Erasoei aurre hartzeko prest
Busturiko Udalak eraso matxisten aurrean jarduteko gida aurkeztu du.
Sankristobalen atarian, Busturiko Udalak jaietan gerta litezkeen eraso matxisten aurrean jarduteko gida aurkeztu du. Azaldu dutenez, festen “antolakuntzan dagoen ororen ardura” izango da erasoak identifikatzea. Hala ere, jaiek iraun bitartean, gauero txosnagunean arduradun jakin bat egongo da, erasoren baten aurrean protokoloa aktibatzeko ardura izango duena. Erasoari lehen arreta ematen dion jai batzordeko kidea emakumea izatea lehenetsiko dela adierazi dute.
Gidaren helburua, eraso matxisten aurrean lehen erantzuna emateaz gain, prebentzio lana egitea ere izango da. Horretarako, esku-hartzea eskatu dezaketen egoerak identifikatzen saiatuko direla adierazi dute: “Salaketarik ez badago ere, inguruan egongo gara, arin ekiteko, laguntza behar den kasuetan”. Sentsibilizazio eta prebentzio lana gauzatzeko, Busturiko Jai Batzordeak kartel eta pankarta informatiboak jarriko ditu, pankarta aldarrikatzaile eta iragarki prebentiboekin batera.
Era berean, herritarrei, erasoren bat pairatuz gero, norengana jo dezaketen eta nola jardungo duten azaldu gura diete: erasotuari, txosnagunera hurbiltzean, boluntarioek arretaz entzun eta espazio seguru bat eskainiko diote, bere esku dituen aukerak azaltzeagaz batera: “Biktimari dituen aukerak eta baliabideak azalduko zaizkio, erabakietan eragin barik”. Erasotuak salaketa jarri nahi izanez gero, larrialdi zerbitzuetara edo Busturiak eskaintzen dituen beste baliabide batzuetara —Gernika-Lumoko Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzaren emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko arreta…— jotzera lagunduko diote boluntarioek, “erabakia errespetatu eta zalantzan jarri barik”.
Irizpide orokorrak:.
Une bakoitzeko “intentsitatearen eta egoeraren arabera”, arduradunek erabakiko dute zer baliabide erabiliko diren, baina erasotzaileen aurrean jokatzeko gutxiengo batzuk finkatu dituzte, adibidez, erasoen aurrean gaitzespena erakustea, norbere burua arriskuan jarri gabe; biktima artatzean zentratzea eta, norbere burua arriskuan ikustean, laguntza eskatzea.
Udalak zabaldutako dokumentuaren irizpide orokorren barruan, “biktimaren identitatea babestea, diskrezioz eta lasai jokatzea, elkar zaintzea eta diskurtso morbosoak ez elikatzea” nabarmentzen dira: “Detaileak ez dira beharrezkoak”.