Erakustaldia eskainita, zortzigarrena ondo bideratuta du Urdaibaik
"Denboraldiko estropada onena" eginda nagusitu da Urdaibai Kontxako lehen jardunaldian: 14.10 segundoko aldea lortu du Zierbenarekiko. Donostiarra eta Oriok osatuko dute Ohorezko Txanda domekan. Emakumeei dagokienez, Arraun Lagunakek egin du denborarik onena.
Bi jardunaldi jokatzear direla Eusko Label Ligako lehen postua ziurtatuta, jokoan den 129. Kontxako Bandera Bermeora eramatea dute orain jomuga Urdaibai Arraun Taldekoek. Arraunlariek azaldu bezala, “urte guztia begira egoten diren data” da, eta hori agerian gelditu da lehen jardunaldian: lehen arraunkadatik erakutsi baitzuten beraien nagusitasuna Donostiako uretan.
Zailtasun berezirik gabeko estropada izan zen. Gizonezkoen txanda iristerako ura gora zetorren arren, haize gutxi izan zen eta ez zuen zeresanik izan; zerbait gehiago korronteak. Kaiku, Cabo, Hondarribia eta Zierbena lehiatu ziren lehen txandan. Inolako erreferentziarik ez zutenez, erlojupeko proba egin zuten. Sailkatze-estropadan erakutsitako botereari eutsiz, atzokoan ere Galipoak izan ziren txandako azkarrenak; ziabogan 09:57,00ko marka ezarri, eta 19:19.59an bukatu zituzten lanak.
Bigarren txandan atera ziren Orio, Getaria, Donostiarra eta Urdaibai. Zozketa bidez esleitutako kale banaketa badirudi alde izan zuela Iker Zabalak zuzendutako eskifaiak. Ipar-mendebaldetik jotzen zuen haizeak, ustez brankaz laugarren kalea — Bou Bizkaiarena — joateko onena bihurtuz. Bermeoko taldearen helburua “betiko moduan, irabaztea” zen. Esan eta egin.
Lehen paladatik aurrea hartu zuten Gorka Aranberri patroiak zuzendutako traineruak. Bi minutuko lanagaz, txandakoekiko zein Zierbenenarekiko 2 segundoko aldea zuen, estropadak aurrera egin ahala handituz joan zena. Ziabogarako 500 metro falta zirelarik, Bou Bizkaiak irabazia zuen itzulerako kalea, baina bermeotarrek ez zuten erritmoa jaitsi: minutuko 38 paladatik gora mantendu zituzten. Lan erditan, Galipoen denbora 5 segundotan murriztuta zuten (09:52,00). Bere txandan ere ez zuten areriorik aurkitu.
Ziabogatik irtenda, olatuari eta haizeari jarraituta nabarmen egin zuten ababorrera txandako lau taldeek poparean. Aurkariekiko zuen aldearen jakitun, bide azkarrena lortu nahi zuen Aranberrik. Azken 2778 metroetan hustu egin ziren arraunlariak: uharte paretik 9 segundo ateratzen zizkion Zierbenari. Bigarren jardunaldirako abantaila handia bazuten ere, arraunlariei erritmoa eutsi eta olatua hartzeko eskatu zien: 200 metroren faltan, minutuko 42 arraunkadan aritu ziren bermeotarrak. Hala, 19:05,48ko denboran bukatu zituzten lanak: atzetik iritsi ziren Donostiarra (+0:15,42), Orio (+0:25,22) eta Getaria (+0:46,68). Helburua gogotik bete zuten Bermeoko eskifaiak, erreferentziazko denbora, Galipoena, 14 segundoan murriztea lortu baitzuen. Hala, domekan Ohorezko Txandan arituko direnak ondorengoak izango dira: Urdaibai, Zierberna, Donostiarra eta Orio.
Estropada biribila. Emaitza horrekin, bigarren jardunaldira begira ondo bideratua dute bandera. Urte guztian data horren zain egon arren, eguna heltzean asmatu beharra dago, eta Aranberrik taldekideen lana goraipatu zuen: “Egunaren zain ziren eta denboraldiko estropada onena egin dugu”. Domekako [irailak 8] jardunaldira begira pauso handia eman badute ere, aldatsetik banderagaz atera arte edozer gerta litekela badaki patroiak: “Bandera eskuan izan arte ez dugu bukatutzat emango”. Azken hiru urteetan Aranberri izan da Kontxako bandera astindu duena — 2021ean Santurtzirekin, eta azken bi urteetan Urdaibairekin —, eta aurten ere momentu hori errepikatu nahian dabil donostiarra.
Lugañeneren erakustaldia.
Emakumezkoen 17. Kontxako banderari dagokionez, ezustekorik ez. Denboraldi guztian erakutsitako nagusitasunari jarraiki, Arraun Lagunak nagusitu zen lehen jardunaldian. Domekako estropada erabakigarrirako 9 segundoko aldea du Oriorekiko.
Lehen txandan Kaiku, Chapela, Astillero eta Orio lehiatu ziren, hau da, EuskoTren ligako talde bakarra —Orio—. Chapela berriz, Galiziar ligako onena izan da aurten, eta Astillero ETE Ligako txapeldun. Kaiku laugarren sailkatu da liga horretan. Oriotarrek beraien mailaren zergatia erakutsi zuten, 10:37.36ko denboran gelditu baitzuten erlojua, Astillero baino 12 segundo azkarrago.
Faborito nagusia, Lugañene, bigarren txandan lehiatu zen Donostiarra, Tolosaldea eta Hibaikagaz batera. Iaz marka berria ezarri zuen Arraun Lagunakek, eta aurten hori apurtzerik lortu ez badute ere — lau segundora gelditu dira —, hasieratik eta bukaerara arte nagusi izan dira. Bi txandetan haizeari dagokionez baldintzak oso antzekoak izan ziren arren, poparean baino brankaz gehiago sufritu zuten Arraun Lagunakekoek: 10:27.26ko denbotan eten zuten kronoa.
Bigarren jardunaldia baino “garrantzitsuagoa” zen lehenengoa Donostiako eskifaiarentzat, eta hala erakutsi zuten uretan. Lehen domekan inoiz lortu duten abantaila handiena lortu dute, eta egin duten balorazioa “oso positiboa” da. Bederatziko segundoko aldeagaz, astea lasai hartu eta domekan “egin beharrekoa egitera” aterako dira EuskoTren ligako txapeldunak.
129. Gizonen Kontxako Banderaren 1.jardunaldia
- 1. Urdaibai 19.05,48
- 2. Zierbena 19.19,58 (+14,10)
- 3. Donostiarra 19.20,90 (+15,42)
- 4. Orio 19.30,70 (+25,22)
- 5. Hondarribia 19.32,90 (+27,42)
- 6. Kaiku 19.46,26 (+40,78)
- 7. Getaria 19.52,16 (+46,68)
- 8. Cabo 20.02,50 (+57,02)
17. Emakumeen Kontxako Banderaren 1.jardunaldia
- 1. Arraun Lagunak 10.28,26
- 2. Orio 10.37,36 (+9,10)
- 3. Tolosaldea 10.40,4o (+12,14)
- 4. Donostiarra 10.42,06 (+13,80)
- 5. Astillero 10.49,72 (+21,46)
- 6. Chapela 10.54,74 (+26,48)
- 7. Hibaika 11.01,88 (+33,62)
- 8. Kaiku 11.02,24 (+33,98)