Amarralekuak esleitzeko araudia berrikusteko eskatuko dio udalak Eusko Jaurlaritzari
EH Bildu eta Guzanek osoko bilkuran aurkeztutako Portu Zaharra Elkartearen mozio testua gehiengo soilez onartu zen. EAJ-PNVk mozio alternatiboa aurkeztu zuen: hori ere gehiengo osoz onartu zen, jeltzaleen aldeko botoekin eta gobernu taldeko alderdien abstentzioagaz.
Bermeoko Udalak arrantza-portuetako amarralekuak esleitzeko agindua berrikusi eta egokitzeko izapideak martxan jartzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari. EH Bildu eta Guzanek Portu Zaharra Elkartearen mozio testua aurkeztu zuten iragan egueneko osoko bilkuran, eta gehiengo soilez onartu zen, gobernu-taldeko alderdien aldeko botoekin. EAJ-PNV berriz, abstenitu egin zen, mozio alternatiboa aurkeztu baitzuen.
Euskal Herriak itsasoagaz duen lotura ogibide hutsetik haratago doala nabarmentzen du mozioak. “Euskaldunok aspalditik izan dugu itsasoa lantoki, baina itsasoari lotutako jarduera ez da inoiz sektore ekonomiko hutsa izatera mugatu. Balio kulturala izan da, euskaldunon kultura-ondarearen gordailua”. Hala baina, euskal kostaldeko, eta batez ere, portuetako errealitatea aldatuz joan da, tartean, kirol-nabigazioa eta kirol-portuak sustatu direlako: “Horrela, arrantza-portu izan ziren asko kirol-portu bihurtu dira, eta errealitatea aldatzearekin, arazo eta desoreka berriak sortu dira”. Sortutako arazoen artean amarralekuen auzia nagusitu da.
Ekonomiako, Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak amarralekuak esleitzeko prozedura eta horiek erabiltzeko araubidea arautu zuen: “2017ko urriaren 19ko 5330 aginduaren helburua arauz kanpoko egoera bat erregularitzatzea, eguneratzea eta amarralekuak erabiltzeko baimen-prozedurak arautzea zen”. Hala ere, aginduaren ezarpenak “kezka eta ezinegona” sortu zuen euskal kostaldeko herrietan. Kezka nagusia aginduaren 14. artikuluan ezarritako “esleipen-irizpideeen zehaztugabetasunak” eragin du. Artikuluaren arabera, esleipena egiteko kontuan hartuko dira “ontziaren neurri zehatzak” —luzera, zabalera eta sakonera—, eta lehentasuna emango zaie eskaera egitean ontzia duten eta horren neurriak amarralekuko neurrietara “hobekien egokitzen diren ontziei”. Eskatzaileek artean baldintza berdinketa balego notario aurrean zozketa egingo litzakela ere zehazten du araudiak.
Plazarik gabe.
Agindua ezarrita dagoen portuetako amarratzaileek salatu dutenez baina, “oinarrietan jaso gabeko irizpideak” jarraitu dira: “Plazarik gabe geratu diren ontziek baino aprobetxamendu hobea ez duten plazak esleitu dira, edo berdinketa-egoera batzuk ez dira notarioen aurrean ebatzi”. Irregulartasun horiek ondorio judizialak izan dituzte, Donostiako eta Plentziako esleipenak, esaterako, baliogabetuta gelditu dira. Bermeon esaterako, eskariak eskaintza hirukoizten du, eta urte luzez ontzia uzteko amarralekua zuten erabiltzaile askok
Horrez gain, esleipenetan antzinatasuna irizpidetzat hartzea eskatu dute, portuek “historikoki bete duten funtzio sozialaren jarraipena” bermatuta gera dadin. Gatazkak irtenbidea baduela adierazi dute Portu Zaharra Elkartetik: elkarrizketa. “Inor gutxik ezagutzen du portuetako egoera amarratzaileek beraiek baino hobeto, gehienak eguneroko erabiltzaileak baitira”. Elkarte askok “ibilbide luzea” dute portuen kudeaketan, eta uste dute arau berria osatzeko prozesuan ez direla aintzat hartuak izan.
Osoko bilkuran mozio testua onartuta, udalak agindua berrikusi eta egokitzeko izapideak abiatzeko proposatuko dio Eusko Jaurlaritzari, “sortu den gatazkaren iturburuan dauden irizpideak zuzenduz”. Berrikusketa prozesua “gardentasunean eta partaidetzan” oinarritzeaz gain, Euskadiko Kirol Portuak kokatzen diren udalerriekin elkarlanean garatzea eskatuko dio udalbatzak Jaurlaritzari: “Horretarako Portuko Udal Batzordeak sortuz”. Era berean, aurreikusiak dauden esleipen-prozesuak eten eta amarraitzaileen elkarteekin elkarrizketa hastea eskatuko dute.
Aginduaren egokitze lanetan herri eta portu bakoitzaren “egoera desberdina” kontutan hartu behar dituela azpimarratu dute: “Arauak tokian tokiko errealitatea aintzat hartu eta horretara egokitzeko aukera eskaini behar du, betiere herrien eta herritarren artean bereizketarik sortzen ez bada”. Azaldu dutenez, amarralekuen esleipenean portua dagoen herriko bizilagunek lehentasuna izatea nahi dute: “Lehenik, herrian erroldatuta daudenak —errolda zaharrena dutenak lehenik, eta gutxienez urtebeteko errolda dutenak—, ondoren, eskualdeko herrietan erroldatuta daudenak; Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako beste herrietan erroldatutakoak joango lirateke gero, eta, azkenik, gainontzeko autonomia erkidegoetan erroldatutakoak. Antzinatasuna ere irizpide bihurtzea nahi dute, itsas kostaldeko ondare materiala eta inmateriala berreskuratzen edo kontserbatzen duten ontziei lehentasuna emate aldera.
Amarraleku kopurua handitu.
EAJ-PNVk portuko erabiltzaileen kezkagaz bat datorrela adierazi du, baina jeltzaleen ustetan araudi aldaketak ez du arazoa konponduko: “Eskariak eskaintza hirukoizten duenean, hirutik bi plazarik gabe geratuko dira, eta deialdiaren agindua edo oinarriak ez dira nahikoak izango izango deialditik kanpo geratzen direnentzat”. Horregatik, EH Bildu eta Guzanek aurkeztutako mozioan abstenitu eta mozio alternatibo bat aurkeztu zuten. Mozio hori ere gehiengo soilez onartu zen, jeltzaleen aldeko botoekin eta udal gobernuko alderdien abstentzioagaz.
Alderdi jeltzaleak Artzaren aurrean amarralekuak handitzeko proiektua lehenestea iradoki zion udal gobernuari osoko bilkuran. Izan ere, uste dute funtsezkoa dela Bermeoko portua “errealitate eta behar berrietara egokitzea” eta herriaren garapenerako aukerak sortzeko proiektu bat sustatzea. Jeltzaleen mozioak bilakaera sozioekonomikoak herritarren ohiturak, beharrak eta eskaerak aldatu dituela aitortzen du. “Edozein motatako araudi, ordenantza, dekretu edo prozedura administratiboak etengabe berrikusi eta egokitzea eskatzen duten aldaketak; portu-sektorea kanpo ez dagoen egokitzapen-beharra”. Portuko Udal Batzordeak sortzeagaz bat dator EAJ, “berrikusten-prozesua gardentasunez eta EKPko portuak kokatzen diren udalerriekin lankidetzan egin dadin”.
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote aisialdirako nautikari aplikatu beharreko araudia eguneratzen jarraitu eta “gaur egungo egoeretara egokitzeko”. Modu berean, kirol-portuen kudeaketan “etengabeko hobekuntzaren aldeko konpromisoarekin jarraitzera” animatu dute jaurlaritza, portu-sektorean inplikatutako sektore ekonomiko, sozial eta profesionalekin partaidetza indartuz.