Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ez du Urdaibaiko plan estrategikoan parte hartuko
Plataformak prozesu parte hartzailerako gonbidapena jaso badu ere, uste dute prozesuaren asmo bakarra aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren "jarrera berretsi" eta Guggenheim Urdaibai proiektuagaz "bai ala bai" aurrera egiteko "onarpen soziala" lortzea dela.
EAJ eta PSE-EEk Busturialdea biziberritzeko plan ekonomikoa aurkeztu zuten Legebiltzarrean urtarrilean, eta gutxinaka horren inguruko xehetasunak publiko egiten joan dira. Bizkaiko Foru Aldundiak “prozesu parte hartzaile zabal bat” abiatuko du eskualdeko “eragile garrantzitsuak” barne hartuko dituena. Lehen faseko lanak Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren esku utzi dituzte; hauek Guggenheim Urdaibai Stopi prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin dioten arren, plataformatik uko egitea erabaki dute.
Orkestratik elkarrizketa bat egitea proposatu zieten plataformako kideei, eragile ezberdinek eskualdea nola ikusten duten ezagutzeko helburuagaz. Horretarako, sei galderako dokumentu bat helarazi zieten. “Galderak oso orokorrak dira, eta berdin-berdin balio dezakete suspertse-beharrean dagoen Euskal Herriko edozein eskualdetarako”, azaldu dute Guggenheim Urdaibai Stopetik. Urratsei, parte hartzaileei edota helburuei buruzko informaziorik ez zutenez, plataformatik horiek argitzeko eskaera egin zieten Orkestrari, “barne-gogoeta” bati ekiten zioten aldi berean.
Uztailaren 5ean jaso zuten erantzuna, “azalpen argiekin”. Urratsei dagokionez, fase bakarreko prozesua izango da; hau da, Orkestra behin bakarrik bilduko da parte hartzen duten eragileekin: “Beraz, besteak beste, ez da egongo eragileen artean hausnatu eta eztabaidatzeko fororik”. Parte hartzaileei dagokienez, Busturialdeko alkate guztiek zein erakunde eta elkarte batzuek — ADR Urremendi, Bermeoko Behargintza, Azti, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua…— jaso dute prozesuan parte hartzeko gonbidapena, “guztiak ere aldundiak hautatuak”.
Elkarrizketaren helburuei dagokionez, berriz, erantzunak txosten batean jaso eta aldundiari bidaliko dizkietela jakinarazi dute. Txostena plan estrategikoa egiteko erabiliko du aldundiak, baina horretan ez da elkarrizketan emandako “zita literalik” jasoko: “Galderei emandako erantzunen sintesia jasoko da”.
Ardura eta erantzukina.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformatik adierazi dutenez, “ardura eta erantzukizun handiz” aztertu dute egoera: “Arduraz, behin eta berriz aldarrikatu dugulako Busturialdearen etorkizunaz berba egiteko prozesu bat abiatzeko beharra. Erantzukizunez, badakigulako eskualdeko eta eskualdeaz kanpoko eragile eta banakako askok gure esku utzi dutela Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko zeregina, plataformaren ekimenak bai kalean bai ekonomikoki babestuta”. Hala, azterketa egin eta gero, ez parte hartzea erabaki dute.
“Hau ez da eskualdea eskatzen ari den prozesu parte hartzailea”, azaldu dute, besteak beste, gonbidatuen artean alderdi politikoak eta erakunde publikoak daudelako: “Ez ordea, eskualdearen egoera inork baino hobeto ezagutzen duten eragileak —sindikatuak— eta orain hartzen diren erabakiek etorkizunean inori baino gehiagori eragingo dieten pertsonen kolektiboak —gazte-mugimenduak—, ezta eskualdearen dinamizazioaz epe luzez arduratu diren hainbat elkarte. Bestalde, prozesu honek ez du kontuan hartzen herritar banakoen parte-hartzea”. Horrez gain, salatu dute txostenean ezingo direla parte-hartzaileen “erantzun zehatzak” irakurri, eta, ondorioz, ez dela eragile bakoitzaren erantzuna identifikatzeko modurik.
Modu berean, Orkestratik helarazi dizkieten galderetan “ez dago museoari buruzko galdera zehatzik”: “Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen dugu, eta horretarako gaude lanean. Galderetan proiektu hori aipatu ere egiten ez bada, zein da gure papera prozesu horretan?”. Aldundia eta Eusko Jaurlaritza erabiltzen ari diren gobernantza-eredua “ilun eta autoritarioa” dela salatu dute plataformatik: “Parte-hartzaileak aldundiak hautatu ditu, ez hain benetako egokitasunari begiratuta, baizik eta isildu beharreko ahoak kontuan hartuta”.
“Eztabaida irekia eta eraikitzailea”.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideen ustetan, prozesuaren “asmo bakarra” aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera berretsi eta “egitasmoarekin bai ala bai aurrera egiteko behar duten onarpena soziala” lortzea da. “Guggenheim Urdaibai Stop plataforma ez da sartuko joko horretan. Aldunditik bultzatutako elkarrizketen errondan parte hartuz gero, txarto eta interesatuki planteatutako prozesu bat eta hartatik ateratako ondorioak legitimatuko genituzteke, eta ez gaude horretarako prest”, adierazi dute. Izan ere, horien ustetan “eragile sozioekonomiko guztiek” izan behar dute prozesuan parte hartzeko aukera, eztabaida “irekia eta eraikitzailea” izan behar delako: “Beste ezertan hasi aurretik, mahai gainetik kendu behar da, esplizituki, Guggenheim Urdaibai proiektua”.
Plataformatik “benetako prozesu partizipatibo” batean parte hartzeko prest agertu dira, beraien ekarpena “baliagarria” izan daitekeela ikusten bada: “Hementxe izango gaituzue, lanerako, hausnarketarako eta eztabaidarako prest, eskualdeko erakundeekin, eragile sozioekonomikoekin eta herrikideekin batera Busturialdearentzat etorkizun duin eta jasangarri bat eraikitzen hasteko gertu. Bitartean, ez diegu utziko agintari politikoei eta administrazio publikoei Guggenheim Urdaibai Stop plataforma haien interesan alde erabiltzen”.