Herriko ohiturak galdu ez daitezen
1980an sortu zuten Harri Berri Elkartea, herri kirolak bultzatzeko asmoz. Geroztik, hamaika gauza aldatu badira ere, herrian horiek presente egoten jarraitzeko lan egiten dute. Horren adibide dira Santiago eta Santa Ana jaietan antolatutako saioak.
Busturian, Euskal Herriko beste hainbat udalerritan bezala, herritarrak plazan elkartzeko aitzakia izan dira urte luzez, herri kirolak. 1971. urtean hasi ziren busturiarrak asto probak egiten, herriko astoekin. Beranduago zabaldu zieten atea gainontzekoei, izen-emate librea ahalbideratuta. Busturiko Baserri Kirol Elkartea izenpean eman zituzten lehenengo urrats horiek, “herri guztiek erabiltzen zuten izen berarekin”.
Astoak bai, baina Busturian ez zuten herri kiroletan aritzeko harririk, eta alokatu egin behar izaten zuten. Hala egin zuten bi urtetan, behar zuten bakoitzean beste herri bati harria eskatuta. “Harria alokatzea garestia zenez, berria erostea erabaki genuen”. 1980an hartutako erabaki hori izan zen Harri Berri Elkartearen sorrerarako lehenengo pausoa. Hasiera batean hiru lagun elkartzen ziren, herri kirolen “arlo teknikoa” gustuko zutelarik. Garai hartan ez zen kinielarik egiten, baina pegatinak egin edo «txapela pasatzen» zen: “Jasotako diruagaz ordaintzen ziren sariak”. Urteak aurrera egin ahala, “gehixeago” izaten hasi ziren, bai “morboa” zegoelako, bai kinielak egiten hasi zirelako. Elkartean gutxi baziren ere, herritarren erantzuna “egundokoa” zen.
Herri kirolek Busturian izandako garai onenean, Euskal Herri osotik etorritako astoek parte hartzen zuten: “20tik gora ziren, eta lauzpabost egunetan egiten genituen probak. Kristoren arrakasta izan zuten”. Hala, busturiarren erantzuna ikusita, 1987an udalak probalekua inauguratu zuen. Garai hartatik 2010. urte ingurura arte “ondo” eutsi zioten herri kirolek, gerora baina, beherakada hasi zen: “Ohiturak aldatuz joan dira. Urte horretarako utzi egin genion asto probak egiteari”.
Probalekua estreinatu zutenetik, idi probak ere beren tokia hartuz joan ziren: “Ia gaur arte egin izan ditugu, bereziki Santiago egunean”. Izan ere, elkartetik aldatuz joan dira auzoetan eskaintzen dituzten saioak; urte batzuetan asto probak antolatu dituzte, gero idi probak, zaldi probak… “Jendeari aldatzea gustatzen zaio”.
Harri Berritik ez dira animaliak erdigunean dituzten kiroletara mugatu, besteak beste Bizkaiko zein Euskal Herriko segalari txapelketak ere antolatu baitituzte. “Gu herri kirolen bitartez mugitu gara, eta gure nahia kultura hori zabaltzea izan da”, azaldu dute. Halaber, inguruko eskoletan ere aritu dira txikienei herri kiroletan aritzeko laguntza ematen. Horrenbestez, busturiarrek «pozik» hartu dute herri kirolak bultzatzeko azken urteetan talde ezberdinak sortu izana: “Batak ez dio besteari tartea kentzen; plazako kirola eta probalekukoa ondo bizi daitezke batera, gainera, askotan jende bera da”.
Arrakasta berreskuratzea.
Sasoi batean Busturian «asto asko» zeuden, baserrietan lanerako erabiltzen zirelako. Egun, ordea, ez asto, ez idi, baserrietako “lan gehiena traktoreekin” egiten da. Elkartetik uste dute horrek, gizartearen ikuspegia aldatzeagaz batera, eragina izan duela beherakadan. Harri Berriko kideentzat “pentsaezina” da probek sasoi batean izandako arrakasta berreskuratzea: “Lehen, lehengai ona zegoen, orain ez dago”.
Hasieratik finkatutako helburuak mantendu badituzte ere, horiek zeharka moldatuz joan dira: “Guk erakusketak egin nahi genituen, herrian dagoena ezagutzeko. Egun, gure nahia herriko jaietan herri kirol ikuskizuna mantentzea da helburua, antzinako gauzak ez galtzeko eta garbi jokatzen dugula ikusteko”.
Lasto altxatze txapelketa.
Gaur egun elkartea 23 lagun inguruk osatzen dute, eta ez dute ekintzak antolatzeko eta lanerako arazorik: “Arazoa litzateke lan handia egin eta gero inor ez hurbiltzea”. Horren isla da, besteak beste, Sustabiz Fundazioari Busturian eskaini zuten erakustaldian lagundu izana, baita gaurko, Santa Ana egunerako, Axpe auzoan antolatu duten idi proba saioa ere. Hitzordua 19:00etan jarri dute, probalekuan, eta honakoak izango dira parte hartzaileak: Iturbe Anaiak harategia (Paresi), Kamiñoko erretegia (Murueta) eta Rafa Alegria (Bermeo). Horrez gain, biharko Bizkaiko Lasto Altxatze Txapelketa ere antolatu dute. “Idi probak dira Busturian jende gehien biltzen duten kirola: Euskal Herrian errege dira”.
Elkarteak jarraipena izatea “oso zaila” dela uste dute, gazteek “pentsamolde guztiz ezberdina” dutelako: “Herriko ekintzetan parte hartzea kostatzen zaiela ikusten dugu herrian”. Erreleboa iritsi bitartean, egungo kideak lanean jarraitzeko “gogotsu” daude.