Bermeok indarkeria matxista eta sexu erasoen biktimei arreta psikologikoa emateko zerbitzua izango du
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur [uztailak 19].
Aldundiak Bermeora zabaldu du indarkeria matxista eta sexu erasoen biktimei arreta psikologikoa emateko zerbitzu deszentralizatua. Gaur [uztailak 19] Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatuak eta Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak sinatu dute hitzarmena.
Hain zuzen ere, bulego bat jarriko dute Arreta Psikologikoko Programa emateko eta koordinatzeko talde profesionala jartzeko. Bertan, kasuen diagnostikoa eta balorazioa egingo dute, banakako arreta psikologikoa, artatutako kasuen jarraipena, tratatutako kasuen ebaluazioa, beste zerbitzu batzuetara bideratzea -hala badagokio-, Gizarte Zerbitzuekin koordinatzea eta jarraipena egitea, epaitegiek eskatutako txostenak egitea eta, beharrezkoa denean, ahozko epaiketetan peritu laguntza ematea. Horrez gain, mahai inguruak edota hitzaldiak antolatzeko gunea ere izango da.
Gehienez bost ordu izango ditu Arreta Psikologikoko Programak. Esnatu zerbitzua eguaztenetan dago Bermeon, 09:00etatik 14:00etara. Hala eta guztiz ere, ordutegia zerbitzua eskatzen duten pertsonen beharrizanetara egokitu daiteke. Lankidetza hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, gaurtik hasita.
Arantza Ormaza Berdintasun Zinegotzia zerbitzua Bermeon eskaini ahal izatearekin “pozik” agertu da. “Bermeoko Udalera sartu bezain pronto, Berdintasun Sailetik lantzen ibili garen proiektua da. Aukera ederra da Esnatu Bermeon izatea. Gutxi-gutxika ematen ari garen aurrerapausoen emaitzak ikusten ari gara, eta poztekoa da”, adierazi du Ormazak.