Etxeko uretan banderen errekorra berdindu nahi du Urdaibaik
Bermeo Hiriko 42. Traineruan Estropada aurkeztu dute gaur. Piskin Marinoil ikurrinaz gain, Euskotren eta Eusko Label ligetako igoera eta jaitsiera kanporaketak jokatuko dituzte zapatuan [irailak 14], Bermeoko uretan.
Kontxako bandera igarota, dagoeneko arraunzaleak Bermeora begira daude, bertan jokatuko baita, beste urte batez, denboraldiko azken asteburuko lehen estropada. Eusko Label Ligako bandera 19. bandera jokoan egoteaz gain, zapatuan [irailak 14] Euskotren eta Eusko Label ligetako igoera eta jaitsiera playoff- fasearen lehen jardunaldiak ere lehiatuko dituzte. Gaur eguerdian [irailak 11] aurkeztu dute Bermeo Hiriko 42. Traineruan Estropadako bandera: Piskin Marinoil ikurrina.
Ohi legez, jardunaldia Euskotren Ligako playoffekin hasiko da; ordua “ofizialki zehaztea falta” bada ere, 17:35ean hastea aurreikusten da. Bertan Cabo da Cruz —Euskotren ligako zazpigarren sailkatua—, Astillero eta Zumaia —ETE Ligako lehen bi sailkatuak— eta Chapela —Galiziako ligako txapelduna— arituko dira nor baino nor gehiago. Erlojupeko formatuan egingo dituzte lanak: 2.778 metroko distantzian bi luze eta ziaboga bat. Traineruak minutu bateko tarteagaz irtengo dira, zozketa bidez aukeratutako ordenean.
Emakumeek bukatu eta gero, 18:08 aldera, gizonezkoen play-off-en txanda izango da. Datorren denboraldian Eusko Label Ligan aritzeko bi postuetako bat lortu nahian arituko dira Galiziako ligan lehen bi postuetan sailkatu diren Ares eta Chapela, KAE1 ligako lehen bi sailkatuak izan diren San Juan eta Itsasoko Ama, eta San Pedro, TKE ligako 11. sailkatua. Domekako estropada erabakigarrirako denbora ona lortu nahian ariko diren eskifaiek hiru itsas milia egin beharko dituzte, hauek ere erlojupeko formatuan.
Errekorraren bila. Eusko Label Ligako irabazlea erabakita dago. Urte guztian zehar bere nagusitasuna erakutsi eta gero, Getariako estropadan matematikoki ligako txapeldun bihurtu zen Bermeo-Urdaibai Arraun Elkartea. Hala ere, zapatuan etxeko uretan “dena ematera” aterako dira, badutelako motibazioa: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak, Kontxako Bandera eta Eusko Label Liga irabazi eta gero, denboraldiko 13. bandera irabaztea. “Helburua bandera irabaztea da, hamahirugarrena. Horrekin Castro eta Hondarribia berdinduko ditugu”, azaldu du Agustin Aranburu Urdaibaiko presidenteordeak. Hori eskuratuko balute, domekako estropadan errekorra hausteko aukera izango luke Bou Bizkaiak, Portugaleten.
Estropada 18:51an hasiko da, eta TKE ligako zortzi onenak izango ditu protagonistatzat, bi txandatan banatuta. Lehenengo txandan Hondarribia, Getaria, Lekittarra eta Ondarroa lehiatuko dira; bigarrenean, 19:20 aldera, berriz, Zierbena, Donostiarra, Orio eta Urdaibai bera. Horien eginbeharra ohikoa izango da: 5.556 metro, 4 luze eta hiru ziaboga, ohiko formatuan.
Irabazleak, sari ekonomikoaz gain, Piskin Marinoil ikurrina eskuratuko du, Urdaibairen bultzatzaileetako baten izena eramango duen bandera. “Aitaren omenez egiten dugu estropada. Urdaibaiko sortzaile eta zendu arte babesleetako bat izan zen. Ea bandera Bermeon geratzen den, eta aurtengo denboraldia biribiltzen dugun”, azaldu du Ortzi Allika banderaren babesleak.
Zaleei deia. Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiekin bat egingo du arraunak zapatuan, eta “giro ezin hobea” aurreikusten du Aranburuk: “San Juan, San Pedro eta Santurtzi etorriko dira, jende asko mugitzen duten taldeak. Jende asko eta giro ona egongo direla uste dut”. Hala ere, herriko zaletuei ere kalera atera eta taldeari babesa emateko deia egin die, bereziki gazteei: “Zaleek ez dute hutsik egiten, baina agerikoa da zalegoa nagusia dela. Gainera, telebistak zuzeneko ikusleak kentzen dizkie estropadei”.
Arraunean “belaunaldien arteko erreleboa” ematearen beharra antzeman du bermeotarren presidenteordeak, eta arrauna “kirol polita” dela nabarmenduta, zapatuan estropada ikustera hurbiltzeko eskatu die. Aurrekoetan bezala, Portuzarrean pantaila erraldoia egongo dela ere iragarri du, zaleek “giro onean” estropada ikusteko aukera izan dezaten.
Lanari aitortza. Arraunaren “lehen mailako ikuskizuna” hartuko du Bermeok, eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak estropadaren atzean dagoen “lan handia” beregain hartzeagatik eskerrak eman dizkie antolatzaile eta boluntario guztiei: “Euren laguntza barik hau guztia prestatzea ezinezkoa izango litzateke”. Era berean, zapatuan Sukalki Eguna dutela gogoratu du, bazkalosterako plan hoberik ez dagoela esanez: “Ziur gaude zapatuan herria jendez beteta izango dugula, asko izaten direlako egun berezi hau gurekin ospatzera bertaratzen direnak”.
Adierazi duenez, “ohorea da” Eusko Label Ligaren azken-aurreko estropada Bermeoko uretan egitea, eta ligan parte hartu duten talde guztiak zoriondu nahi izan ditu: “Talde guztiei zorionak eman gura dizkiet, baina, batez ere, gure herriko taldea zoriondu gura dut. Lan izugarria egin duzue denboraldi guztian, zuen esfortzuak fruituak eman ditu”.