Hamalau bandera, errekorren liga biribiltzeko
Bermeo eta Portugaleteko ikurrinak lortuta, hamalaurekin, Castro eta Hondarribiaren errekorra hautsi du Urdaibaik. 'Bou Bizkaiak' hamargarren liga lortu du, puntu marka berria ezarrita. Ares eta San Juan Eusko Label ligako taldeak izango dira datorren denboraldian; Astillero eta Zumaiak, berriz, Euskotren ligarako postua lortu dute.
Bermeo eta Portugaleteko estropadekin bat amaitu da arraun denboraldia, hasieratik bukaerara arte protagonista argi bat izan duena: Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea. Iker Zabalak zuzendutako taldea matematikoki txapeldun zen azken asteburuari ekin aurretik, baina maila jaitsi ez eta goi goitik bukatu dute Eusko Label liga. Bermeotarrek jokoan zeuden azken bi banderak irabazi eta marka berria ezarri dute: denboraldi batean 14 bandera irabazita, Castrok eta Hondarribiak ezarritako errekorra —13 ikurrina— hautsi dute.
Bermeoko eskifaiak hamargarren Eusko Label Liga poltsikoratu du denboraldi historiko batean, eta bigarrenez jaso du jabetzan CaixaBank Koroa; 20 jardunaldietatik hamalautan nagusi izan da Gorka Aranberri patroiak gidatutako eskifaia, eta orotara, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak eta Kontxako Bandera kontuan hartuta, parte hartu duten 24 estropadetatik 18tan gailendu da Bou Bizkaia. 2009an ezarri zuen Castrok errekor berria, urte horretan lehiatu ziren 17 estropadetatik 13tan gailenduta; Hondarribiak 2015ean berdindu zuen, 19 estropadetatik 13tan garaipena lortuta. Urdaibaik zapatuan, etxeko uretan berdindu zuen marka hori, eta atzo [irailak 15], Portugaleten errekorra haustea lortu zuten.
Bermeotarrek, gainera, 2022an ezarri zuten denboraldi batean lortutako puntu marka —222 puntu— hobetzea lortu dute, 227 puntu eskuratuta. Bigarren postuan Zierbena sailkatu da, 193 puntugaz eta hirugarren, Donostiarra, 188 puntugaz.
Aurkaririk ez. Bou Bizkaia maisuki nagusitu zen zapatuan [irailak 14] Bermeo Hiriko 42. Traineruan Estropadan. Aranberriren taldeak erakustaldia eskaini zuen, baina aurretik, lehen txandan, Hondarribia, Getaria, Lekittarra eta Ondarroa lehiatu ziren. Ama Guadalupekoak hasieratik hartu zuen aurrea, eta lehen ziabogara iristerako, traineru bateko aldea zuen Lekittarrarekiko. Ondarroa eta Getaria estropadatik kanpo zeudela zirudien arren, hirugarren luzera iristerako Antiguako Amak aurrea hartuta zion Isuntzari. Azken luzerako, Hondarribiak minutu erdiko aldea zuen Lea-Artibaiko ordezkariekiko, eta 40 segundotik gora Getariarekiko. Azkenik, 21:04.98koagaz gailendu ziren hondarribitarrak; Lekittarrak 21:36.38koa lortu zuen; Ondarroak, 21:39.68koa eta, Getariak, 22:02.34koa.
Ohorezko txandan Zierbena, Donostiarra, Orio eta Urdaibai izan ziren elkarren artean indarrak neurtu zituztenak. Itsas baldintza exijenteari aurre egin behar izan zieten arraunlariek. Lehen ziabogan Zierbenak markatu zuen denborarik onena, 5:20. Urdaibai hiru segundoko atzerapenarekin zen. Poparean berriz, Aranberrik olatua hartu eta estropada guztiz irauli zuen.
Bou Bizkaia hamar segungo aldearekin iritsi zen azken ziabogara, estropada erabakita utzita. Hala ere, poparean erakustaldia eskainita, estropada lehiatzeko inolako aukerarik gabe utzi zituen aurkariak. Hain ondo ezagutzen dituzten uretan olatua hartu eta trainerua zero kalera eramanda, 20:29.26ko denboran bukatu zituzten eginbeharreko 5.556 metroak Zabalaren mutillek; 21 segundo gehiago behar izan zituen Zierbenak (20:50.34). Donostiarrak, berriz, 20:53.90ko denbora markatu zuen, eta Oriok, 21:26.50koa. Hala, Bermeoko Piskin Marinoil ikurrina etxean geratu zen, portuan elkartu ziren zaleen gozamenerako. Banderen errekorra berdinduta zuten bermeotarrek, eta azken estropadan hori gainditzera aterako ziren.
Hamalaugarrena. “Gure helburua hamalaugarren bandera irabaztea izango da; batetik bandera oso garrantzitsua dalako, urteko azken estropada delako eta zapore onarekin bukatu nahi dugulako, eta, errekorra hor dagoelako: Castro eta Hondarribiagaz berdinduta gaude, eta gure asmoa gu bakarrik gorenean geratzea izango da”, adierazi zuen Zabalak estropada aurretik. Esan eta egin. Nerbioi ibaiaren itsasadarrak
Portugaleteko Udala—El Corte Ingles Bandera hartu zuen atzo, eta beste behin, lehen paladatik bere nagusitasuna erakutsi zuten bermeotarrek.
Lehen txandan Hondarribiak erakustaldia eskaini zuen, ia hasiera batetik txanda erabakita utzirik. Lehen ziabogara iristerako, bigarrenerakiko, Ondarroarekiko zazpi segundoko abantaila zuen. Poparean, korronteari ahalik eta etekin handiena ateratzeko helburuagaz, lau ontziak estropada eremuaren erdigunea bilatu nahian aritu ziren; horrek, Ondarroa, Lekittarra eta Getariaren artean zegoen tarte txikiagarik, epaileak pala arteko txokeak ekiditeko neurriak hartu behar izatea ekarri zuen. Getariako eskifaiak 3 segundoko zigorra jaso zuen, itsasoko epaileak bi ohartarazpen eman zizkiolako. Ama Guadalupekoak 19:52.46ko denboran gelditu zuen erlojua, Getariak baino ia 10 segungo lehenago (20:02.16). Antiguoko Amak 20:08.68ko denbora behar zuen hiru itsas miliak egiteko, eta Lekittarrak, 20:12.50ekoa.
Urdaibai, Orio, Zierbena eta Donostiarraren txanda iristerako, haizeak goranzko joera hartu zuen, estropadan zehar ere bere zeresana izanik. Bou Bizkaiak hasieratik aurrea hartu zuen txandan, baina denborarik onena oraindik Hondarribiak markatutakoa zen. Lehen ziabogara iristean, Bermeo-Urdaibai hirugarrena zen: Ama Guadalupekoa baino 8 segundo motelago eta Antiguoko Amak markatutako denboratik gertu. Poparean berriz, estropada irauli egin zen: Orio eta Urdaibaik ia denbora berdinean egin zuten ziaboga, eta Hondarribia dagoeneko 2 segundo galduta zegoen. Ziabogatik irtenda, hirugarren luzean estropada guztiz hautsi nahian aritu zen Aranberrik zuzendutako eskifaia, eta baita lortu ere. Palak etenik gabe astinduta, Hondarribiarekiko zein txandako lehiakideekiko abantaila handituz joan ziren.
Azken 900 metroetan murgilduta, Urdaibaik bere esku zuen dagoeneko hamalaugarren bandera, 9 segundoko aldea baitzuen Hondarribiarekiko, eta 10 segundokoa txandako bigarrenerarekiko. Bermeoko eskifaiak 19:39.60ko denboran eten zuen erlojua, Orio baino bederatzi segundo azkarrago (19:48.70). Lehia estua egon bazen ere, oriotarrak azkenean bigarren postua lortu zuten estropadan, Hondarribiaren aurretik. Donostiarrak, berriz, 19:54.82ko denbora behar izan zuen, Zierbena, estropadako motelenak baino 21 segundo gutxiago (20:15.98).
Talde suntsiezina. Aranberri, Eusko Label ligako denboraldiko patroirik onena, taldeak egindako lanagaz pozik agertu zen: “Kale ona tokatu zaigu, baina aprobetxatzen jakin behar da. Mutilek, beste behin, estropada perfektua egin dute”.
Denboraldi berezia izan da patroi donostiarrarentzat ere, bandera guztiez gain, aurten irabazi baitu lehenengoz patroi onenaren saria; denboraldiaren balorazioa “hamarretik gorakoa” dela adierazi zuen estropada bukatuta: “Taldeak denboraldi hasieratik erakutsi duen jarrera oso ona izan da; negua txarra izan da, eta entrenamendu bat bera ere ez dugu fallatu: lehengo urteko denboraldi on hori botata, konpromisoa hartu genuen, umiltasun hortan zerotik hastea oso gogorra egiten da, baina umil lan egin dugu, egunez egun, eta udaran hau bonba bat izan da”. Azpimarratu duenez, denboraldian ikusitako lana “duela bi denboraldi” hasitako lana da, udan “puntu gorenera” iritsi dena.
Trainerutik kanpo geratu diren taldekideak ere gogoan izan zituen patroiak: “Etengabe bultzatzen aritu dira. Aurtengo taldea suntsiezina izan da, 10etik gora portatu dira”. Era berean, zuzendaritzari eta zalegoari ere eskerrak eman nahi izan zizkien, jasotako animo eta besarkadengatik.
Denboraldi historikoa ospatu eta arraunlariak zoriontzeko aprobetxatu zuten atzo bermeotarrek, taldeari Lameran egindako harreran. Jendetza bildu zen bertan, taldea txalo eta bengala artean agurtzeko. Arraunlariek denboraldian zehar lortutako banderak eta jabetzan lortutako koroa eskaini zizkieten bertaratutakoei.
Playoff-ak, erabakita. Ohi legez, denboraldiko azken asteburuagaz batera EuskoTren ligako eta Eusko Label ligako play-offak jokatu dira. Bermeo izan zen hauen lehen eszenatoki. Jardunaldia Euskotren Ligako playoffekin hasi zen eta Cabo da Cruz —Euskotren ligako zazpigarrena—, Astillero eta Zumaia —ETE Ligako lehen biak— eta Chapela —Galiziako txapelduna— aritu zirenn erlojupeko formatuan nor baino nor gehiago. Astillero eta Zumaiaren arteko parekotasuna izugarria izan zen, eta fotofinisha erabili behar izan zen irabazlea ezagutzeko. Astillerok lortu zituen lehen jardunaldiko 4 puntuak, erlojua Zumaiak baino 12 ehunen lehenago geldituta. Eusko Label ligari dagokionez, Ares eta San Juanek aparteko nagusitasuna erakutsi zuten: bi traineruak segundo bakarreko aldeagaz bukatu zituzten lanak, gainontzeko lehiakideak —Chapela, Itsasoko Ama eta San Pedro—oso atzean utzita.
Bermeoko jardunaldiak nahiko erabakita utzi ohi ditu playoffak, baina hala ere, uretan lehiatu beharra egoten da. Portugaleten aurreikusitako pronostikoak bete ziren, eta beste behin, Astillero eta Zumaiak beraien nagusitasuna erakutsi zuten, datorren urtean EuskoTren ligan lehiatzeko postuak eskuratuta. Gizonezkoetan ere ez zen ezustekorik izan; aurreko egunean Bermeon egin bezala, Ares eta San Juan izan ziren azkarrenak, ordena iraulita: San Juanek 19:41,12ean eten zuen erlojua, galiziarrek baino zazpi segundo azkarrago. Hala, bi talde horiek izango dira maila galdu duten Bueu eta San Pedroren lekua hartuko dutenak.