Mende laurdena, danborraren erritmora
Atxurkulu Emakumeen Elkarteak bultzatutako Busturiko danborradak 25 urte beteko ditu aurten, eta urtemuga berezi hori egun guztiko egitarauagaz ospatuko dute, bihar [uztailak 13]: bazkarian 120 lagun batuko dira.
Donostiako martxa, Retreta, Hau dek hau... asko dira danborrada hitza entzutean gogora etortzen diren abesti eta doinuak. Ziur asko, denak ala denak urtarrilaren 20ko gauerdian errotutako ohitura den Donostiako danborradagaz lotzen dira automatikoki. Gipuzkoako hiriburukoa ez da baina, Euskal Herrian entzuten den danbor-hots bakarra, beste hainbat herritako plazetan ere bere lekua lortu baitu, tartean, Busturian.
Atxurkulu Elkarteak, Busturiko emakumeen “lehen elkarteak” —eta bakarrak— aurkeztu zuen herrian Donostikoa bezalako danborrada bat sortzeko idea duela 25 urte, busturiarrak elkartu eta herriak herriari eskaintzeko «ekintza parte-hartzaile» gisa: “Herritarrak beti egoten gara ekintzak, kontzertuak, dantzak… ikusten, eta elkartearen helburua parte-hartzea bultzatzea zen”. Emakumezko, gizonezko, ume zein nagusi, nahi duenak “ateak zabalik” izan ditu beti danborradagaz bat egiteko: “Lehenengo urtetik gizonek ere parte hartzen dute, eta auzo guztietako bizilagunak izan dira ongi etorriak, gehienak San Kristobalekoak bagara ere”.
Mende laurden beteko du aurten Busturiko danborradak, eta atzera begiratuta, danborradaren berri nola izan zuen gogoratu du Jaione de Perdigok, egungo zuzendariak: “Lehenengo urtean ikusi nituenean, hurrengo urtean bertan danborra jotzen egongo nintzela esan nuen, eta hala izan zen, urte batzuetan jotzen aritu nintzen”. Musika ezagutzak zituenez, aurreko zuzendariak kargua utzi zuenean, berari proposatu zioten hark utzitako tokia betetzea. 2008az geroztik, bera da danborradako zuzendaria. Sasoi horretara arte, danbor jotzaileak sukaldariz janzten ziren, “Donostian bezala”. Gaur egun, berriz, “eurenagoa” den janzkera eramaten dute, “arrantzalearena“.
Adin ezberdinetako herritarrak biltzen dituen ekimena izanik, gaztetxo eta helduen barneratze-prozesuak uztartzea “pixka bat endredatua” egiten zitzaion Perdigori, eta, horregatik, Maitane Zearretari aurkeztu zion umeen zuzendari lanetan laguntzeko proposamena. “Umeek beste erritmo bat behar dute ikasteko, eta dinamika oso ezberdinak sortzen dira”. Bi zuzendari, baina danborrada bakarra, egun berezian, San Kristobal jaietako emanaldian, elkarrekin ateratzen baitira guztiak.
Egindakoa ospatu
Zuzendariek, makila eskuartean dutela, izango dute nor zuzendu aurten ere. Adierazi dutenez, herritar “piloa” animatu dira danborradan parte hartzera: “48 nagusi eta 30 ume inguru izango gara, gu kontuan hartuta, 80 bat pertsona“.
Zenbaki polita bada ere, Atxurkulutik aitortu dute parte-hartzaileen kopuruan “gorabeherak” egon direla: “Umeak beti egon dira asko, baina nerabe bihurtzen direnean, utzi egiten dute. Oso gutxik jarraitzen dute”. Beste alde batetik, badaude heldutasunean danborradara bildu direnak ere. Nabarmendu dutenez, hutsune bat dago gazte eta helduei dagokienez. “30 eta 50 urtekoen artekoak animatzea falta da, guraso direnean, umeak apuntatzeaz gain, beraiek ere etortzea. Ez bada jende berria hasten, belaunaldien arteko erreleboa egotea zaila izango da”, onartu dute. Horregatik, 25. urteurren honetan, “egindakoa ospatu” nahi dutela azpimarratu dute, gero gertatuko dena “ikusteko dagoelako”. Urte luzez egindako bideagaz “pozik”, jaietako egitarauan danborradaren zain egoten direnei beraiekin bat egiteko deia egin diete, “mantentzea nahi badute behintzat”. Era berean, Atxurkulu Elkarteagaz gauza bera gertatzen dela azpimarratu nahi izan dute, elkarteak herriko ekimenetan —Erregeetan, Inauterietan, sankristobaletako txokolatada…— duen parte hartzeari balioa emateko.
Danborradagaz bizitakoa oroitu eta belaunaldi berriei transmititzeko helburuagaz, Altamirako Kultur Etxean erakusketa antolatu dute. Askotariko argazkien bitartez, 25 urteko ibilbideari errepasoa egingo diote bertaratzen direnek.
Egun guztian zehar
Altamiratik hasi eta San Kristobaleko plazara jaitsiera egin izan dute urte luzez, baina aurtengoa “berezia» izango da, hainbat berrikuntza eta ezustekogaz ospatuko baitute urteurrena. “Arratsaldera mugatu beharrean, egun guztian zehar joko dugu”. Ez dute jaitsierarik egingo —obrak daudelako—, eta, ondorioz, musikariak San Kristobalen bertan batuko dira. Iragarri dutenez, goizean pintxo potea girotuko dute, “abesti ez hain formalak” jota. Herria girotzeaz haratago, helburua danborradan bildutakoak “ondo pasatzea” dela zehaztu dute. Sankristobaletako herri bazkariak ere urtemuga izango du erdigunean: 120 lagunek izena eman dute, Altamirako tenis pistetara lekualdatu den bazkarirako.
Ospakizunak “betiko ekitaldiagaz” amaituko dituzte, bihar, 19:00etatik aurrera, plazan. Aurten ere, Tximeleta txarangaren laguntza izango dute: “Ez dakit zenbat urte daramatzagun beraiekin, baina feeling eta elkar ezagutza berezia dugu”. Urtero jotzen dituzten abestiez gain, biharko zenbait “sorpresa” prestatu dituzte, ekainaren erditik aurrera egindako entseguetan. Besteak beste, normalean jotzen ez dituzten “lau kantu berezi” eskainiko dituzte. Zer zehaztu ez duten arren, emanaldia amaitzeagaz batera, bertaratzen direnek bestelako “une bereziren bat” bizitzeko aukera izango dutela iragarri dute.
Herritarrei bihar egingo dituzten bi emanaldiekin bat egiteko gonbidapenagaz batera, antolatzaileek “aipamen berezia” egin diote Bermeoko Udalari: “Bermeoko Udalari esker egin dezakegu danborrada, danborrak uzten dizkigutelako. Guk ez dauzkagu, eta piloa eskertzen diegu lagapena”.