez garela Espainia, Euskal Herria baizik. Hala ere, batzuei hori zer den ulertzea kostatzen zaie. Sarri galdetzen digute hori non dagoen edo zer den, beraientzat kontu berria delako. Azken finean ia sokatiran bakarrik aurkezten da Euskal Selekzioa bezala Munduko Txapelketetara. Baina bai, jendeak oso ondo erantzuten du. Munduko Txapelketetan jende asko egoten da, bereziki Suitzan. Gainera, tiratzaile asko dituzte, eta pisu guztietara aurkezten dituzte taldeak. Suedian, Ingalaterran eta Holandan zale asko dituen kirola da.
Hamaika lekutako kirolariak batzen zarete, nolakoa da elkarbizitza?
Urte asko daramatzat, eta beti ikusten dut jende bera. Elkar ezagutzen dugu eta beti hurbiltzen da norbait agurtzera: ‘Zu atzelaria zara’ esaten didate askok. Beteranoak ia beti berdinak gara eta harremana ona da. Azken egunean denok joaten garen jai bat egiten da; sozializatzeko eta hitz egiteko balio du.
Zure ustetan, zein da sokatiraren egoera Euskal Herrian?
Oso gutxi dira sokatira egitera animatzen diren gazteak. Beti saiatzen gazteak probatzera etor daitezen animatzera, baina gazteriari irtetea asko gustatzen zaio. Sokatira kirol sakrifikatua da: uda aldera egiten da denboraldia eta jendeari jaia gustatzen zaio. Gainera pisua zaindu behar duzu eta urtean zaindu duzuna galtzea oso erraza da. Gainera, janaria eta fisikoa ere zaindu behar dira. Gaztedik, esaterako, ez du harrobi handirik; Goiherrin berriz 23 urte azpiko mutil asko dituzte. Hala ere, nahiz eta jende gutxi izan, tiratzaileak elkartu egiten dira lehiatu ahal izateko.