Galdakao-Usansoloko Ospitalean arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunea ezartzeko eskatuko dute
Bermeoko Udalak Galdakao-Usansoloko Ospitalean oinarrizko pedriatria zerbitzu bat eta arrisku baxuko erditzeen artatze-zerbitzuren aldeko udal-mozioa onartu du EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin.
Bermeoko Udalak Galdakao-Usansolo Ospitalean oinarrizko pedriatria zerbitzua eta arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneak ezartzeko eskatuko dio Osasun Sailari. EH Bildu eta Guzanek Barrualdeko Egitura Sanitario Integratuaren mozioa aurkeztu zuten aurreko asteko osoko bilkuran, eta gehiengo osoz onartu zen udal-gobernuko alderdien aldeko botoekin. EAJ-PNVk, berriz, kontra bozkatu zuen.
Arantza Ormaza Berdintasun Saileko arduradunak irakurritako adierazpenak Bizkaiko Egitura Sanitario Integratuei egiten zien erreferentzia; izan ere, Barrualdeko ESIa da eremu geografiko handiena hartzen duena: 300.000 biztanle baino gehiago, sei bailara eta 70 udalerritan banatuta. “ESI honetan kokatzen da Bermeo gure udalerria eta Usansoloko Ospitalea da guretzako erreferentziazko ospitalea, gure herritik 41 kilometrora dagoena”. Osasun-arretaren antolamenduari dagokionez, ESIetako biztanle kopurua kontuan hartuta, ohikoenak diren oinarrizko eta konplexutasun gutxiko zerbitzuak desentralizatu egiten dira, “ahalik eta arreta indibidualizatuena” emateko. Konplexutasun eta espezializazio handienetako prozesuretako zerbitzuak, berriz, espezializazio handienetako ospitaleetan zentralizatzen dira.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hamabi akutuen ospitaleetatik bosgarrena da Galdakao-Usansolokoa, bai biztanle eta ohe kopuruari dagokionez, bai azpiegituraz eta artatzen diren zerbitzu espezializatuen aldetik. Hala, ospitaleak duen “osasun-arretaren gabezia” lehen lerrora ekarri nahi izan zituzten: “Ez izatea oinarrizkoak diren pediatria eta erditze eremu bat. EAEko 12 ospitaleetatik zazpik badute pediatria eta erditze gune bat, baina gure ospitaleak ez. Ginekologiako zerbitzu bat badugun arren, ez dago ez pediatria zerbitzurik, eta, honen ondorioz, erditzeak artatzeko gunerik ere ez. Egoera horrek zuzeneko eragina du gure herritarren osasun-arretan”. Izan ere, ume bermeotarrek Gurutzetako Ospitaleraino joan behar dute —joan-etorrian 76 kilometro gehitu behar zaizkio Galdakao-Usansolora daudenez gain— larrialdi edo ingresu beharra dutenean. “Bereziki azpimarragarria da familia zaurgarrientzat suposatzen duena: distantzia, trafikoa, lan-baldintzak, garraiobideen eskuragarritasuna, ordaindutako parkinen diru-gastuak…”. Gainera, haurdun dauden emakumeek ez dagokien beste ESI bateko ospitalera jo behar izaten dute: “Gurutzetako Ospitale erraldoira”.
Erditze-ereduak.
Europako beste hainbat herrialdetan gertatu bezala, emakumeen aldarriei esker Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan ere aldatzen hasi dira erditze-ereduak, gomendio, bibliografia eta legedi berriak atera baitira erditze-unea gehiago zaintzeko. Erditzeetan artatze indibidualizatuak “inpaktu oso handia” du bizi kalitatean eta bizi-esperientzian, horregatik, apurka-apurka ospitaleen egiturak eta artatzeko erak egokitzen ari dira: “Azken urteetan, gure ospitale batzuetako espazioak berrantolatu eta egokitu dituzte, intimitatea eta mugimendua ahalbidetzen duten espazioak sortzeko eta gorputz-jarrera desberdinak hartu ahal izateko tresna eta gailu berriak erabiltzen hasiak dira. Gainera, Arabako eta Gipuzkoako zenbait ospitaletan, ebidentzia zientifikoaren arabera onuragarriak diren bainuontziak ezarri dituzte —minak arintzeko baliagarriak dira—. Bizkaiko ospitaleetan ez dago bainuontzirik.
Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan pediatria eta arrisku baxuko erditzeak deszentralizatuta daude: “Bizkaian, biztanle gehiago bizitzeaz gain, Gurutzetako Ospitalean eta Basurtuko Ospitalean artatzen dira Bizkaia osoko erditze guztiak”. Arrisku handiko nahiz arrisku baxuko erditzeak, denak leku berean artatzen dira, eta horrek emagin eta ginekologoen lan-jarduna baldintzatzen duela salatu dute, “arrisku baxuko erditzeen arreta indibidualizatuaren kaltetan”.
Eraikin berria.
Usansoloko Ospitalean 30.000 metro koadroko eraikin berri bat eraikiko dute hemeretzi espezialitateko kanpo kontsultak, medikuntzako ikasleentzako irakasgunea, administrazioko bulegoak, liburutegia eta etxez-etxeko ospitalizazio zerbitzua bertan kokatzeko. Osasun Sailak 28.000.000 euro bideratuko ditu ospitaleratzeko eraikina arintzera, espazio zabalak sortu eta hobekuntzak eginez. Berrikuntza horien artean pediatria zerbitzuari eta arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneei aipamenik ez egitea salatu dute: “Usansoloko ospitaleko gabezi historiko hauek betetzeko unea soilik, obrak dakartzan espazioaren berregiturakera une hau izan daiteke”.
Erditze-momentu zaurgarria babesteko helburuagaz, Bermeoko Udalak bat egin du gaur egungo gomendioak betetzen dituzten arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneak eskatzeko ekimenagaz, eta Osasun sailburuagaz harremanetan jartzeko konpromisoa hartu du.
Profesional falta.
Jeltzaleek udal-mozioaren kontra bozkatu zuten, Usansoloko Ospitalera eta Gurutzetako Ospitalera dagoen distantzia “oso antzekoa” dela argudiatuta. Horrez gain, jaiotza-tasei ere egin zioten erreferentzia: “Zerbitzu berri bat eskatzen ari gara, jakinda jaiotza-tasa beherantz doala jakinda”. Erditzeei arriskuei dagokionez, arrisku txikiko erditzeak deszentralizatzeak duen arriskua aipatu zuten, horiek arrisku handiko bihurtzeko aukera bagoelako.
Pediatria zerbitzua ezartzea aipatzean, jeltzaleek udalerriko egoera gogoratu zuten jeltzaleek: “Udal honetan badakigu profil horiek aurkitzeko zer zailtasun dagoen, pedriatrak faltan ditugu, eta oraindik beste pediatria zerbitzu bat ezartzeko eskatzen ari gara. Horregaz ez zaigu anbulategietako pediatria hankamotz geratuko? Azkenean ospitaleak hornituko ditugu profesionalekin, eta herrietan ez dira egongo. Kontraezan bat ikusten dugu”. Gurutzetako Ospitalea mundu mailan 128. postuan dagoela gogoratu zuten, eta profesionalak bi ospitaletan banatzeko hori “desegitea” ez dute begi onez ikusten. “Pediatren kasuen hurbiltasuna bermatu behar dugula uste dugu, horregatik, Bermeoko pediatria indartzearen mozioan alde bozkatu genuen, baina uste dugu mozio honetan aipatzen den zerbitzuak, egoera hobetu beharrean kaltetu egin dezakela”.