Jaiak, herriko hizkera zabaltzeko aukera
Eingule? lehiaketaren hirugarren aldia hartuko du Bermeok irailaren 6an [barikua]. Gazteen parte hartzea bultzatzeko helburuagaz, kuadrillen arteko lehiarako puntuagarria izango da lehiaketa; hala ere, edonork parte hartu ahal izango du.
Bermeoko berbekin jolasean aritzeko Eingule? lehiaketa berritasunekin dator bere hirugarren aldian. Izan ere, oraingoan egun bakarreko lehiaketa izango da, eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaien barruan egingo da. Gazteen parte hartzea sustatzeko asmoz, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak, lehiaketa txosna gunea zabaltzen den egun berean egitea adostu du Bermeoko Txosna Batzordeagaz. Hala, Eingule? lehiaketa irailaren 6an [barikua] egingo da, 20:30ean, txosna gunean.
Lehiaketa txosna batzordeak antolatutako kuadrillen arteko txapelketarako puntuagarria izango den arren, parte hartzea herritar guztiei zabalik egongo dela azaldu dute; banaka, bikoteka edo taldeka parte hartu ahal izango da. Telefono mugikor bidez jolastu beharko da, Kahoot formatua erabiliko baita.
Parte hartzaileek 30 galdera erantzun beharko dituzte, eta puntuazio altuena lortzen duten hirurak finalera sailkatuko dira. Azaldu dutenez, ondo erantzuteaz gain, denbora ere kontuan izango dira puntuazioetarako. Sariak herriko denda batean gastatzeko 60 euroko, 100 euroko eta 150 euroko txartelak izango dira.
Kultura zabaldu.
Lehiaketak udalerriko “hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea” du xede, bermeotarrei “nortasuna” ematen dion hizkerak duen “baliagarritasuna” agerian uzteagaz batera. Hala, herritarrak hitz egiten jarri eta Bermeon erabiltzen diren “hitz errazak berreskuratzea” du helburu lehiaketak.
Domekan hasi [irailak 1] eta txapelketaren egunera arte, sei bideo zabalduko dira sare sozialetan; bideo horietan erabiltzen diren berbak ahalik eta gehien zabaltzea da Euskara Sailaren asmoa. Horrez gain, lehiaketaren egunean bertan, hainbat mezu dituzten pegatinak banatuko dira txosna gunean.
Iker Bilbao San Nikolas Bermeoko Euskara zinegotziak lehiaketan parte hartzera animatu ditu bermeotarrak: “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du, eta gurea berreskuratu eta indartu nahi dugu”. Hirugarren aldi honetan gazteen parte hartzea bultzatu gura izan dutela azpimarratu du, edozeinek parte hartu ahal badu ere: “Ahalik eta jende gehienak parte hartzea espero dugu. Animatu datorren barikuan txosna gunera bertaratzen, euskararekin ondo pasatzeko aukera izango duzu herriko jaien atarian”.