Paul Etxebarrieta: "Mendia errespetatu eta zaindu"
Euskal Herriko paisaia ikusgarriak, agerian daudenak eta ezkutuan egon nahi dutenak bildu ditu Paul Etxebarrietak, Road Bidea proiektuan. Orrialde honetan zentzumenak pizten dituzten argazki horietako batzuk bildu ditu HITZAk.
“Seigarren argitalpenerako hau prestatu dut: Oraingoan sei argazki aukeratu ditut. Udako koloreekin jarraitzen dugu; egunsenti koloretsuak, iluntze laranjak edo lainotsuak, gauak ilargiaren islaz argiturik…”, dio Paul Etxebarrietak.
“Orain, uda garaian, gure mendiak, basoak eta ibaiak mendizale askok bisitatzen dituzte. Bertan zenbait animalia ikusi ahalko ditugu ixilik bagabiltza, bai tontorrean, zein basoetan. Baita izugarrizko paisaiak ere. Gogoratu mendia ez dela gurea, berarena baino; hori dela eta, errespetatu eta zaindu egin behar dugu”.
Argazkian Seoane Sugegorria ikusi dezakegu. Gure mendietan bizi da eta geldirik ikusi ahal dezakegu eguzkia hartzen edo leku batetik bestera joaten. Askok ikara edo nazka izaten diegu honelako animaliei. Kantauriko itsasertzean topatzen den endemismo bat da eta garrantzi handikoak dira ekosistemarentzat. Honelako edo bestelako bat ikustean ez da gomendatzen ikutzea, ezta animalia ikaratzea.
Hegaztiak ere ugariak dira gure inguruetan. Zapelatz Arrunt hau Europako harrapari ugariena da, askotan ikusi dezakegu errepide ondoko zuhaitz batean jarrita ehiza egiteko prest.