Funtsezko sektorea bultzatzeko apustuagaz bat eginez
Gernika-Lumoko Merkatu plazan Gernikako Piperraren inguruko Azoka Berezia ospatzen zuten bitartean, Gernikako Piperraren Eguna ospatu zuten zapatuan [uztailak 6], BBK Kliman. KM0 elikadura jasangarri eta osasungarria bultzatzea, lehen sektoreari laguntzea eta komunitate klimatiko partekatu baten sorreran aurrera egitea izan dute helburu.
“KM0 elikadura sustatu nahi dugu, iraunkortasunaren, ingurumenaren kontserbazioaren eta kontsumo iraunkorraren garrantziaz sentsibilizatzen den bitartean. Sektore hori funtsezkoa da ekonomiarentzat, eta BBK Klimatik lanean jarraituko dugu baserritarrei beren produktuak merkaturatzea eta kontsumitzaileekin harreman zuzena izatea ahalbidetuko dieten bideak eraikitzen jarraitzeko “, azaldu du Leire Zarate zentroko arduradunak.
Lehenengoz antolatu duten hitzordu hori “programazio bereziagaz eta espezifikoagaz” osatu zuten; sentsibilizazioarekin, kontzientziazioarekin eta jasangarritasunarekiko ezagutzaren sustapenarekin lotutako hainbat jardueraz gozatu ahal izan zuten bertan batu zirenek: “Jaiak Bizkaiaren etorkizun iraunkorraren alde lan egiten jarraitzeko ere balio izan du, herritarren kontzientziazioa eta ingurumen-sentsibilizazioa modu partekatuan sustatuz”.
Besteak beste, bisita gidatuan piper horren hazkunde-prozesua eta klima-aldaketak nola eragiten dion azaldu zieten, eta gero, Aitor Martinez Aspiazu EITBko Sukaldari lehiaketa gastronomikoaren 1. edizioko irabazleak showcooking saioa eskaini zuen. Piper perfektua frijitzeko teknikekin osagai hori protagonista duten errezeta batzuk egin, eta prestatutakoa dastatu zuten.
Bertoko eta sasoiko produktuen azokatxoa ere egon zen. “Kalitate handiko” sasoiko piperrak bitartekaririk gabe erosteko aukera eman zuten, eta, horrela, herritarrek bertatik bertara ezagutu zuten produktu horien atzean dagoen lana eta dedikazioa, ustiategi txikietan oinarritutako nekazaritza-ekoizpen eredu batetik eratorria, non baserritarrek “mimoz zaintzen” dituzten prozesuaren pauso guztiak: “Gaur egun, Gernikako piperra Bizkaiko bigarren baratze-labore garrantzitsuena da, letxugaren ondoren, eta Euskal Herrian ezagutzen den labore zaharrenetako bat da. Haziak eta lorpen-sekretuak mendeetan zehar belaunaldiz-belaunaldi pasatu dira, eta Bizkaiko historiaren parte dira. Gogoratu behar da Gernikako piperra Eusko Label Kalitate eta Jatorri Bereizgarria lortu zuen Euskadiko lehen produktuetako bat izan zela 1993an, eta 2007tik, gainera, Europa mailan aitortuta dagoela Babestutako Jatorrizko Izendapenaren bidez”.
Jardunaldia amaitzeko “plater nagusi gisa” McEnroek, pop nazionaleko talde karismatikoenetako batek, naturari lotutako bere kantuak eskaini zituen, kontzertu bermutean. Aurretik, Mi Hermana Korina taldeko Hugo Allende aritu zen.