Guggenheim Urdaibai proiektuari uko egitea eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute
Nazioarteko sinadura bilketagaz Salomon R. Guggenheim Fundazioari Urdaibai Biosfera Erreserbaren "suntsiketari" uko egitea eskatuko diote Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak eta SEO/BirdLife-ek. 1.300.000 sinadura lortu gura dituzte.
Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak, SEO/BirdLife Espainiako Ornitologia Elkarteagaz batera nazioarteko sinadura bilketa abiatu du Salomon R. Guggenheim Fundazioari Urdaibai Biosfera Erreserbaren “suntsiketari” uko egin dezan eskatzeko. Bilboko Guggenheim museoaren urteko-bisitari kopurua oinarri hartuta, 1.300.000 sinadura lortzea jarri dute helburutzat.
Herri plataformatik azaldu dutenez, Urdaibai bera “museo bizia” da, dibertsitate biologikoaz, kulturalaz eta historikoaz betea. Guggenheim Urdaibai proiektuaren bi egoitzetako bat estuarioan eraikitzea “mehatxua” dela zehaztu dute: “Inpaktu kritiko eta itzulezinak sortuko ditu erreserbaren balioentzat, turismoak dagoeneko gainezka egin duen eskualde bateta”. Era berean, Guggenheim Urdaibai Stopeko kideentzat Urdaibain pinakoteka egoitza eraiki eta turistak “bidezidor ekologiko” batetik bideratzea ez da kontserbazio-helburuak betetzen direla bermatzeko “aukerarik onena”: “Jolas-jarduerek presio handia eragiten diete paduran babesa eta janaria bilatzen duten hegazti-espezieei”.
Elkartetik salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak “behin eta berriz” ahaztu dute eremu babestuaren helburua, hau da, espezieen eta bertan dauden habitaten kontserbazio-egoera onari eutsi eta, aldi berean, Busturialdearen garapen iraunkor eta ordenatuarekin bateragarri egitea: “Kontserbatzea, zaintzea eta errestauratzea da premisa”.
Sinadura bilketagaz Europako araudiak finkatzen duen bidea, hau da, tokiko biztanleek partekatzen dituzten eta barne hartzen dituen “alternatibak” bilatzea, “erabakitasun osoz” alboratzen dela salatu nahi dute. Era berean, Salomon R. Guggenheim Foundation-i jakinarazi nahi diote herritarrak “hauskortasun handiko eremu babestuaren eraldaketa atzeraezinaren aurka” daudela, proiektua ezartzeari uko egitea eskatzeagaz batera. Bilketagaz bat egin nahi dutenek, Internet bidez sinatu ahal izango dute.