Segurtasuna indartzeko asfaltatze lanak bukatu ditu Busturiko Udalak
Bi tartetan jardun dute: Altamira eta Lekosaizko biribilgunearen arteko bidean eta San Antonioko bihurgunean. Zorua berritzeaz gain, bide-segurtasuna bermatzeko abiadura-murriztaileak ere jarri dituzte.
Busturiko Udalak amaitutzat eman ditu Altamira eta Lekosaizko biribilgunearen arteko bideko eta San Antonioko bihurguneko asfaltatze lanak. Egoera txarrean zegoen zorua berritzeaz gain, abiadura-murriztaileak ere jarri dituzte, “bide-segurtasuna bermatzeko”.
Asfaltatze lanez haratago, bidearen ertzak garbitu dituzte, zoru-kota berrietara egokitzeko erregistroak eta saretak handitu dira, egungo zorua saneatu da, oinezkoentzako pasealekua eta bidegorria margotu dira, abiadura-erreduktoreak ipini dira eta bideak margotu eta seinaleztatu dira. “Jarduketa honek legegintzaldiko lehen urtean hasitako bideak hobetzeko ildoa jarraitzen du. Herriko bideak egoera onean mantentzea da gure helburuetako bat; izan ere, Busturian, auzo asko sakabanatuta egonik, mugikortasuna eta irisgarritasuna baldintza garrantzitsuak dira gure egunerokoan. Udal bide horietan segurtasuna indartzea, oinezkoentzat zein ibilgailu eta bizikletentzat, faseka egingo doguzen hobekuntzak dira “, azpimarratu du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak.
Udalak bi tartetan jardun du; lehenengoa, Bidetxeko landa-gunetik, Altamira eta San Bartolome auzoak barrualdetik lotzen dauzen bidea izan da, bereziki oinezkoek, bizikletek eta ibilgailuak erabiltzen dutena. Errepide hau Lekosaizko errotondara iristen da. Asfaltatutako bigarren zatia San Antonioko bihurgunea da, bereziki udan erabiltzen dena. Obra burutzeko aurrekontua 107.324,77 eurokoa izan da. Azaldu dutenez, bideak mantendu eta hobetzea legegintzaldiko programaren parte da, baina inbertsio ekonomiko handiak eskatzen dituenez, “hainbat ekitaldi ekonomikotan” planifikatuko dute. Aurreratu dutenez, baldintza txarrenetan dauden bideetatik hasiko dira eta bizilagun kopuru handienari eragiten eta teknikoki bideragarriak diren horiekin jarraituko dute.