Sankristobalak lekukoa hartuta datoz
Foruko San Kristobal eta Gernika-Lumoko Agarre auzoetan asteburuan ekingo diete jaiei. Busturian, Oizen eta Nabarnizen datorren astean elkartuko dira herritarrak, sankristobaletako ospakizun berezietan.
San Pedro jaiekin eman zioten uztailari ongi etorria Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat herritan, eta orain sankristobalek hartuko diote lekukoa arrantzaleen patroi nagusiari. San Kristobal Eguna uztailaren 10a bada ere, eskualdeetako zenbait herri eta auzotan gaur hasi eta asteburuan zehar ospatuko dituzte jaiak; beste udalerri batzuetan, berriz, datorren asteburuan murgilduko dira festetan.
Gernika-Lumoko Agarre auzoan izango dira jaiei hasiera ematen lehenak; 20:00etan dute txupina jaurtitzeko hitzordua, baina, aurretik, skate parkean batuko dira auzotarrak, apar jaian. Xaiborren disko-festagaz amaituko dute eguna, baina festak asteburuan jarraituko du. Kirola eta jana izango dira protagonistak bihar, tortilla txapelketa eta futbito zein saskibaloi partidak izango baitituzte aukeran bizilagunek. Gainera, Sukar musika-taldearen erromeria kontzertua egongo da, baina aurretik sardina janaldiagaz eta txokolateaz gozatzeko aukera izango dute. Eta, tortillatik sukalkira jauzi eginda, domekan ere janaria izango dute ospakizunen erdigunean. Urtero legez, egunean zehar sukalki lehiaketa eta osteko herri bazkarian elkartuko dira Agarreko auzokideak, gauean DJ Pako eta Jonen musika emanaldiekin jaiak datorren urtera arte agurtzeko.
Foruan San Kristobal baselizaren inguruan ospatuko dituzte izen bereko jaiak. Hirugarren urtez, paella txapelketan elkartuko dira foruarrak, bihar. Sari banaketa ostean, herri bazkarian batuko dira: ez da musikarik zein umeentzako herri jolasik faltako. Etzi, berriz, Urdaibai Dantza Taldearen emanaldiagaz gozatu ahalko dute.
San Kristobal egunean, eguaztenean bertan ere hitzordua jarri dute, bai Foruan, bai Busturian. Meza entzun ostean, foruarrak mahai inguruan elkartuko dira, hamaiketakoa jateko. Busturiarrak, bestalde, San Kristobal jaiei hasiera emango diete, txupina bota eta txistulariekin kalejiran aterata. Meza ostean, Irrintzi Alai dantza taldekoek emanaldia eskainiko dute, eta, jarraian, ibilgailu apainduen erakusketak hartuko du plaza. Ohi bezala, Atxurkulu Emakumeen Elkarteko emakumeek txokolatea prestatuko dute bertaratzen diren guztientzat.
Eguenean atseden hartu, eta barikuan, uztailaren 12an, ekingo diote berriz ere festari Busturiko San Kristobal auzoan. Arratsaldean, Bapatean Zirkoaren Baserriko Porrusalda antzezlana ikusteko aukera egongo da. Gauean, DJ Jaikide arduratuko da festa goizaldera arte luzatzeaz. Gainera, aurten ere ez da goizaldeko zaku lasterketa faltako.
Zapatuan, Busturiko danborrada izango dute jaien erdigunean, 25. urteurrena ospatuko baitute. Urtemuga horrek «zerbait berezia» eskatzen zuela ikusita, Atxurkulutik egun guztiko egitaraua prestatu dute. Goizean kalejiran irtengo da danborrada, Tximeleta Fanfarreagaz, “abesti ez horren formalak” jotzera. Herri bazkarian batuko dira gero, San Kristobal baselizan: “120 lagun inguruk izena eman dute; heldu zein umeak batuko gara”. Ohitura bihurtu den “ekitaldi formala” arratsaldean egingo dute, eta abesti berri batzuk eta ezustekoren bat edo beste ere egongo dela aurreratu dute. Sankristobalak Zazpizar, Xiberoots eta Jaikideren kontzertuekin agurtuko dituzte auzotarrek.
Oizen ere, jai.
Sankristobalek esanahi berezia hartuko dute aurten Oizen ere. Beste urte batez, Munitibarko Txopitturri Guraso Elkarteak San Kristobal jaia antolatu du uztailaren 14rako, eta aurtengoa “berezia” izango dela iragarri dute: “I. Oizko Ermitara Igoera Bertikala mendi lasterketak gure egunagaz bat egingo du”. Azaldu dutenez, jan-edanik ez da faltako mendi tontorrean, eta Obieta aita-semeak arduratuko dira eguna musikagaz girotzeaz. Gainera, kamisetak, bizkotxoak eta bestelako produktuak erosteko aukera ere egongo da bertan.
Antolatzaileen helburua “inguruko herritar guztiak” Oiz inguruan elkartzea da, eta lasterketak eta jaiak bat egiteak hori ahalbideratuko duela uste dute: “Zoragarria da; proposamena jaso genuenean besoak zabalik hartu genuen, alde batetik, gure txikientzat izugarrizko eredua izan daitekeelako kirola eta mendia uztartzen dituen ekimen batekin bat egitea, eta, bestetik, gero eta herri ekimen gutxiago dauden honetan, bi herri ekimen elkartzea gozamena delako”. Jaialdiaren bilakaeraz hausnartzean, lehen “askoz indartsuagoa” zela nabarmendu dute: “Pixkanaka gutxitzen joan da, eta espero dugu, bi ekimenak elkartuta, indar berri bat sortu, eta berriz ere goranzko joera hartzea”. Txopitturritik Oiz inguruko herritar guztiei jaialdiagaz bat egiteko gonbidapena luzatu nahi diete, “elkarrekin egun alai bat igarotzeko”.
Era berean, uztailaren 14rako hitzordua dute nabarniztarrek ere: San Kristobal ermitaren inguruan ospatuko dituzte jaiak.