Alde zaharreko lehenengo jaiek aurreikuspenak gainditu dituzte
Ohiko Baztarreko jaiekin biribilduko dituzte bihar [uztailak 21] ospakizunak.
Alde Zaharreko I. jaietan murgilduta dago Bermeo. Txosna batzordeak bultzatuta jaio diren festa hauek eduki politikoa dute oinarri, eta egitaua gauera mugatu beharrean egunekoa indartzea bilatzen dute. Horregatik, Goiko Plazan bildu dira gaur [uztailak 20] eguerdian Munduko jatekuek auzo bazkarian.
“Sukaldatzen, lagunekin, tortilla txapelketetan bezala, edo, adorerik ez badago, etxean sukaldatu eta jatekoagaz bajatu daitezela kalera”. Esaldi horrekin aurkeztu zuten gaurko ekimena, eta “uste baino jende gutxiago” gerturatu bada ere, antolatzaileak pozik agertu dira jaiek orain arte emandakoagaz.
“Arrakasta handia”.
Eguenean [uztailak 18] eman zioten hasiera jaiei “turistifikazioaeren aurkako” elkarte batzuek gidatutako ekitaldi bategaz, eta txosna batzordetik azaldu dutenez “oso ondo” joan zen: “Modan dagoen gaia da eta egon zen eguraldia eta egin zen ordua kontuan izanik, nahiko jende erakarri zuen”.
Gai bera izan zuten oinarri Aitor Etxebarriazarraga, Janire Arrizabalaga eta Asier Galarza bertsolariek gidatutako bertso-poteoak zein gauean Kafe Antzokian Bloñ taldeak eskaini zuen kontzertuak; biek “oso jendetsuak” izan ziren eta antolatzaileentzat “arrakasta handia” izan zen. Atzoko [uztailak 19] Sara Zozaya eta Ke Leporen kontzertuek ere “pila bat jende” bildu zuela adierazi dute txosna batzordetik: “Gure aurreikuspenak guztiz gainditu ziren”.
Hirugarren egunean nahi bezain beste jende elkartu ez arren, antolatzaileak “ondorio argi bat” atera dute: “Gauzak antolatuta daudenean jendeak ez du bertaratzeko, ondo pasatzeko, inolako arazorik. Bestalde, antolakuntza eskatzen duenean, jendeak nahiago izaten du etxean gelditu”. Oro har, “errepikatzeko moduko” jaiak izan direla adierazi dute.
Bihar Baztarreko jaietan elkartuko dira, jaiak biribiltzeko: “Hor ez dago inkognita handirik, urtero funtzionatzen du. Egitaraua beti da berdintsua eta badakigu jendeak erantzungo duela”. Izan ere, gun osoko egitaraua prestatu du Baztarre Auzo Elkarteak Bermeoko Udalagaren laguntzagaz. Eguna umeei zuzendutako txokolatada eta jolasekin hasiko dute, eta 11:00etan Adabaki zirko ikuskizunagaz gozatuko dute.
Arratsaldea girotzeko, Kankinkabara Txistu Taldearen eta Kanta Kanta Lorue kantazaleen kalejira egongo da auzoan zehar. Musikak ez du etetenik izango, Rosin de Palo eta Belakoren kontzertuak izango baituzte.